Uda beteko (p)lana

Aitortza

garbine ubeda goikoetxea
2011ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Orain ez aspaldi, gosaririk txukunenak ematen dituzten kafetegian hasten zen laneko erronka, BERRIArako egunero ari den zutabegilearentzat. Bapo baino bapoago jarrita, euforiaz heltzen zion egunari, katilukoa balitz bezala, zurrupaka, etorkizun hurbilaren egarriz.

Ezer baino lehen, bere banitatea bustiko zuen kafesnetan. Egunkariko lehen orriak agudo pasa, eta bezperan idatzitako artikulua bilatzeari ekingo zion, Gaddafi, ekonomia krisia edota DSKren biolina bakean lagata. «Ni bai, hamalau», pentsatuko zuen bere baitarako, ministerioren bateko jabe sentituko balitz bezala, azken kakotxa ere argitaratuta ikusi ondoren.

Esnezalearen kontuak eginda, etxera itzuliko zen gero. Eta interferentzia deserosoak (hala nola, telebista, haurrak, gizona, etxeko lanak) pause-n utzita, ordenagailua piztuko zuen. Gai bat edo beste lardaskatuko zuen. Idazteari ekingo zion azkenik, orduko hiru lerroko abiadan. Zortzi bat ordu luzeren bueltan —politikaz zipitzik ez dakienarentzat neketsua da zutabegintza—, hausnarketak utzi eta mundura itzuliko zen berriro. Etxeko martxa berreskuratzen saiatuko zen. Antzarak ferratzera bidaliko zuten. Abandonatzea leporatuko zioten. Eta zoriontsu sentituko zen, hala ere; 007 agentearen pare, misioa konplituta.

Ondotxo aldatu dira gauzak geroztik. Bere orijinaltasunak aste eta erdiko saioak osatzeko lain ere eman ez diola, gorriak ikusten ditu orain, egunero; gorriak, berdeak eta beltzak, zehatzago esanda, hitzordu higiezinak atarramendu onik ekartzen ez diolako, pantaila zuriaren madarikazioak hondamendira daramalako. Ipurdiko fistula batek ere ez liokeelako horrenbesteko lanik emango.

Kalamidade handiusteak ezin du gehiago. Bizpahiru egun daramatza lorik egin gabe, itomenak, zentzuzko istorioak osatzeko pizgarri bilakatu beharrean, mota guztietako amesgaiztoak fabrikatzen dizkiolako, goizaldeko ordu txikitan. Eta latzetan latzena, gaurkoa. Begiak bildu dituen orduko iritzi orrietako «munstroa» agertu zaio desafioan, egunkarietako zutabeen guru handia, nekaezintasunaren misterioak beretzat besterik gordetzen ez dituena, Anjel Lertxundi mitikoa. Judas Priest taldeko gitarra-jolea bailitzan eta makarronikoki jantzita, Harley-Davidson zaratatsu batean sartu zaio leihotik etxera, Xabier Gantzarain atzean daramala. Kalpar luzeak astinduz eta bizar-xafla zorrotza erakutsiz, «itzuli gure zutabeetako espazioa edo zureak egin du» bota dio motor gainean tentetuta.

Garrasi egin nahian eta ezinean esnatu da arnasestuka. Izerdiz blai egin ditu izarak. Gaina jo duelakoan, ordenagailua piztu, posta zerbitzu elektronikoa martxan jarri eta egoera katatonikoak uzten dion neurrian, bi hitzeko gutuna igorri dio Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariari:

—dimititzen diat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.