Irailaren 11ko atentatuen hamargarren urteurrenaren astean, 32 urteko gizonezko bat fast food jatetxe batean sartu da, AK-47 errifle bat eskuetan. Hemen bertan, Carson Cityn, Renotik 50 kilometro eskasera. Nevadako Guardia Nazionaleko bost kide uniformedunek gosaria ordaintzeko dirua mahai gainean utzi dute, eta altxatzekotan dira. Ez dute, ordea, astirik izan: bostak tirokatu ditu Eduardo Sencionek, beste hainbat bezero ere bai, eta ondoren bere buruari tiro egin dio. Balantzea: bost hildako (hiru guardia, beste bezero bat eta tirokatzailea bera), zazpi zauritu. Iraken izan zen 2004-05ean Heath Kelly maiorra, eta Afganistanen 2009-10ean Christian Riege sarjentua. Onik etorri ziren gerra haietatik, baina amerikar zuri batek hil ditu biak tiroz, IHOP kateko mahai batean bapo gosaldu berritan.
Orrialde asko eskaini dizkio gertaerari Reno Gazzette Journal-ek, editorial luzea ere bai: «Gerta daiteke inoiz ez jakitea zergatik gertatu den gertatu dena, eta, gure bost herkideren heriotzak, besterik gabe, azalpenik ez izatea. Hilketa, batzuetan, hain da hutsala, hiri txiki bateko errepide ertzeko jatetxe batean gerta daitekeela, jendea —jabetu gabe bizitza zer azkar alda daitekeen— gosaltzera, atseden hartzera eta hitz egitera joaten den leku batean». Eta ezin ezer egin: «Benetan posible ote da astearte goizean Carson Cityn gertatu den tragedia aurreikusteko edo eragozteko ezer egin ezin izatea? Bai, posible da». Alegia, hitzik ez suzko armak izateko eskubide eta aukera unibertsalaren gainean.
Nevadan (eta AEBetako estatu gehienetan), 500 dolar baldin badituzu (365 euro), dendara joan eta AK-47 bat eros dezakezu. Arma automatikoa bada, lizentzia behar duzu, eta lizentzia izateko, teorian bederen aurrekariak aztertzen dizkizute. Baina arma erdiautomatikoa bada, AK-47 mota batzuk bezala, bisera bat erostea bezain sinplea da: ispiluan begiratu, eta, ondo ematen badizu, zuretzat. Buru-osasunean arazoak izan zituela ikusiko zuten Sencionen osasun aurrekarietan begiratu balute, baina ez zegoen beharrik: bi AK-47 eta pistola bat saldu zizkioten, dena legez.
Eta ez, gaia ez dago eztabaida politikoan, ezta Carson Citykoa gertatu eta gero ere. Hauteskunde bereziak dira etzi Renoko barrutian, AEBetako Ordezkarien Ganberarako parlamentari berria aukeratzeko, aurrekoak utzi egin zuenez: hautagai guztiak armen salmenta librearen aldekoak dira; are gehiago, Amodei errepublikarra eta Marshall demokrata lehian ari dira, Erriflearen Elkarte Nazionalaren sostengurik argiena nork duen eztabaidan.
Gaur hamar urte, Irailaren 11ko atentatuetan 2.996 lagunek galdu zuten bizia. Time aldizkariak iaz ateratako estatistikak betetzen ari baldin badira, egun hartatik gaur arte 310.000 hil dira Estatu Batuetan suzko armaz. Lau zero, bai. Irailaren 11n baino ehun aldiz gehiago. Urtean, batez beste 31.224 hiltzen dira (12.000 inguru hilketak dira, 17.000 suizidioak eta gainerakoak istripuak), haietatik 3.000 inguru haurrak eta nerabeak. Atera kontuak: egunean, 86. Alegia, duela hamar urteko atentatuetan adina lagun hiltzen dira tiroz, AEBetan, bost astero: hiru mila lagun hil dira tiroz azken 35 egunean, batez beste beste hiru milak galduko dute bizia hurrengo bost asteetan, beste hainbeste hurrengoetan. Eta segi.
Hau mundu arranoa: alferrik saiatuko zara ur botila batekin aireportuko kontrolgunea zeharkatzen, Irailaren 11 ez baitzen alferrik gertatu, baina eragozpenik ez, demagun, AK-47 batekin jendez gainezka dagoen edozein lekutara sartzeko.
Handik eta hemendik
AK-47
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu