Ozeanoaren zuen aldean Josu Uribetxebarria baldintzapean aske utzi duten aste berean, ozeanoaren beste alde honetan ziegan hilda topatu dute Adnan Latif. Guantanamon gertatu da, Barack Obamak itxi egingo zuela agindu zuen atxiloketa eremu legerik gabean.
Guantanamora eraman zuten lehenengoetakoa izan zen Latif. Han giltzapetu zutenen arabera, talibanekin bat egin eta Ipar Aliantzaren aurkako borrokaren lehen lerroan ari zen Latif estatubatuarrek Afganistanen inbasioa hasi zutenean. Latifek beste bertsio bat zuen: auto istripu bategatik, lesio larria zuen buruan, eta karitate erakunde batean arta zezaten joan zen Yemendik Afganistanera 2001eko abuztuan.
2002ko urtarrilean Guantanamora eramana, hamar urte egin ditu Latifek uniforme laranjarekin. Ez zuten inoiz epaitu; ez zuten, beraz, kondenatu, eta epaitua izateko bidean ere ez zegoen. 2010eko uztailean, Latif aske uzteko agindu zuen Washingtoneko epaitegi batek, baina hurrengo urtean, helegitea aztertu zuen epaitegiak atzera bota zuen erabakia: Guantanamoko kaiolan jarraitu beharko zuen, mugarik gabeko linbo juridikoan. Bakartzeko ziegetako batean zeukaten aspaldian, preso iskanbilatsutzat zeukatelako. Bere giltzapetzearen aurkako borrokan hainbat gose greba egin zituen, eta bere etsian bere buruaz beste egiten ere ahalegindu izan zen.Joan den asteburuan hilda topatu dute. Zer dela-eta hil den ez dute oraindik argitu. Autopsiaren beharrik ez du haren abokatuak, David Remesek: «Hain ahul zegoen, hain nahigabetua zegoen, ez nintzateke harrituko bere buruaz beste egin badu. Garbi dago: Guantanamok hil du».
2008ko kanpainan behin eta berriro agindu zuen Obamak Guantanamo itxi egingo zuela. Behin agintea hartuta, ixteko eguna ere zehaztu zuen: 2010eko urtarrilaren 22a. Ez dute itxi, neurri handi batean errepublikanoek Kongresuan gehiengoa dutela oztopatu egin dutelako, baina giza eskubideen aldeko hainbat elkartek salatu dute Obamak ez duela bere esku zegoen guztia egin, eta, gainera, bere administrazioak Guantanamoko presoen eskubide lehendik murriztuak are gehiago murrizteko erabakiak ere hartu dituela. Bat gutxiago joan den asteburutik; 167 preso dauzkate orain Guantanamon.
Hauteskunde kanpainan, Guantanamo —edo Gitmo, lagunentzat— ez du inork aipatzen, eta Adnan Latif ez du inork ezagutzen, ezta bigarren abizenaren bidez ere. Errepublikanoek, Bin Laden ere ez. Demokratek garbi dute: ahaztu Guantanamo, gogoratu Bin Laden. Obama hezkuntzaz hitz egitera etorri zen Renora, baina Bin Ladenentzat zirrikitua topatu zuen bestela guztiz monografikoa izan zen hitzaldian, kanpainako hitzaldi gehienetan (guztietan?) egin ohi duen bezala. «Bin Laden hilda, GM [General Motors] bizirik», zioen alderdi demokrataren konbentzioko pankartetako batek.
Horregatik, ekonomiaz mintzatu dira orain arte hautagai errepublikanoak, ez atzerri politikaz. Bin Laden hil zuen presidentearekin ez zeukaten nola lehiatu. Libiako enbaxadorearen eta beste hiru estatubatuarren hilketarekin eta ondorengo istiluekin, ordea, aukera bat ikusi bide dute errepublikanoek. Obamari berriro presidente txepelaren etiketa jartzen ahalegindu da Romney, baina bideo famatua kritikatzeagatik erasogileekin bat egin duela iradokitzea gehiegitxo izan da, eta badirudi mesede baino kalte handiagoa egingo diola boteprontoan egindako lehen erasoak. Lerro hauek idazteko orduan, baina, AEBetako hainbat enbaxada setiopean daudela diote hedabide amerikarrek. «Kaosa», dio ostiral eguerdian The Huffington Post-eko atariak, pantaila osoa hartzen duten letra gorri erraldoietan.
Obamak badaki Guantanamoko promesa ez betetzeak ez diola boto galera nabarmenik ekarriko. Komandante-buru gogor eta eraginkorraren fama zalantzan jartzeak, ordea, bai. Kontuz, beraz: hauteskunde kanpainaren borroka eremua Ekialde Hurbileraino hedatu da, eta hauteskunde armek bolbora dute.
Handik eta hemendik
Ahaztu Guantanamo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu