Protoiak, onkologia iraultzeko?

Protoiterapia zentro bat egingo dute Donostiako Onkologikoaren ondoan. Ohiko erradioterapiarekin alderatuta, abantaila asko ditu paziente batzuen minbizia artatzeko.

ESPAÑA SANIDAD PROTONTERAPIA
Protoiterapia makina bat. IREKIA
inaut matauko rada
Donostia
2024ko otsailaren 22a
05:00
Entzun

Euskal Herriko lehen protoiterapia makina Donostian eraikiko dute, egungo Onkologikoaren eraikinaren ondoan. Urtarrilaren 30ean iragarri zuen proiektua Eusko Jaurlaritzak, eta 2026an irekitzea aurreikusi du. Teknika hori garatzea «oso garestia eta zaila» da, Txema Urraka Donostialdeko ESIko Onkologiaren kudeaketa klinikorako buruaren arabera: «Horregatik ez da horrenbeste zabaldu haien erabilera». Protoiterapia makina batek, batez beste, 28 milioi euro balio du. Ohiko erradioterapiaren aldean, abantaila asko ditu paziente batzuen minbizia artatzeko.

Zer da, ordea, protoiterapia? Protoiak erabiltzen dituen arren, erradioterapia teknika bat da, partikulak erradiatzen baititu. Ohiko kanpo erradioterapian fotoiak igortzen dira, baina, protoiterapian, protoiak igortzen zaizkio tumoreari.

Protoien eta fotoien arteko ezberdintasun nagusia energia askatzeko unean dago. Fotoiek eta elektroiek sakonera tarte handi batean igortzen dute energia; hasieran, batez ere. Protoiei eta bestelako ioi pisutsuagoei dagokienez, berriz, ibilbidearen lehen partean energia gutxi bidaltzen dute, baina puntu jakin batera iristean ia energia guztia askatzen dute sakonera txiki batean. Ondoren, asko murrizten da igortzen duten energia kantitatea, berehala hutsera iritsi arte. Energia gehien askatzen den puntu horri Braggen erpina deitzen zaio, William Lawrence Bragg zientzialari britainiarrari erreferentzia eginez.

Hala, teknika horrekin egindako terapiekin, tumorera iritsi aurreko ehunetan ez da apenas irradiaziorik uzten, eta energia ia guztia minbizian askatzen da. Ostera, erradiazio dosia ia hutsera jaisten da berehala; hala, atzeko ehunek ere ez dute ia erradiaziorik jasotzen.

Teknologiak, gainera, hobera egin du. Ohiko erradioterapian eta protoiterapian pazientea nahi den posizioan jartzeko, ohe robotikoak dituzte. Partikula sortak erradiatzeko puntuak ere ohearen inguruan mugitu daitezke.

Bestalde, protoiak botatzeko puntu bat baino gehiago ere egon daiteke, Braggen erpin bat baino gehiago sortuz. Hala, tumorearen sakonera guztiari eraso dakioke. «Energia ezberdineko protoiekin Braggen erpin asko batzen dituzunean, irradiazio kapak sortzen dira, eta horiek batzean dosiaren gehiengoak tumoreari erasotzea lortzen duzu», azaldu du Urrakak.

Paziente batzuentzat egina

Protoiek energia ia guztia tarte estu batean askatzeak abantailak ditu hainbat gaixorentzat. Urrakaren arabera, paziente pediatrikoak artatzeko, adibidez, «teknika egokia» da, bizitza luzeagoa baitute aurrean. Halaber, tumoreak organo garrantzitsuetatik gertu dituztenentzat ere gomendatzen dute terapia hori, inguruko ehunei ez baitie hainbesteko kalterik eragiten. Talde horretan sartzen dira minbizia bihotzaren edo nerbio sistema zentralaren inguruan duten pazienteak.

Hala ere, bestelako kasu batzuetan abantailak ez dira hain erabakigarriak. «Ez du berebiziko abantailarik paziente askorengan, baina batzuei asko laguntzen die irradiazioa puntu jakin batean kontzentratu ahal izateak», nabarmendu du Donostialdeko ESIko Onkologiaren kudeaketa klinikorako buruak.

Azken finean, helburua beti da inguruko ehun osasuntsuari ahalik eta gutxien erasotzea: «Erradioterapiaren helburua beti da ahalik eta dosi gehiena kontzentratzea tumorean, eta ahalik eta gutxiena inguruko organo eta ehunetan».

Urrakak azaldu du batzuetan guztiz frogatua dagoela hobe dela protoiterapia erabiltzea. Beste minbizi mota batzuetan oraindik ikertzen ari dira zer-nolako abantailak dituen gainontzeko tratamenduen aldean.

Zabaltzen ari den teknika bat

Azkenaldian, herrialde aurreratuenak gero eta inbertsio gehiago egiten ari dira protoiterapia instalazioak eraikitzeko. Egun ez daude asko, baina gero eta gehiago daude martxan. Gaur egun, munduan 115 protoiterapia zentro daude martxan, Partikula Terapia Kooperatiborako Taldearen arabera. Beste 127 proiektu daude eraikitzeko prozesuan.

Hala ere, zentroak ez daude mundu osoan berdin banatuta. Afrikan ez dago bat ere, eta, Argentinan eraikitzen ari diren lehen zentroa kontuan hartu gabe, Hego Amerikan ere ez dago teknika hori garatzeko gunerik.

Ohiko kanpo erradioterapia unitateekin alderatuta, gutxi dira, baina teknika ez da berria. Urrakak gogorarazi du 1950eko hamarkadan hasi zirela protoiak erabiltzen minbiziak sendatzeko; gaur egun hasi dira zabaltzen. Eta azpiegituretan dago gakoa, oso handiak eta garestiak baitira. «Lehen zentroek zentral nuklearrak ziruditen», azaldu du.

«Paziente batzuei berebiziko laguntza ematen die irradiazioa puntu jakin batean kontzentratu ahal izateak».

TXEMA URRAKADonostialdeko ESIko Onkologiaren kudeaketa klinikorako burua

Izan ere, protoiak abiadura handian erradiatu behar dira, eta, horretarako, partikula azeleragailuak eraiki behar dira zentroaren sotoan. Hori dela eta, teknika hori erabiltzen hasi zirenean ikerketara bideratutako instalazioak hasi ziren erabiltzen terapiak egiteko. Urrakaren esanetan, erradioterapia zentro normal bat baino «askoz konplexuagoa» da protoiterapia planta bat; «teknologia eta segurtasun aldetik, batez ere».

Gaur egun, baina, sinplifikatu egin da protoiterapia unitateak eraikitzeko prozesua, baita merkatu ere, nahiz eta ohiko kanpo erradioterapia zentroak baino askoz konplexuagoa den oraindik. Hori dago, hein batean, halako zentro gehiago eraikitzeko erabakiaren atzean.

Beraz, Euskal Herrian 2026tik aurrera espero dute izatea lehen protoiterapia zentroa, eta Hego Euskal Herriko eta gertuko erkidegoetako pazienteak tratatuko dituzte. Horrek ez du esan nahi aurrez terapia hori jaso duen euskal herritarrik ez denik izango. Urrakak adierazi duenaren arabera, sendagileek erabakitzen dutenean paziente batek terapia hori jaso behar duela, Europako zentro batzuetara bidaltzen dituzte.

datuak

28

Protoiterapia unitatearen balioa, milioi eurotan. Protoiterapia unitate bakoitzak 28 milioi euroko balioa du gutxi gorabehera. Hala ere, zentro bat egiteko inbertsioa handiagoa da; Donostiakoa egiteko, adibidez, 60 milioi euro jarriko ditu Eusko Jaurlaritzak.

115

Martxan dauden protoiterapia unitateak. Gaur egun, Partikula Terapia Kooperatiborako Taldearen arabera, 115 protoiterapia zentro daude martxan munduan, eta beste 127 proiektu abian daude. Hala ere, gehienak herrialde aurreratuenetan daude. Afrikan, adibidez, ez dago zentrorik, ezta Hego Amerikan ere, nahiz eta bat eraikitzen ari diren Argentinan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.