- Biologia-Geologia
- Fisika-Kimika
- Giza eskubideak
- Hirigintza
- Ingurumena
- Klima larrialdia
- Medikuntza
- Osasuna
Osasuna, herritarra inguratzen duten bizi baldintzen araberakoa
Hiria antolatzeko moduak eta inguratzen duten baldintzek asko eragiten dute herritarren osasunean. Are, bizi itxaropena ere nabarmen aldatzen da norbera bizi den lekuaren ezaugarrien arabera. Bilbon, sei urte gehiago bizi dira, besteak beste, Indautxun Otxarkoagan baino.
Laurogei herrialdetako baino gehiagotako 3.000 bat lagun elkartu dira Bilboko Euskaldunan Osasun Publikoaren Europako Konferentzian. Osasun publikoak zientzialariei eta administrazioei pizten dien interesaren isla da, Manuel Franco konferentziako presidentearen ustez (Madril, 1974). BC3 Klima Aldaketa Ikergai zentroko ikertzailea da. Klima larrialdiak, desberdintasun sozialek eta hirietako bizimoduak osasun publikoan eragiten dituzten erronkak aztertuko dituzte.
Osasun publikoa kontzeptua oso orokorra da. Zeuk nola definituko zenuke?Osasun publikoa herritarren osasuna babesteko egiten den ekintza oro da. Osasun publikoaren barruan daude demografiacloseGiza multzo baten bilakaera aztertzen duen zientzia. Estatistikoki jasotzen ditu jaiotzak, heriotzak, migrazio mugimenduak eta abar, gizarte baten bilakaera demografikoa aztertzeko., politika, ekonomia, txertoak garatzeko jakintza biokimiko guztia eta, gaur egun, baita azterketa soziologikoak, psikologikoak eta portaerari buruzkoak ere.
Behar besteko garrantzia eta oihartzuna al du politikan, gizartean eta komunikabideetan?Ez. Administrazioek osasun publikoan gastatzen duten dirua ikusiz gero, gutxienekoa baino ez da. Ez dugu ulertzen osasun publikoaren helburua osasuna babestea eta sustatzea dela, eta dirua gaixotasunean gastatzen jarraitzen dugu.
Bazirudien hori guztia aldatu egingo zela pandemiarekin, osasun publikoari eta epidemiologiari garrantzi handiagoa emango zitzaiela.Uste dut gizartea jabetua dela osasun publikoaren eta epidemiologiaren garrantziaz; baina aldaketa hori ez da islatu inbertsioan. Osasun publikoari buruzko adituek administrazio guztietan egon beharko lukete, eta erabakitzeko ahalmena eta aurrekontua eduki beharko lituzkete. Ideia hori zabaltzen ari da pixkana, baina berandu.
Azkeneko urteetan ohikoa da udaren bukaeran bero boladek eragindako heriotzen kopuru zehatzak ematea. Hildako gehienak edadetuak dira. Kopuruek balio al dute arazoaren neurriaz jabetzeko?Gero eta gehiago hitz egiten da horri buruz, eta gero eta hobeto ulertzen eta aurreikusten ditugu bero boladen ondorioak; baina askoz ere ikerketa gehiago behar dugu. Hurrengo urtea ere oso beroa izango dela uste dugu. Badakigu edadetu gehienek diabetesa, hipertentsioa edo halakoak dituztela. Badakigu emakumeak gizonak baino gehiago direla eta haietako asko bakarrik bizi direla. Nola babestuko ditugu?
Jakina da egoera sozioekonomikoak osasuna baldintzatzen duela. Jakina da bizilekuak osasuna baldintzatzen duela?Ez. Epidemiologian eta osasun publikoan aritzen garenok esaten dugunean hiri bateko auzo batzuetako eta besteetako bizi itxaropena ezberdina dela, jendea harritu egiten da. Hiri batzuetan, alde hori hamabost urterena da. Ez da gutxiago bizitzea soilik: hobeto edo okerrago bizitzea ere bada.
Bilbon ia sei urteren aldea dago Indautxuren eta Otxarkoagaren artean.Bost urte izanda ere, astakeria bat da. Kontua ez da batzuek gaixotasun oso arraroak dituztela eta besteek ez. Bi auzoetako herritarrek izango dituzte gaixotasun berberak, baina batzuk lehenago gaixotuko dira, eta lehenago hilko dira. Hori oso garrantzitsua da, ezagutza horretatik ateratzen baita zer egin behar dugun. Funtsezkoa da hirian osasuna non dagoen ikustea eta beste leku batzuetan erreplikatzea.
Gaixotasun baten arriskuaren %70-80 herritarrek inguruan dutenak baldintzatzen duela esan izan duzu. Hainbeste?1970eko hamarkadatik dakigu. Kanadako Gobernuak aginduta egin zen azterketa baten emaitza da. Neurtu egin zuen arriskuaren zenbateko proportzioa zen genetikarenacloseBiologiaren diziplina bat, gurasoetatik jasotzen den oinordetza edo informazio genetikoa aztertzen duena., gaixotasunena eta osasun sistemarena, eta zenbat inguruko kutsadurarena, lanarena, etxe motarena, ikasketa mailarena edo etxe ondoan kiroldegi bat izatearena.
Auzoen antolaketari, garraio publikoari eta eremu berdeei buruzko erabakiak ez dira hirigintzari buruzko erabakiak soilik.Jakina. Gustatuko litzaidake kongresuaren ondoren ideia bat hor geratzea: hiria antolatzeko moduak herritarren osasuna baldintzatzen du.
Eta, auzo bat diseinatzen denean, herritar horien osasuna aintzat hartzen al da?Batzuetan, aintzat hartzen da, eta besteetan, ez. Ikusi besterik ez dago inguruko herri eta hirietan zenbat jende eta teknikari dituzten hirigintzancloseHiria diseinatzeko eta planifikatzeko diziplina., garraioan eta hezkuntzan, eta zenbat dituzten osasun publikoan... Ez dugu arreta horretan jartzen.
Normalean, herri eta hirietan eraikitzen denean, eraiki egiten da, urbanizatu, eta gero zuhaitz batzuk jartzen dira. Ezin dira jendea bizitzeko lekuak egin eta, era berean, natura inguruan izateko aukerak eman?Prozesu urbanistikoak, bai eremuak berritzekoak, bai berriak sortzekoak, etxegintzarencloseEtxeen eraikuntzan aritzen den sektore ekonomikoa. negozioari lotuta daude. Ez dute pentsatzen klima aldaketan, osasunean eta etxebizitza duinean; normalean, negozioa egiteko eraikitzen dute.
Natura hirietara eraman behar da, jende asko bizi baita hirian. Haurrengan eta edadetuengan pentsatu behar da, aukera gutxiago dituzte-eta hiritik ateratzeko eta naturara joateko. Badago arau bat: hiru, hogeita hamar eta hirurehun. Pertsona bakoitzak gutxienez hiru zuhaitz ikusi behar ditu etxetik; zuhaitzek auzo bakoitzeko azaleraren %30 izan behar dute; eta herritar bakoitzak gehienez 300 metrora izan behar du kalitatezko parke edo eremu berde bat.
Garrantzi handia ematen diozu auzoetan sozializatu ahal izateko lekuak egoteari, adin eta jatorri desberdinetako jendea elkartzeko topaguneak egoteari.Guk eremu berdeen eta espazio publikoen erabilera osasuntsua aztertzen dugunean, hiru eremu aztertzen ditugu: adin guztietako jendeak ariketa fisikoa egin ahal izateko lekuak izatea; buruak atseden hartzeko lekuak izatea, gaur egun estimuluak jasotzen baititugu etengabe, eta frogatuta baitago ordu erdian edo ordubetean lasai egon ahal izatea ona dela gure garunarentzat eta gure osasunarentzat; eta sozializatzeko lekuak izatea, eremu berean klase sozial eta jatorri ezberdinetako haurrak, nerabeak, helduak eta edadetuak elkartzen badira aktibo sozial bat baitira. Oso garrantzitsua da elkartzera behartuko gaituzten espazio publikoak sortzea.
Erantzun galderei:
- Esan bai edo ez: egileak dio administrazioak osasunean gastatzen duen diruaren parte handi bat doala osasun publikoan inbertsioak egitera.
- Azken urteotan gero eta jende gehiago hiltzen da bero boladen ondorioz. Zer pertsona motari eragiten dio horrek kalterik handiena?
- Bilboko bi auzo azaldu dira elkarrizketan, Indautxu eta Otxarkoaga. Zergatik?
- Elkarrizketatuak dioenez, hirigintzaren alorrean esku hartzeko garaian, sarritan etxegintzan ari direnen jokaera izaten da oztopo. Zergatik?
- 3-30-300 araua ekarri du gogora Manuel Francok. Zer helburu dauka arau horrek?
- Eremu berdeen eta espazio publikoen erabilera osasuntsua aztertzean, zergatik da garrantzitsua klase sozial, jatorri eta adin ezberdineko pertsonek sozializatuko duten eremuak izatea?
Solas egin gaiari buruz.
- Ados al zaude Manuel Francok babesten duen tesiarekin, hau da, hiria antolatzeko moduak hobetu edo okertu egiten duela herritarraren osasuna? Gaixotasunari aurre egiteko ahalegina hura agertu ostean egin ohi da. Gaixotasunaren prebentzioari ez al zaio arreta txikiegia jartzen, zure ustez? Bilbon batez beste sei urte gehiago bizi dira Indautxuko herritarrak Otxarkoagakoak baino. Zure herrian, zer auzotan iruditzen zaizu daudela bizi baldintzarik onenak eta zer auzotan kaskarrenak? Ohartu al zara inoiz ea bizi zaren herri edo hirian zuhaitzak gertu eta sarri topatzen dituzun? Garrantzitsua iruditzen al zaizu inguruan naturaguneak izatea? Zergatik iruditzen zaizu garrantzitsua? Zure ustez, jolasteko eta besteekin harremanetan jartzeko nahikoa parke edo leku publiko al daude zure herrian?
Jatorrizko artikuluak
-
Manuel Franco: «Hiria antolatzeko moduak herritarren osasuna baldintzatzen du»
Jakes Goikoetxea |
|