Sortu legeztatu izana ez dute Espainiako Estatuaren egitura guztiek ondo hartu. Ezin bestela izan. Presoak gai hartuta egindako dokumental bati Donostiako Udalak diru laguntza bat ematea legez kanporatzea eskatzeko arrazoia izan daitekeela ohartarazi du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. Bi mezu daude hor. Bat Konstituzionalari eta Espainiako iritzi publikoari: ETAren aurkako borrokan ez dutela amiñi bat atzera egiteko asmorik. Eta, bigarrena, ezker abertzaleari eta Euskal Herriko iritzi publikoari: legez kanporatzeen mehatxuak hor jarraitzen duela, eta kontuz ibiltzeko.
Funtsean, argi utzi nahi dute haiek zehazten dutela agenda politikoa (hauteskunde errolda konstituzionalisten alde jartzeko proposamenarekin bezala). Nabarmendu nahi dute legezkoa izateak ordain politiko bat duela, eta haien esku dagoela prezioa jartzea. Azken finean, euskal herritarrek etorkizuna erabakitzeko eskubidea trabatzea da xedea, badakitelako, ekonomikoa ez ezik, erreskate politikoa ere beharko duela Espainiak egunen batean.
Hizpideak
Mehatxuak Madrildik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu