elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Antipodetan

2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Kaleko loreontzi handietan ikusi nituen lehenengoz: txantiloi batekin egindako pintada ondo diseinatu eta txukunak ziren, berdez. «541.600 baino gehiago» zioten. Zer esan nahi ote zuen? Otu zitzaidan Donostiako etxebizitzen prezioari buruzkoa izan zitekeela idatzia. Hurrena udaleko panel batean ikusi nuen pintada: udalaren kanpainaren bat izango da? Ba ez.

Astetan ibili nintzen mezua deszifratu ezinik, harik eta jakin nuen arte 541.600 gainditzen duen kopurua Hego Euskal Herrian prekarietatean bizi direnei dagokiela. Milioi erdi luze horretatik 311.000 emakumezkoak omen dira. ELA sindikatuarena zen letra eta zifra hutsezko kanpaina banksyarra. Orain, bizkarrean Glovoko pakete-motxila erraldoia daraman bizikletari presatuegia bidegorritik pasatzen ikusten dudanean, edo espaloian kurpildun aulkiari bultzaka doan beltzarana gurutzatzean, «541.600 baino gehiago» kantatzen dit burmuinak automatikoki, zorigaiztoko loteria bailitzan.

Loteria beltzean, Iberdrolaren azken faktura: aurreko hilabetekoa baino %23 garestiagoa. Leungarri gisa, bono sozialari buruzko informazio papera bidali didatefakturarekin batera. Euskaltelek Ukrainara deiak dohainik egitea eskaintzen didan bitartean, etengabe deika dabilzkit telefono konpainiatik, behar ez dudan auskalo ze promozio eskaintzeko. Gerra ekonomiarako taktikak?

Youtuben saltsatzen nabilela, hara non azaltzen zaidan Noam Chomsky. 34 minutuko hitzaldian Ukrainako gerra aztertzen du, nazioarteko testuinguruan kokatuta. Ardatza: «Estaturik garrantzitsuena AEBak dira, II. Mundu Gerraz geroztik gizarte mundiala kontrolatzen baitu, Nazioarteko Zuzenbidea zeharo mespretxatuz». Baieztapen horri eusteko Chomskyk aipatzen dituen adibideak: Afganistan, Yemen, Gaza eta, azkena, Sahara. Iraganetik Txileko kasua dakar, Pinochetek Allende presidentea eraitsi zuenekoa, CIAren laguntzaz. Ukrainara itzulita, hauxe dio hizkuntzalariak: «Bistakoa da ezin dela jakin diplomaziak funtzionatuko ote duen, ahaleginik egin ezean. Oraingoz Estatu Batuek, beren aliatuen babesarekin, uko egin diote bide horretan saiatzeari, bitartean ukrainarrak zoritxar izugarrienera kondenatuz».

Hizkera pausatu eta nekosoaz aletzen ditu arrazoi horiek denak 93 urteko gizonak, ahotsa altxa gabe, baina ziurtasun osoz. Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkak bihotza ukituko dio Chomskyri, eta ez bakarrik bere bizi osoan erakutsi duen konpromiso eta militantziarengatik; gurasoak judu jatorrikoak zituen: aita Errusian bizi izana eta ama Bielorrusian jaioa.

Ione Belarrak zuzentzen duen Eskubide Sozialen eta 2030 Agendaren Ministerioak dauka jarrita Chomskyren hitzaldia Youtuben. Bitartean, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak duela astebete Ukrainari agindutako armamentu eta ekipamendu militarrak biderkatu egiten du —Sanchez beraren hitzetan— otsailaren 24az geroztik emandako laguntza. Bistan da Ysabel itsasontziak daraman gerrarako karga Chomskyk aldarrikatzen duen bide diplomatikoaren antipodetan dagoela.

Demokrazia konbentzionalaren antipodetan dagoen bezala Pegasus espioitza kasua, eta horri buruz Espainiako Gobernua egiten ari den kudeaketa. Frankismo garaian —eta geroxeago ere bai, artean sakelakorik ez geneukanean—, poliziak egiten zituen telefono zulaketak norberak antzematen zituen askotan, teknologia ez baitzen oso sofistikatua eta zarata susmagarriek salatzen zuten entzuketa; gerta zitekeen, ordurako, telefonoguneko langileren batek abisatu izana telefonoa kontrolatuta zeneukala. Orain teknologiaren puntan daude belarriluzeak eta proportzio inbertsoan haiei iskin egiteko bitartekoak. Orduan bezalaxe funtzionatzen duena inpunitatea da: poliziena, eta haiei baimenak, aginduak eta babesa ematen dizkieten arduradun judizial eta politikoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.