Espainiako bankuei Europak txeke zuri bat eman balie bezala agertu zen igandean Mariano Raxoi. Gobernuko presidenteak azken asteetan hainbat aldiz jan behar izan du hitza, egindako iragarpenak hurrengo egunerako motz geratzen baitziren, txarrerako. Zapateroren krisia bezala, Raxoiren ahotik ez dugu entzungo erreskatea. Baina Europaren laguntza, hainbeste aldiz ukatua, premiazkoa dutela aitortu behar izan dute. Eta, egoera horretara iritsita, herritarrei «baldintza ezin hobeak» saltzen saiatu dira.
Astelehenak, ordea, egoeraren iluna erakutsi du. Europak erreskatea defizit publikoaren murrizketarekin lotu eta txeke zuriak baldintzak dituela argitu du, troikak jarraipen zehatza egingo dio bankuen berregituraketari, eta arrisku sariak goraka jarraitzen du.
Hurrena Italia izango dela pentsatuz kontsolatuko dira hainbat. Aurretik, baina, beste batzuk ere izan ziren. Eta, txarrenean, Greziak euroa utzi beharko balu, zer neurri hartu eztabaidatzen ari da Europako Batasuna. Kutxetatik dirua ateratzeari mugak jartzea, hasteko.
Hizpideak
Txekea, zenbaki gorriekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu