oihana arana

Amore ematea

2024ko urtarrilaren 26a
05:00
Entzun

Erromantikotasuna hilabete bat izango balitz urtarrila izango litzateke. Zeru urdina, baina mendi gailurrak elurtuta. Sekulako hotza, baina bizikideei zopa beroa prestatzeko desio altruista. Ispiluei baino gehiago leihoaren bestaldekoei begira egoteko desira. Mantapetik ederrago ikusten dira paisaia jelatuak. Urtarrilak ematen dizkigu hasiera posible batek dakartzan poz horiek guztiak, eta aldiro hutsetik hasteko gai garelako uste okerra. Erromantizismoa ez ote zen ba fantasiari jaten ematea?

Ahoa bete-beteta hasten dugu urtea. Antsiaz. Mahatsak oraindik irentsi gabe gaudela egiten digute ihes hitzek ezpain ertzetatik. Ufte beffi on! esan eta gero erabaki egin behar da ahoko masa hori guztia berriz platerera bota edo irentsi. Erabaki horren araberakoa izaten da gero urtea. Bi aukera daude: deseroso sentitu arren duintasuna performatzea edo nazka ematea ondo bizitzen jarraitu ahal izateko baliabide duin bat dela onartzea. Ez dakit denoi gertatzen zaigun, baina niri ahaztu egiten zait mahatsek azala eta haziak izaten dituztela eta hori dela, hain zuzen ere, erritual horren akatsa: artean ahoan lekurik ez daukagula hasten garela urteari gauzak eskatzen.

Ez dut ezkor jarri nahi, baina... Kirol gehiago egin nahi zenutenok. Kirolarekin duzuen obsesioa apaldu nahi zenutenok. Otorduak aurretik planifikatu nahi zenituztenok. Egunero gosaltzen hasi nahi zenutenok. Zeuen burua hobeto ikusteko argaltzen hasi nahi zenutenok. Norbere burua hobeto ikusteagatik argaltzea tranpa lodifobo bat dela benetan barneratu nahi zenutenok. Supermerkatuan gutxiago eta azokan gehiago erosi nahi zenutenok. Gutxiago erosi nahi zenutenok. Hizkuntza berri bat ikasi nahi zenutenok. Euskalki berri bat ikasi nahi zenutenok. Podcast bat egin nahi zenutenok. Podcastak entzuteari utzi nahi zeniotenok. Garraio publikoa erabiltzen hasi nahi zenutenok. Lanera bizikletan joaten hasi nahi zenutenok. Asteazken iluntzero zinemara joaten hasi nahi zenutenok. Goiz oheratzen hasi nahi zenutenok. Balkoian geranioak landatu nahi zenituztenok. Maiteenei loreak oparitzen hasi nahi zenutenok. Amonari egunero deitu nahi zeniotenok. Bikotekideekin gutxiago eta lagunekin gehiago egon nahi zenutenok. Infusioak hartzen hasi nahi zenutenok. Erretzeari utzi nahi zeniotenok. Kalean aurikularrik gabe ibiltzen hasi nahi zenutenok. Musika berria deskubritu nahi zenutenok. Liburuak erosi beharrean liburutegian hartzen hasi nahi zenutenok. Durangoko Azokan erositako liburu guztiak irakurri nahi zenituztenok. Prokrastinatzeari utzi nahi zeniotenok. Ezetz esaten ikasi nahi zenutenok. Iaz jarritako helburuak aurten benetan bete nahi zenituztenok. Urteak 26 egun bete ditu. Garaiz zaudete amore eman duzuela onartzeko.

Zuen hitzak irents ditzakezue edo platerera bota, bestela. Berbek ere azala eta haziak izaten dituzte. Baina ez dut uste, egiari zor, zirujauaren zehaztasunez berba guztiak larrutzen hastea denik pozik bizitzeko metodo egokiena.

Eszena gore bat izan zitekeen. Baina azkazalekin mahatsei azala kentzen irudikatu dut neure burua eta mahats eskukadak baino pena handiagoa eman dit nire begiradak. Urtea ondo hasteko ahalegin sinboliko bat, samurtasun berehalako baten bilaketa desesperatua. Azken aukera. Uste dut zoriontsuagoak ginela lakasitoak jateak lotsarik ematen ez zigun garaian.

Ez dut erromantikotasunaren kontra nagoenik esango. Ez dezagun ahaztu, ordea, zein den fikzioa eta fantasia bereizten dituen marra gorria: gertagarritasuna.

Nostalgia baino praktikoagoak diren sentimenduek gidatzen dute ganorazko jendea. Esan beharrik ez dago ni ez naizela horrelakoa. Hortaz, ez dezala inork serioegi hartu nik hemen esandako ezer. Baina ez eskaini, faborez, zigarrorik erretzaile ohiei. Ez dago amore emanaraztea baino ekintza antierrromantikoagorik.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.