oihana arana

Amorrua emango dit

2024ko otsailaren 9a
05:00
Entzun

Ez dut inoiz geraniorik zaindu, baina erraz irudikatzen dut neure burua txabusina jantzita jardinera bete geranio ureztatzen. Performance atsegina iruditzen zait, lasaigarria, elegantea. Aurretik ez nuen sekula egin, baina azkenaldian donostiarra naizela antzezten dut hiriko saltokietan eta maskara berria erantsi diot nire egunerokotasuneko hizkuntza-ohituren multzoari. Grazia handia egiten dit gera, dezu, adio eta antzeko berbak erabiltzen ditudanean nire gorputzak hartzen duen jarrerak. Aurrekoan, kaldereroak gure etxepetik igaro zirenean, ohetik jauzi egin eta leihotik begira egon nintzen; soinuak esnatu baninduen ere, halako egoeretan leihotik begira egoten den señora adeitsua izateko indarra eman zidan pijamak. Nola egiten diren jakin gabe gauza asko egiten ditut: bisagrak konpondu, galtzerdiak josi, aholkuak eman... eta ondo ikasita daukat une bakoitzean gauzak ondo egiten ari naizela erakutsiko duen aurpegiaren nolakotasuna.

Azkenaldian gatazka handia dut elegantziarekin. Ilea garbitu gabe eta amonaren alkandorak armairuan utzita egin ditut azkenaldiko agerpen publikoetako batzuk. Argazkiak, bideoak, aurkezpenak. Idazle mozorroa jantzi gabe. Edo mozorroa aldatuta. Jantzita daramagun horrek gugandik espero duten horretan eragina du. Jantzita daramagun horrek aldatu egiten du gure jokabidea. Eta oso garrantzitsua da une bakoitzerako traje egokia hori guztia kontuan hartuta aukeratzea. Oso garrantzitsua da txandala jantzita eta ilea garbitu gabe noanean ere neure buruari munduan egoteko legitimitatea aitortzea. Eta aitor diezadaten lortzea. Feminitateari ihes egitea. Feminitatea apurtzea. Feminitatea beste begi batzuekin ikustea.

Inauteri garaian gaude. Lurra esnatu da. Badakit liminalitateak ate interesgarri batzuk irekitzen dituela eta askatzailea dela. Badakit garai hauetan sinbolikoki ez direla legeak existitzen. Badakit kaosak agintzen duela eta horrek laguntzen duela gizartea berregituratzen. Badakit parrandak betetzen duela funtzio hori. Eta alkoholak eta zaratak eta anonimotasunak. Badakit hori hala izatea ez dela inoren ardura indibiduala. Halere, zorionez edo zoritxarrez, ez gara The Purge filmean bizi. Ezin dugu nahi duguna egin. Ezin dugu nahi duguna eginda guk nahi dugun moduan irakurriak izango garela sinistu. Ez gara izaki prepolitikoak eta amoralak. Ez dago tabula rasarik. Ez gara botere gabeko pertsonak. Arau sozialak ez dira desagertzen inauteri egunean. Goiak goian jarraitzen du eta beheak behean. Biolentziak existitzen segitzen du. Garena izaten jarraitzen dugu eta garen lekutik egiten ditugu gauzak. Egun hauetan egiten dugunak asko esaten du egunerokotasun arrunteko gure jarrerei buruz.

Horregatik emango dit amorrua bihar pijama jantzita leihora gerturatu eta minigona eta globo erraldoiak feminitatearen ikurtzat nola hartzen diren ikusteak. Gizonak fantasian baino existitzen ez diren emakume gorputzak performatzen ari direla aguantatu behar izateak. Lapiko erraldoi baten atzean blackfacea egiten ari den bitartean tribu kanibal mozorroa daraman kuadrillari ezer ez esateak. Pobrezia mozorro oso zilegia iruditzen zaion jendea existitzeak. Txoni mozorroa aukeratzea botere erakustalditzat ez duen edozein taldek.

Lotsa ematen dit, eguneroko maskarek hainbeste buruhauste sortzen dizkidaten honi, egun bakarreko mozorroan horrenbeste hanka-sartze egiten dituen jendeak. Are, ez dut uste hanka-sartze soilak direnik, hankek zapaldu egiten dute. Ez zaizkit inauteriak gustatzen. Aspaldi asumitu nuen nire zapuztaile rola, baina gauza batzuk ezin dira egin. Sinisten dut satiran eta sinisten dut lotsa galtzeko erritual kolektiboetan, baina uste dut norbere fantasia frakasatuak erakusteko kabalgatak egunero egin beharko genituzkeela gure herrietako kaleetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.