Aldaketa
Hiltzen denean, gorpua errausteko, agindu hori emana zien bere hurbilekoei. Bat-batean, ordea, iritzia aldatu du. Lurpera dezatela, egin diezaiotela zulo ondradu bat eta sar dezatela bertan. Ez du zementuzko edo marmolezko hilobirik nahi. Lurpean nahi du, azpian lur hotza, gainean harria.
Bazkal garaian, senideek iritzi-aldaketaren zergatiaz galdetu diote. Lehen haien zen sutsua bere ditxosozko errausketarekin, eta orain...
Berak, koilara dilistekin bete, eta, hura erakutsirik, esan die: jaten dudana, okela izan nahiz begetala, naturatik jasoa da, eta jandakoagatik naizena itzul dadila naturara. Berdin nazala lurrak eta nire gorputz-atalek gizen ditzatela harrak; harrek goza dezatela lurra; nire gorpua guztiz digeritu ondoren,lurrak obra dezala fruitu berrien miraria... Hilda gero ere, natura izaten eta natura egiten segitzea, hori da nire azken borondatea...
Senideak isilik gelditu dira, platerei begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu