Garai bateko meatzariak —ez dakit gaurkoak— kanario batekin sartzen ziren meategiko tunel arriskutsuenetan, txoria kantu itoan hasteak tunelean grisua zegoela esan nahi baitzuen. Mahastietan arrosondoak landatzen dira, gaitzak lehenago jotzen baitu arrosa mahatsa baino, eta mahastizainek garaiz har ditzakete beharreko neurriak. Errepideetan arriskuen berri ematen diguten seinaleak daude, eta bihurgune arriskutsu baten seinalea ikusi orduko, arduragabeak ez bagara, hanka jasotzen dugu azeleragailutik.
Meatzariek kanarioari esker zekiten tunela abandonatu behar zutela, grisuaren leherketak azpian harrapa ez zitzan. Gizarte auzietan, ordea, oso bestela da: hezkuntzan, politikan, ekonomian edo ekologian ere kantu itoko kanarioak eta arrosa zimelduak dauzkagun arren ozen asko eta begi bistara ari zaizkigunak alarmaka, carpe diem bizi gara: konbentzituta gaude grisu sozialen leherketak beti auzoan gertatzen direla.
Hitz beste
Abisuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu