Epidemiologo soziala eta hiri epidemiologoa; BC3ko Ikerbasqueko ikertzailea

Manuel Franco: «Hiria antolatzeko moduak herritarren osasuna baldintzatzen du»

Osasun publikoaren garrantziaz ohartarazi nahi du Francok. Hirigintzak, klima aldaketak eta desberdintasun sozialek eragina dute herritarren osasunean. Gaiari buruzko kongresua egingo dute egunotan Bilbon.

Manuel Franco epidemiologoa, Leioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Manuel Franco epidemiologoa, Leioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jakes goikoetxea
Leioa
2026ko azaroaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasun Publikoaren Europako Konferentzia egingo dute Bilbon, gaurtik ostiralera. Laurogei herrialdetako baino gehiagotako 3.000 bat lagun elkartuko dira Euskaldunan. Leku guztiak bete dituzte. Osasun publikoak zientzialariei eta administrazioei pizten dien interesaren isla da, Manuel Franco konferentziako presidentearen ustez (Madril, 1974). BC3 Klima Aldaketa Ikergai zentroko ikertzailea da. Klima larrialdiak, desberdintasun sozialek eta hirietako bizimoduak osasun publikoan eragiten dituzten erronkak aztertuko dituzte, eta aurre egiteko neurriak proposatuko.

Osasun publikoa kontzeptua oso orokorra da. Zeuk nola definituko zenuke?

Osasun publikoa herritarren osasuna babesteko egiten den ekintza oro da. Osasun publikoaren barruan daude demografia, politika, ekonomia, txertoak garatzeko jakintza biokimiko guztia eta, gaur egun, baita azterketa soziologikoak, psikologikoak eta portaerari buruzkoak ere.

Behar besteko garrantzia eta oihartzuna al du politikan, gizartean eta komunikabideetan?

Ez. Administrazioek osasun publikoan gastatzen duten dirua ikusiz gero, gutxienekoa baino ez da. Ez dugu ulertzen osasun publikoaren helburua osasuna babestea eta sustatzea dela, eta dirua gaixotasunean gastatzen jarraitzen dugu. Osasunaren aldeko borroka egin behar dugu.

Bazirudien hori guztia aldatu egingo zela pandemiarekin, osasun publikoari eta epidemiologiari garrantzi handiagoa emango zitzaiela.

Uste dut gizartea jabetua dela osasun publikoaren eta epidemiologiaren garrantziaz; baina aldaketa hori ez da islatu inbertsioan. Osasun publikoari buruzko adituek egon beharko lukete administrazio guztietan, eta erabakitzeko ahalmena eta aurrekontua eduki beharko lituzkete. Ideia hori zabaltzen ari da pixkana, baina berandu.

«Hurrengo urtea ere oso beroa izango dela uste badugu, zer egingo dugu jendea beroaren ondorioz hil ez dadin? Nola babestuko ditugu edadetuak?»

BC3 Klima Aldaketa Ikergai zentroan lan egiten duzu. Azkeneko urteetan ohikoa da udaren bukaeran bero boladek eragindako heriotzen kopuru zehatzak ematea. Hildako gehienak edadetuak dira, eta beroak azkartu eta okertu egiten ditu haien gaixotasunak. Kopuruek balio al dute arazoaren neurriaz jabetzeko?

Gero eta gehiago hitz egiten da horri buruz, eta gero eta hobeto ulertzen eta aurreikusten ditugu bero boladen ondorioak; baina askoz ere ikerketa gehiago behar dugu. Hurrengo urtea ere oso beroa izango dela uste badugu, zer egingo dugu jendea beroaren ondorioz hil ez dadin? Nola babestuko ditugu edadetuak? Badakigu gehienek diabetesa, hipertentsioa edo halakoak dituztela. Badakigu emakumeak gizonak baino gehiago direla. Badakigu emakume asko bakarrik bizi direla. Nola babestuko ditugu?

Jakina da egoera sozioekonomikoak osasuna baldintzatzen duela. Jakina da bizilekuak osasuna baldintzatzen duela?

Ez, ezta pentsatu ere. Epidemiologian eta osasun publikoan aritzen garenok esaten dugunean hiri bateko auzo batzuetako eta besteetako bizi itxaropena ezberdina dela, jendea harritu egiten da. Hiri batzuetan, alde hori hamabost urterena da. Ez da gutxiago bizitzea soilik, baita hobeto edo okerrago bizitzea ere.

Bilbon ia sei urteren aldea dago Indautxuren eta Otxarkoagaren artean.

Oso zaila da ondo zenbatzea, baina bost urte izanda ere, astakeria bat da. Kontua ez da batzuek gaixotasun oso arraroak dituztela eta besteek ez. Bi auzoetako herritarrek izango dituzte gaixotasun berberak, baina batzuk lehenago gaixotuko dira, eta lehenago hilko dira. Hori oso garrantzitsua da, ezagutza horretatik ateratzen baita zer egin behar dugun. Funtsezkoa da hirian osasuna non dagoen ikustea eta beste leku batzuetan erreplikatzea.

Manuel Franco
Manuel Franco epidemiologo sozial eta hiri epidemiologoa, BC3ren egoitzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gaixotasun baten arriskuaren %70-80 herritarrek inguruan dutenak baldintzatzen duela esan izan duzu. Hainbeste?

Izugarria da. 1970eko hamarkadatik dakigu. Kanadako Gobernuak aginduta egin zen azterketa baten emaitza da. Neurtu egin zuen arriskuaren zenbateko proportzioa zen genetikarena, gaixotasunena eta osasun sistemarena, eta zenbat inguruko kutsadurarena, lanarena, etxe motarena, ikasketa mailarena edo etxe ondoan kiroldegi bat izatearena.

Auzoen antolaketari, garraio publikoari eta eremu berdeei buruzko erabakiak ez dira hirigintzari buruzko erabakiak soilik. Herritarren osasuna baldintzatzen dute.

Jakina. Gustatuko litzaidake kongresuaren ondoren ideia bat hor geratzea: hiria antolatzeko moduak herritarren osasuna baldintzatzen du.

Eta, auzo bat diseinatzen denean, herritar horien osasuna aintzat hartzen al da?

Gauzak aldatzen ari dira, baina denbora asko behar da aldatzeko. Batzuetan, aintzat hartzen da, eta besteetan, ez. Ikusi besterik ez dago inguruko herri eta hirietan zenbat jende eta teknikari dituzten hirigintzan, garraioan eta hezkuntzan, eta zenbat dituzten osasun publikoan... Ez dugu arreta horretan jartzen.

«Epidemiologian eta osasun publikoan aritzen garenok esaten dugunean hiri bateko auzo batzuetako eta besteetako bizi itxaropena ezberdina dela, jendea harritu egiten da»

Normalean, herri eta hirietan eraikitzen denean, lekua kentzen zaio ingurumenari. Eraiki egiten da, urbanizatu, eta gero zuhaitz batzuk jartzen dira. Ezin dira jendea bizitzeko lekuak egin eta, era berean, natura inguruan izateko aukerak eman?

Mundu konplexu honetan, hiriak birnaturalizatzeko proiektuak ditugu. Aurrena hiriak eraiki ditugu, eta naturari lekua kendu diogu; gero, natura ekarri nahi dugu hiriaren barrura. Guztiz ados. Baina prozesu urbanistikoak, bai eremuak berritzekoak, bai berriak sortzekoak, etxegintzaren negozioari lotuta daude. Ez dute pentsatzen klima aldaketan, osasunean eta etxebizitza duinean; normalean, negozioa egiteko eraikitzen dute.

Euskadin naturak inguratuta bizi gara, baina natura hirietara eraman behar da, jende asko bizi baita hirian. Haurrengan eta edadetuengan pentsatu behar da, aukera gutxiago dituzte-eta hiritik ateratzeko eta naturara joateko. Badago arau bat: hiru, hogeita hamar eta hirurehun. Pertsona bakoitzak gutxienez hiru zuhaitz ikusi behar ditu etxetik; zuhaitzek auzo bakoitzeko azaleraren %30 izan behar dute; eta herritar bakoitzak gehienez 300 metrora izan behar du kalitatezko parke edo eremu berde bat.

Garrantzi handia ematen diozu auzoetan sozializatu ahal izateko lekuak egoteari, adin eta jatorri desberdinetako jendea elkartzeko topaguneak egoteari.

Guk eremu berdeen eta espazio publikoen erabilera osasuntsua aztertzen dugunean, hiru eremu aztertzen ditugu: adin guztietako jendeak ariketa fisikoa egin ahal izateko lekuak izatea; buruak atseden hartzeko lekuak izatea, gaur egun estimuluak jasotzen baititugu etengabe, eta frogatuta baitago ordu erdian edo ordubetean lasai egon ahal izatea ona dela gure garunarentzat eta gure osasunarentzat; eta sozializatzeko lekuak izatea, eremu berean klase sozial eta jatorri ezberdinetako haurrak, nerabeak, helduak eta edadetuak elkartzen badira, aktibo sozial bat baitira. Oso garrantzitsua da elkartzera behartuko gaituzten espazio publikoak sortzea. Bestea ukatzen badugu, ez dugu ikusten.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA