- Ekonomia-Ekintzailetza
- Eskubide sozialak
- Etxebizitza
- Gazteak
- Giza eskubideak
- Hezkuntza
- Hezkuntza
- Zientzia Politikoak
Europako gazteen amorrua karrikara atera da, bizimodu duin baten eskean
Europa osoan pizten ari dira gazteen protestak: Frantzia, Italia, Albania, Belgika, Portugal, Espainia... Etxebizitza, lana eta hezkuntzarako eskubideak aldarrikatzen dituzte mobilizazioetan.
Europan piztu diren protestak ditu hizpide Berriketan podcastak. Karrikaraclosekalera protesta egitera atera diren gazteen mobilizazioaren atzean zer dagoen aztertu dute saio berrian. Frantziako lizeo ikasleen protestak izan ziren abiapuntua. Gero Poliziaren oldarraldi bortitzak etorri ziren. Suak Europa osora zabaldu ziren ondoren: Albania, Italia, Belgika, Portugal, Espainia... Leire Casamajou Elkegarai eta Aitor Garmendia Etxeberria BERRIAko kazetariekin mintzatu da Iker Tubia.
«Etxebizitzarako eskubidearen alde, murrizketen kontra, bizitzaren garestitzearen aurka... Etorkizun duina nahi duen gazteen belaunaldia da kalera atera dena». Iker Tubia kazetariak herrialdez herrialde zabaltzen ari den protesta olatuari erreparatu dio: «Urriaren 17an, Parisko Errepublikaren plazan, milaka lagun elkartu ziren bizitzaren garestitzearen kontra. Poliziaren erantzuna oso bortitza izan zen, eta istiluak piztu ziren. Hilabete lehenago lizeoetako ikasleek abiatutako protestak zabaldu egin dira, eta baita eskariak ere. Ehunka mila lagun atera dira kalera bizimodu duina eskatzera».
Poliziaren oldarraldia
Leire Casamajouk xehetasun gehiago eman ditu: «Ikasleek abiatu zuten protestari jadanik batu zaizkie unibertsitateko ikasleena, irakasleena, sindikatuena... Manifestazioak masiboak dira. Jaka Horiak ere sartu dira. Bizi baldintzak gogortu izana eta zerbitzu publikoak murriztu izana salatzen dute». Kazetariak azaldu duenez, istilu larriak izan dira: «Poliziak gogor erantzun du, bortizkeriaz. Bi hildako izan dira manifestazioen testuinguruan. Eta neurriak gogortu dituzte; etxeratze agindua ezarri dute toki batzuetan, eta manifestatzeko debekua ezarri».
Manifestarien eskariak aintzat hartu beharrean, erantzun zigortzaileak eta zorrotzak ezarri dituzte agintariek, herritarren eskubideak urratuz. Giro politikoa aski nahasia dela uste du Casamajouk: «Emmanuel Macron presidenteak salatu du muturreko talde ezkertiarrek bultzatutako matxinada bat dela. Frantzia Intsumisoari leporatu dizkio protestak».
Ipar Euskal Herriko egoerari ere erreparatu dio kazetariak: «Baionan ildo beretik doaz mobilizazioak. Aurreko asteburuan bost mila lagun elkartu ziren protestetan, eta istilu ttipi closetxikibatzuk izan ziren. Prokuradoreak iragarri du zazpi atxilotu daudela». Frantzian eta Ipar Euskal Herrian beste protesta deialdi bat egina dute larunbaterako.
Beste hamaika txokotan ere bai
Europako beste hamaika txokotan ere protestak izan dira azken egunotan. Aitor Garmendiak protesten errepasoa egin du. Haren ustez, hein batean, lotura bat dute mobilizazio guztiek: «Aurretik halako protestak piztu dira munduko beste lurralde batzuetan. Z belaunaldiaren mugimendua dago atzean; 1997. eta 2012. urteen artean jaiotako gazteak dira. Marokon, Nepalen, Madagaskarren eta beste hainbat herrialdetan ere atera dira kalera, eta gobernuak erorarazi dituzte. Orain Europara iritsi da mugimendu hori».
Oro har, hezkuntza, etxebizitza eta lan duina eskatzen dituzte. «Albanian hezkuntza duin baten alde atera dira orain, baina protestak lehenagotik datoz; gobernuaren aurkako mugimendua iaztik dator». Italian, bereziki bizitzaren garestitzea salatzen ari dira gazteak: «Etorkizuna ukatu dietela salatu dute. Bereziki iparraldean izan dira protestak: Bolonian, Milanen eta Turinen». Urriaren 17ko Mugimendua izeneko kontu bat sortu dute mobilizazioaren antolatzaileek, eta iragarri dute elkarretaratzeak egingo dituztela larunbatero, «gobernua erorarazi arte». Belgikan, berriz, hezkuntza erreforma izan da protesten abiapuntua: «Gobernuak murrizketak ezarri nahi ditu, lan kargak areagotuz eta tasak garestituz... Ikasleekin bat egin dute protestetan sindikatuek eta herritarrek».
Portugalen eta Espainian etxebizitza eskubidea aldarrikatzea da protesten xedea. «Madrilgo Puerta del Solen kanpaldia ezarri zuten. Portugalen ere aspalditik datorren arazoa da etxebizitzarena». Porton eta Lisboan ezarritako kanpalekuak hustu egin ditu Poliziak.
Jatorrizko artikuluak
-
Gazteek altxatu dute Europa
Iker Tubia |
|
-
Frantziako eta Italiako gobernuak protestak indarkeriarekin lotu nahian ari dira
Beñat Mujika Telleria - Aitor Garmendia Etxeberria |
|