Frantziako eta Italiako gobernuak protestak indarkeriarekin lotu nahian ari dira

«Indarkeria ala errepublika» hautatu behar dela esan du Lecornu Frantziako lehen ministroak, eta iragarri larunbatean Polizia «masiboki» hedatuko dutela. Italiako Gobernuak bostehun soldadu bidaliko ditu Milanera, protestei aurre egiteko.

Polizia eta manifestariak aurrez aurre Milanen, larunbatean. MATTEO CORNER / EFE
Polizia eta manifestariak aurrez aurre Milanen, larunbatean. MATTEO CORNER / EFE
Beñat Mujika Telleria - Aitor Garmendia Etxeberria
2026ko urriaren 20a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gobernuaren aurkako protestei zilegitasuna kentzeko saiakera betean dira Frantziako eta Italiako Gobernuak. Gaur Sebastian Lecornu Frantziako lehen ministroak salatu du manifestazioak muturreko talde ezkertiarrek bultzatutako matxinada bilakatu direla. Harago joan da, eta Asanblea Nazionalean emandako hitzaldi batean esan du «indarkeria ala errepublika» aukeratu behar dela. Gaineratu du orain lehentasuna «ordena berrezartzea» dela. Italian ere manifestazioak egin dituzte asteburuan, bizitzaren garestitzea salatzeko. Bada, Guido Crosetto Italiako Defentsa ministroak gaur adierazi du protesta horiek Mendebaldearen aurkako «gerra hibrido» baten parte direla.

Frantzian eta Ipar Euskal Herrian beste protesta deialdi bat egina dute larunbaterako; horren harira, Lecornuk esan du aurreko asteburutik «lezioa ikasi» dutela, eta polizia operazioa «masibo» bat iragarri du larunbaterako. Gainera, Laurent Nuñez Barne ministroak jakinarazi du militar talde bat ere bidaliko dutela. Istiluen aurkako erantzuna «irmoa» izango dela ohartarazi du. Bigarren hezkuntzako ikasleen protestek indarra hartu dute azken asteetan, eta joan den larunbatean Jaka Horiak ere batu zitzaizkien lizeotarrei, bizitzaren garestitzea eta hezkuntza eta osasun zerbitzuen hondatzea salatzeko. Manifestazio horietako batzuetan istilu larriak izan ziren, eta astelehenean Lecornuk etxeratze agindu partzialak ezartzeko eskatu zien hainbat hiritako eta herritako prefekturei.

Parisko hainbat gunetan eta Frantziako beste zenbait hiritan ezarri zituzten etxeratze agindu horiek, eta gaur ere hala egingo dute, besteak beste, Marseillan, Nizan eta Bordelen. Azken bi horietako udal gobernuek, gainera, jakinarazi dute etxeratze agindu partzialak indarrean egongo direla hurrengo astelehenera arte. Ez dute argitu oraindik zer egingo duten Parisen eta beste hiri batzuetan.

Larunbateko mobilizazioetan, orotara, 2.500 pertsona pasatxo atxilotu zituzten Frantziako estatuan. Gerald Darmanin Justizia ministroak gaur adierazi duenez, horietarik 149 espetxeratu dituzte dagoeneko. Gainera, Parisek iragarri du asteburuko istiluetan kaltetutako komertzioei laguntzak emango dizkietela. Besteak beste, 50.000 euro arteko maileguak emango dizkiete interesik gabe, eta zergak ordaintzeko atzerapenak onartuko dizkiete.

Frantzian bakarrik ez, Europako beste hamaika txokotan ere protestak izan dira azken egunetan. Italian ere modu baketsuan hasi ziren mobilizazioak, baina azkenerako istiluak izan ziren manifestarien eta Poliziaren artean, besteak beste Milanen, Bolonian eta Turinen. Estatu indarrak manifestarien aurka oldartu ziren, eta negar gasa eta ur kanoiak erabili zituzten. Italiako ANSA albiste agentziak zabaldu duenez, 270 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten, horietatik %80 adingabeak.

Egoera ikusita, Giorgia Meloni ultraeskuindarra buru duen gobernua zer neurri hartu aztertzen ari da. Besteak beste, Milanera bostehun militar bidaliko dituztela baieztatu du gaur Antonio Tajani Atzerri ministroak. Haren hitzetan, komertzioei kalte egitea eragoztea izango du helburu neurri horrek. 

Italiako presidenteorde eta Azpiegitura ministro Matteo Salvinik atzo gauean sare sozialetan jakinarazi zuen neurri hori hartzeko asmoa zutela, hiria «defendatzeko». Salvinik hori idatzi aurretik, haren alderdiak —eskuin muturreko Legak— Kale seguruak izenez ezaguna den operazioa indartzeko proposamena egin zuen. Neurri hori 2008an jarri zuten indarrean, eta tentsio handiko guneetara militarrak bidaltzea du helburu, «kriminalitaterik izan ez dadin».

Horrekin lotuta, sare sozialetan Urriaren 17ko Mugimendua izeneko kontu bat sortu dute mobilizazioaren antolatzaileek, eta iragarri dute elkarretaratzeak egingo dituztela larunbatero, 15:00etan, «gobernua erorarazi arte». Gainera, Meloniri zuzenean erantzun diote txio batean: «Plazetan gauden horiek gara. Biolentzia Poliziaren borretan ikusten dugunak. Zuek zarete indarkeria erabiltzen duzuenak, etorkizuna ukatu diguzue eta: berreskuratu egingo dugu».

Oposizioak ere Meloniren gobernuaren aurka egin du, eta leporatu dio arreta herrialdearen segurtasunean jartzea herritarrak asaldatu dituzten arrazoi ekonomikoetan jarri beharrean. «Gobernuak neurriak hartzen al ditu prezioen igoerari aurre egiteko, edo kamioilarien, nekazarien, langileen eta ikasleen kexak entzuteko? Ez, noski. Segurtasunaren arloko neurriak baino ez ditu iragarri, ez baita gai izan ordena publikoari eusteko. Neurri ekonomikoak behar ditugu lehenbailehen», salatu du Giuseppe Conte M5S Bost Izar Mugimenduaren buruak.

Portugalen kanpalekuak hustu dituzte

Portugalen ere kalera jo dute gazteek azken egunetan. Baina, Porton etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko kanpaldiak antolatzen hasi zirenetik astebete igaro den honetan, Poliziak kanpalekua hustu du gaur goizaldean. Eta beste horrenbeste egin du Lisboan ere —asteburuan abiatu zuten kanpaldia han—. Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, 55 lagun atxilotu dituzte estatu indarrek, «desobedientzia» leporatuta, eta bi lagun zauritu dira.

Poliziak azaldu du manifestariek eraikin publikoetan «kalteak» eragin dituztelako hartu dutela kanpalekuak husteko erabakia, eta «legez kontra eta inoren baimenik gabe» kanpadendak jarri dituztelako. Esan dute manifestariek aldez aurretik eman zietela agintariei mobilizazio horien berri, baina zehaztu dute horrek ez dituela salbuesten baldintzak betetzetik. Luis Neves Portugalgo Barne ministroak adierazi du kanpaldiak «amaitu» direla, eta Poliziaren jarduna defendatu du.

Manifestariek, berriz, Poliziaren jazarpena salatu dute. Antolatzaileen arabera, 05:45 inguruan jaso dute Poliziaren abisua, eta hamar minutu eman dizkiete dena kentzeko. Salatu dute kolpeak eman eta bultza egin dietela, eta Poliziak kanpadendak indarrez kendu dituela oraindik zenbait gazte barruan zeudela. Horrez gain, salatu dute Poliziak modu arbitrarioan jardun duela atxiloketak egiteko orduan, eta azpimarratu dute manifestariek ez dutela inolako «probokaziorik» egin. Priscilla Valadao Lisboan kanpatutakoen bozeramaileak EFE berri agentziari azaldu dio manifestariak ez zaizkiola oldartu Poliziari, «giza hesi bat» egin dutela baizik.

Portoko alkate Pedro Duartek kazetarien aurrean adierazi du behin kanpaldia deseginda «normaltasun demokratikoa» itzuli dela hirira, eta zehaztu du Poliziak «erabat normal» jardun duela, «modu ordenatuan».

Manifestariek, hala ere, jakinarazi dute gaur arratsaldean Lisboako eta Portoko plazetara itzuliko direla, 19:00 aldera, eta asanbladan erabakiko dutela kanpaldia berriro abiatu edo ez.

Horrez gain, gazteek grebara jotzeko asmoa dute. Hain zuzen ere, azaroaren 11rako Espainian, Hego Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian greba orokorrerako deia egina dagoenez, greba orokor iberiarra antolatzeko asmoa daukate. Horrela, helburua zera litzateke: geldialdia Iberiar penintsula osora hedatzea, mobilizazioak koordinatuta.

Portugalgo presidente Antonio Jose Segurok atzo kazetarien aurrean egindako agerraldi batean adierazi zuen beharrezkoa dela «hainbat alderdiren arteko akordio bat» egitea «premiazko neurri iraunkorrak» hartzeko herrialdeko etxebizitza krisiaren kontra. Azaldu zuenez, «hainbat» alderdik aurkeztu dituzte auzi horri aurre egiteko ekinaldiak, eta gobernuak ere beste horrenbeste egin du, haren esanetan. «Orain aurrerapauso bat eman behar dugu: proposamenak entzun, eta neurriak hartu; batzuk iraunkorrak, eta besteak premiazkoak».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA