Hizpideak
Urumea
Uraren bortitzak hartu zuen Urumea arroa duela sei hilabete. Pare bat hilabetean egin ohi duen euria bota zuen bi egun eskasean, eta ibai estuak ezin izan zion eutsi. Zabaldu zen han-hemenka, eta aspaldiko uholderik larrienak eragin, Goizuetatik hasita Donostiaraino. Ibaiak berezko ekosistema du uholde eremua, ur emari handiari eutsi ezin dionean ura askatzeko erabiltzen duen tokia. Urumean —Euskal Herriko beste arro ugaritan bezalaxe— eraikinez eta azpiegiturez bete dira eremu horiek, eta urak berea exijitzen duenean komeriak izaten dira. URA agentziako zuzendariak gogoratu du Hernani eta Donostia artean eremu «oso arriskutsuetan» eraiki izan dela. Eta deia egin du etorkizunean halakorik berriz gerta ez dadin. Ez da Francoren garaiko akatsa, ordea. Hernani, Astigarraga, Martutene eta Loiolan porlan asko bota da azken urteotan. Eta ez etxeak egiteko bakarrik. Urumeako autobidea, Donostiako saihesbidea, AHTa... Hirigintza plan horiekin, ordea, eguraldiarekin bezala gertatzen da orain: zerutik heldu direla dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu