Bost urte bete dira kapitalismoaren krisi finantzariorik larriena hasi zenetik. Subprime edo zabor hipoteken burbuila lehertu zen AEBetan, eta bankuen arteko maileguen merkatua bat-batean likideziarik gabe geratu zen, urteetan bankuek eurek sustatutako arrisku handiko operazioen ondorioz. Europako Banku Zentralak 200.000 milioi euro baino gehiago utzi zizkien finantza erakundeei egun haietan. Munduko beste hainbat banku zentralek ere antzeko erantzuna eman zuten, sistema kapitalistaren oinarrietako bat, finantza sistema, ez hondoratzeko.
Artean urruti sumatzen zuten herritarrek krisiaren eragina. Baina bost urteren ostean erakutsi du, ordea, haiek ordainduko dutela finantza sistemaren gehiegikeriak sortutako zuloa, besteak beste, osasun, pentsio sistema eta hezkuntza publikoaren kaltean. Bankuen krisiak porrotaren atarian jarri ditu hainbat gobernu, besteak beste, Grezia eta Espainia. Eta euroaren geroa, gaur egun, ez da batere ziurra. Gero eta gehiago dira euroa desagertu egingo dela dioten adituak.
Galdera asko ditu erantzun gabe egungo krisiak. Kapitalismoaren krisi ziklikoa baino gehiago krisi sistemikoa dela entzuten ari zaie ekonomialari askori, eta beste mundu baten atarian egon ote gaitezkeen hipotesia sinesgarria da jadanik. Beharbada, kapitalismoaren ardatzetako batek, kapitalaren metatze eta hazkunde etengabeak, egunen batean jo behar zuelako goia. Ezin delako etengabe hazi baliabide mugatuak dituen ingurune batean. 1929ko crack-aren ostean, kapitalismoaren inoizko krisirik larriena hasi zen duela bost urte. Beharbada, azkenekoa.
Hizpideak
Munduaren nora eza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu