Euskal Herrian 2028rako egongo da prest minbizi batzuk tratatzeko terapia modernoa: protoi terapia

  • 245 hitz

Protoi terapia erradioterapia teknika berri bat da: fotoiak erradiatu beharrean, protoiak erradiatzen ditu. Donostiako Unibertsitate Ospitalearen ondoan ezartzen ari dira unitatea.

Donostiako Unibertsitate Ospitalearen ondoan egiten ari diren protoi terapiako unitatea aurrera doa. Amaitu dute gantry izeneko ekipoaren instalazioa: 90 tonako pisua duen beso robotikoa. Horixe da protoi terapiaren zentroko ekipamendu teknologiko garrantzitsuenetakoa. 2028aren hasieran jada martxan egongo da minbizi batzuk tratatzeko terapia moderno hori. Ohiko erradioterapiaren aldean, abantaila asko ditu paziente batzuen minbizia tratatzeko. 

Protoi terapia erradioterapia teknika berri bat da, partikulak erradiatzen dituena, baina, kasu honetan, fotoiak erabili beharrean, protoiak erabiltzen dituzte. Protoien eta fotoien arteko ezberdintasun nagusia energia askatzeko garaian antzematen da. Fotoiek eta elektroiek sakonera tarte handi batean igortzen dute energia, hasieran batez ere. Protoiei eta bestelako ioi pisutsuagoei dagokienez, berriz, ibilbidearen lehen partean energia gutxi bidaltzen dute, baina puntu jakin batera iristean ia energia guztia askatzen dute sakonera txiki batean. Ondoren, asko murrizten da igortzen duten energia kantitatea, berehala hutsera iritsi arte. Energia gehien askatzen den puntu horri Braggen erpina deitzen zaio, William Lawrence Bragg zientzialari britainiarrari erreferentzia eginez.

Hala, teknika horrekin egindako terapiekin, tumorera iritsi aurreko ehunetan apenas uzten den irradiaziorik, eta energia ia guztia minbizian askatzen da. Gero, erradiazio dosia ia hutsera jaisten da berehala; hala, atzeko ehunek ere ez dute ia erradiaziorik jasotzen.

Tumorearen sakonera

Teknologia honen bidez protoiak botatzeko puntu bat baino gehiago ere egon daiteke, eta Braggen erpin bat baino gehiago sortu. Hala, tumorearen sakonera guztiari eraso dakioke. Protoiek energia ia guztia tarte estu batean askatzeak abantailak ditu hainbat gaixorentzat. Halaber, tumoreak organo garrantzitsuetatik gertu dituztenentzat ere gomendatzen dute terapia hori, inguruko ehunei ez baitie hainbesteko kalterik eragiten. Talde horretan sartzen dira minbizia bihotzaren edo nerbio sistema zentralaren inguruan duten pazienteak. 

Erradioterapiaren helburua beti da inguruko ehun osasuntsuari ahalik eta gutxien erasotzea, hau da, ahalik eta dosirik handiena kontzentratzea tumorean, eta ahalik eta gutxiena inguruko organo eta ehunetan.

1950eko hamarkadan hasi ziren protoiak erabiltzen minbiziak sendatzeko, baina gaur egun hasi dira halako teknikak zabaltzen. Azpiegituretan dago gakoa, oso handiak eta garestiak baitira; izan ere, protoiak abiadura handian erradiatu behar dira, eta, horretarako, partikula azeleragailuak eraiki behar dira zentroaren sotoan. Erradioterapia zentro normal bat baino askoz konplexuagoa da protoi terapiako zentro bat, teknologia eta segurtasun aldetik. 

Gaur egun sinplifikatu egin da protoi terapiako unitateak eraikitzeko prozesua, baita merkatu ere, nahiz eta ohiko kanpo erradioterapia zentroak baino askoz konplexuagoa den oraindik. Protoi terapiako makina batek, batez beste, 28 milioi euro balio du. 

Jatorrizko artikuluak