Itziar Diez de Ultzurrun Sagala.
ARKUPEAN

Adinak eta erabakimenak

2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Gure gizartea hagitz helduzentrista da. Helduen ikuspegia da ororen ardatz, eta ikuskera horren arabera antolatua dago gure mundua. Nagusitasun horrek zilegiztatzen ditu helduen eta helduak ez direnenume, nerabe zein adinekoen arteko harreman asimetrikoak, helduenak direlako mundua ulertzeko eta munduan eragiteko lehenetsi beharreko ereduak. Paradigma horren kategorietan, helduak dira gara gizaki oso, umeak oraindik ez eta zaharrak jada ez; beraz, haiei guri dagokigu erabakimena arlo guztietan eta, batez ere, guztionak diren arloetan.

Zorionez, gero eta ozenago salatzen dira nagusitasun horren ajeak, batik bat ume eta gazteen ikusmoldeak balioztatu eta erdigunera eraman behar direla aldarrikatzeko, baina tamala da indar berberaz ez salatzea adinean beste muturrean daudenen gainetik jartzeko eta haiek ikusezin bihurtzeko joerak, zeren erdigunean helduak baino ez dituen iruditeria horrek adinekoak gutxiesteko eta baztertzeko darabiltzan moduak ezbidezkoak baitira, nahiz eta aunitzetan nekeza zaigun haietaz jabetzea, batzuk oso erroturik daudelako eta beste batzuk oso sotilak direlako.

Jende adintsuak ezgauza balira bezala tratatzen ditugu maiz, adinekoak izate hutsagatik. Adeitsu izan nahian, hitzak atzizki txikigarriz hornitzen ditugu haiekin solastatzean, samurkeriaz mintzatzen gatzaizkie, behar baino gehiago goratuz ahotsa edo alferreko doinu kantaria eta melenga erabiliz, ohartu gabe parean duguna parekotzat hartzen erakusten dela begirunea.

Baina ezgai direla adierazteko beste modu krudelagoa ikusi izan dut, ama kudeaketaren batera lagundu izan dudanean: ez ikusiarena egitea. Medikuek hari azaldu beharreko xehetasun guztiak niri begira-begira eman dizkigute behin baino gehiagotan, ama han ez balego bezala, haren osasunari buruzko erabakiak haren esku ez baleude bezala. Bankuko langileek nik kostata eta amak aise ulertzen zituen azalpen luzeak eman izan dizkidate amaren kontuez. Amorruaren mugan egon naiz halakoetan. Amak garrantzirik ez balu bezala jokatu izan du, aurpegian igartzen nion atsekabea gorabehera.

Familiartean ere badugu zer aldatua, adineko gurasoak ditugunok bridatu beharreko bi bulkada oso tentagarri izaten baititugu: haiei galdetu gabe erabaki nahi izatea eta haien erabakietan neurrigabe eragin nahi izatea, guk hobeki dakigulakoan zein diren haien premiak. Isuri horren adibide aski argigarri baten berri irakurri nuen lehengoan sareko hedabide batean. Claire Berman idazleak kontatzen zuen nola orain zenbait urte liburu bat idatzi zuen adineko gurasoak zaintzeak zekartzan erronkez eta nola elkarrizketatu zituen hango eta hemengo hamaika emakume eta gizon, gaiaren ertz guztiei erreparatu nahian: gurasoren batez arduratzen zirenak, geriatrak, gizarte-langileak, osasun eta zaintza zerbitzuetako administrari, sendagile, erizain, psikologo eta haren ustez gaiaz zeozer interesgarri esateko zuten guztiak. Guzti-guztiak, adineko gurasoak izan ezik. Kazetaria orain ohartu da horretaz. Orain, ama adintsua bihurtu denean bera...

Halarik ere, iruditzen zait adineko jendea gero eta ahaldunduagoa dagoela, eta gero eta eragile politiko indartsuagoa izanen direla bai haiei doazkien borroketan pentsio duinen aldekoan, kasurako, bai denoi doazkigunetan. Adinekoak gero eta gehiago dira eta gero eta sasoikoago daude. Borroka latzetan zaildutakoak dira eta plazan segitu nahi dute. Azken asteetan pentsio duinak eskatzeko elkarretaratzeetan ikusi ditugu beste behin. Ziur nago adineko asko egonen zirela Donostian atzo presoen eskubideen alde kalean eta seguru dakit gaur adineko aunitz ibiliko dela Altsasun, haiek sortu ikastolen festan. Iruditeria soziokultural berriak behar ditugu adinei begiratzeko ere, adinak adin, denok garelako gizaki oso, eskubide osoz. Eta denoi dagokigu erabakimena arlo guztietan eta, batez ere, guztionak diren arloetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.