Garazi Kamio Anduaga.

B aldea

2024ko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun

Paris. Burura etor dakizkigukeen klixeak idatz ditzakegu lerro hauetan. Izan daitezke betikoak, filmetan ikusi ditugunak edota bakoitzak bere buruan sortu eta elikatu dituenak. Frantziako Estatuko hiriburua erromantikoa izan baitaiteke eta era berean errepikakor, lau paretaren artean gatibu dagoenari bisita egiteko arrazoia oraindik ere bada eta. Sena ibaiaren ertzetik pasea gaitezke soineko urdin bat soinean dugula eta bide batez Izaroren Paris kanta osoa abestu, bidean topatzen dugun okindegi bakoitzeancroissant bat erosi eta gurina gure zainetan nola barreiatzen den sentituz.

Oso bukolikoa da Paris eta klixe guztien mugak gainditzen dituen hiria da. Estereotipoek, ordea, badute aspaldiko kasete zaharretan agertzen zitzaigun B alde hura ere. Berez jaramon handiegirik egiten ez genion zati hura zen alfabetoaren bigarren hizkia zeraman aldea. Inork espero ez zuen zatia zen, horrenbesteko fama ez zuen huraxe. Eta guri beste horrenbeste gertatzen zaigu. Izan ere, gure irudimenean loratzen zaigun harresi salbatzailea behera etor daiteke begiak ondo irekitzen baditugu. Bere bi begitxoak harriduraz ondo irekita eraman zituen bueltan emakume estatubatuar batek atlantikoz beste aldeko bere etxera Paristik itzultzean. Lasai, bere esperientzia lagunei kontatzeaz gain, mundu osora ere zabaldu baitzuen. Pariseko bidaiatik bueltan harriduraz kontatu zuen hiri hartan frantsesa gehiegitan entzun zuela. Dirudienez, bere buruan sortu zuen hiri perfektu hartan ingelesez hitz egiten zen eta hara! Argiaren Hirira iritsi eta Eiffel dorrea erori izan balitzaio bezala izan zen: a zer-nolako atsekabea etxeko hizkuntza atzerrian ez entzutean!

Botere linguistikoaren adibide diren bi hizkuntza jarri zituen borrokan emakume hark. Mundu anker honetako edozein txoko galduetan bere etxeko hizkuntza erabil dezakeen emakumeak bere hizkuntza eskubideak urratu zirela esan zuen. Beraz eta berak zioena ondorioztatuz, jakin andre-jaunok, Parisen ingelesez gehiago hitz egin beharko litzatekeela.

Gurean ere badugu halakorik, eman baitu buelta horrenbestetan errepikatu behar izan dugun eskubideon kaseteak. Hasi gara Osakidetzan espainiar hiritartasuna ez duten medikuak kontratatzen. Medikuak eta erizainak behar ditugu eta kanpotik datozen horiek hainbat baldintza bete behar dituzte. Horietako bat, espainiar estatu osora zabaltzen den eskakizuna, gaztelania mailarena da. C1 maila egiaztatu beharko dute medikuek zein erizainek. Eskakizun hau jakin ondoren, geure baitan dagoen grabagailuaren play botoia zanpatu dugu eta era berean aspalditik entzuten ari garen kasetearen B aldea entzuten hasi gara.

Hainbat urtetan euskaldunoi egin izan diguten galderak erantzuna erakutsi die ulergaitza egiten zitzaien haiei: atzerriko medikuek gaztelania maila gorena izatea ezinbestekoa zaie. Derrigorrezkoa da orain edozein ospitale edota edozein osasun zentrotan medikuek euren pazienteek diotena ganoraz ulertzea. Halako sintesia entzun ondoren, geure txanda da hainbestetan entzun dugun galdera egiteko: zer nahiago duzue mediku on bat ala behin kontsultan zaudenean, kontatzen diozun guztia goitik behera ulertuko duena?, biak bateragaitzak balira bezala. Hamaika aldiz entzun dugun galdera ironiaz josita jaso izan dugu. Ironia oro desagertzen da hain urrunekoa eta ulergaitza suertatzen den egoera norberaren azalean itsasten denean. Hizkuntza hegemonikoaren jabe direnek arrakala txiki bat topatu dute euren bizitza linguistiko lasaian. Hala ere, ez dute euren burua kanpoko erasoz jositako arrakalez beteta dagoen hizkuntzaren pare jarriko. Goliatek bere buruari eman dio sekulako zartakoa: Davidi zihoakiona bumeran baten itxuran etorri zaio bueltan. Beharbada Parisera egin beharko du bidaia han zenbat gaztelania hitz egiten den ikusi ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.