Gaztelerazko aditz bati —tegi atzizkia erantsi eta euskal kutsu halako bat ematen diote hitz berriari. Hala sortutakoen artean, aprobetxategi izango da hedatuena. Amarrategi-k ere fortuna handia egin du futbolaren munduan, eta partida-hasierako emaitza bera defendatu nahi duenari esaten zaio. «Ni ez naiz amarrategi bat, baina ezta potrobuztan bat ere» bota zuen behin Manolo Preciado entrenatzaile hil berriak. SER irratikoek aguantategi deitzen diete erresistentzia handiko txirrindulariei, ez zaie bururatu eskalategi deitzea eskalatzaileei…
Erabilera bitxi horren haritik zetorren herenegungo El País-en Peridis umoregilearen zirtoa. Urkullu, txapel gorri bat buruan duela, hizketan ari zaio Raxoiri. Bazter batean, Otegi ikusten da soka batekin lotuta, eta jeltzaleak Raxoiri eskatzen dio ez izateko ez amarrategi ez encarcelategi ere, orain liberategi izateko momentua dela, eta biltzeko indultategi izateko kemena ere.
Hitz beste
'Amarrategi'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu