Aspaldi esan zuen Kepa Aulestiak, Euskadiko Ezkerrako buruzagia zenean, ETA egongo ez balitz bezala egin beharko litzatekeela politika. Inork ez dio Aulestiaren gomendio zaharrari jarraitu, batzuetan presentziagatik eta besteetan ausentziagatik erakunde armatuak beti baldintzatu izan baitu politikagintza. Orain ere bai. Badoan aste honen hasieran Espainiako zenbait hedabidek argitaratu dutenez, ETAren zain zegoen Zapatero, hauteskundeekin zer egin erabakitzeko: indarkeria betiko utzi duela adierazten duen agiria ateraz gero, legealdia amaitu egingo zukeen, eta, aldiz, agiri hori iritsi ezean, hauteskundeak aurreratu egingo zituzkeen. La Razón egunkariak data ere eman zuen: uztailaren 31 litzateke E eguna, erakunde armatuaren jaiotze data omen da eta.
Uztailaren 31ren zain egon gabe eman du azkenean erabakia. Bi aukera, beraz: ETAk epe laburrean agiri behin betikorik ez duela argitaratuko jakinaren gainean hartu du erabakia Zapaterok, edo, Aulestiari behingoagatik kasu eginez, erakunde armatuak zer egingo duen kontuan hartu gabe erabaki du hauteskundeak aurreratzea.
Kontuak kontu, lau hilabete gutxiago izango ditu Zapateroren agintaldiak. Ez du ematen albistea ona denik, bakegintzaren ikuspegitik. Ez, behintzat, kontuan hartzen badugu euskal eragile zenbaitek legealdia amaitzeari garrantzia ematen diotela. Urkulluk behin eta berriro esan izan du Zapaterori sostengua eman izanaren arrazoietako bat legealdia luzatzea ahalbidetzea izan dela, bakegintzari aukera emate aldera, eta ezker abertzaleak horixe egiteko eskatu izan diola. PaulRiosek, motzean, horixeadierazi du Twitter-en: «Hauteskundeak aurreratzea albiste txarra iruditzen zait. Denbora gutxiago, bakearen gaia ixteko».
Ezer gutxi esan du Zapaterok ETAri buruz hauteskundeen iragarpena egin duenean. Batetik, «indarkeria eta terrorea» desagertzeko zorian dagoela, «azken txanpan» sartuta, eta bestetik, «lan handia» dagoela egiteko, «oso lan handia». Bake prozesua bultzatzen ari direnen ikuspegitik jakina da, epe laburrean, zer lan dauden egiteko: su-etena egiaztatzea, espetxe politika aldatzea, Sortu legeztatzea, preso politikoak aske uztea... Ostirala bitartean,zortzi-bederatzi hilabetekotartea zegoen batean ez bazen bestean aurreratzeko. Azaroaren 20a bitartean, baina,ehun eta hamar egunbesterik ez dago. Hasi da atzerako kontua.
Madrilgo Gorteetarako bozetara begira erabaki beharrekoak erabakitzen hasteko garaia iritsi zaie euskal alderdiei ere. Eremu abertzalean hasi dira mugimenduak: Bildurekin bat eginda aurkezteko borondatea agertu du Aralarreko zuzendaritzak, eta ezker abertzalearekin ezer nahi ez duten NaBaiko independenteek ez omen dute baztertzen bide propioa egitea. Ohi bezala, Espainiako epaileek ere emango dute botoa: Sortu bai edo Sortu ez. Auzitegi Konstituzionalaren esku dago —eta Auzitegi Konstituzionalari presio egiteko gaitasuna dutenen esku— Sorturen auziari buruz garaiz erabakitzea eta ezker abertzaleko kideei normaltasunez aurkezteko eskubidea ez ukatzea.
Urte asko joan dira ezker abertzaleko hautetsiak Madrilgo Gorteetako eserlekuetan eseri zirenetik. 1996 bitartean beti aurkeztu izan zen Espainiako hauteskunde orokorretan, eta beti lortu du ordezkaritza. 1986an, bost diputatu eta senatari bat lortzera iritsi zen Herri Batasuna. Baina inoiz ez zuen erregulartasunez parte hartu Kongresuko eztabaidatan eta lanetan. Bilduk ez du oraindik ezer adierazi, baina ez litzateke harritzekoa izango EAren tradizioari jarraitzea arlo honetan koalizio abertzaleak, eta Espainiako Gorteetan parte hartzeko borondatearekin aurkeztea oraingo honetan. EAJk erakutsi du, agintean dagoenak gehiengo osoa ez duenean eta matematikak aldekoak direnean, Espainiako Gobernua baldintzatzeko aukera ematen duela Kongresuan ordezkaritza indartsua izateak.
Handik eta hemendik
110 egun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu