mikel elorza
ARKUPEAN

Bakardadearenak

2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Tarteka ezagutzen ditugun azterketa zientifiko inkietagarri horietako baten berri izan dut egunotan, zeinaren arabera bakarrik bizi direnak lehenago hiltzen diren. Behar baino lehenago ez dakit, bakarrik bizi ez direnak baino lehenago. Odol-jarioak eta bihotzekoak eta ez dakit nik zer beste kalamidadetarako joera handiagoa garatzen da, nonbait, bakardadean.

Bakarrik bizi arren beti jendearekin dagoenik izango da, eta beti jendez inguratuta egonagatik ere bakardade sakonenean bizi denik ere makina bat, eta pentsatu nahi dut aldagai horiek azterketan kontuan hartuko zirela. Azterketa serioa bada... Besterik da bikotea aurkitzeko negozioan diharduen enpresa batek sustatua izatea azterketa, eta orduan ez dago aldagaien beharrik, esaera zaharrak aspaldi baitio: esadazu nork pagatzen duen azterketa eta esango dizut emaitza.

Onartu beharra daukat azterketaren ezagutza oso albokoa dudala, eta interesekoa baino ez dudala hona ekarriko, nire helburua ez baita analisi soziologiko sakonetan sartzea ur handitan murgiltzea, gaiari heltzeko hari-mutur okerren bat topatzea baizik, gero nik nahi ditudanak esan ahal izateko. Alegia, iritzilariok normalean egin ohi duguna, tertuliaren anparo jendetsuan edo artikuluaren bakardadean. Niri atentzioa eman didana,bakarrik bizi direnen goizago hiltzeko joera hori dela-eta, psikologo sozial —hitz elkarketa ere...— baten azalpenak izan dira. Alde batetik zeudengauza prosaikoak, baino zentzuzkoak izan daitezkeenak: familian bizi denak botikak nor jarri ere badauka, abandonu higieniko eta fisikoa zailagoa... Baina bazegoen bestelakorik ere, kontaktu eta kariñoak dakarten onurari —eta beraz gabeziari— buruzkoa, harritu nauena. Ez onurak edo gabeziarenak, baizik eta lantegi handirik gabe imajina ditzakedala igurtzi eta kariñoa ahanzturaren artxipelagoan utzitako bikote asko, mila urte elkarrekin bizi izanda ere bakoitza bere ildoan, eta are, imajina ditzaket dauden igurtzi eta kariño bakarrak gogoz kontrakoak diren etxeak, eta gainera, zenbait eremu familiarretan sortzen dengiroaren karga askoz toxikoagoa iruditzen zait bakardadea bera baino.

Azken batean, eta ez noa ni urak busti egiten duela deskubritzera, bakardadea bilatua edo etorria den diferentea da oso. Hori denok sumatzen dugu, Soziologia titulua PPko Madrilgo hainbat buruzagik bezala lortuta ere. Konpainia normalean bilatua izaten da —munduaren parte handi batean bortxazkoa—; arazoa da konpainiak noiz uzten dion laguntzea-ren esanahia izateari, eta hartzen duen alardeetako esanahia, militarra, kapitain bat daukana eta kantinerak eta...

Tabernako soziologiarekin jarraituta, esango nuke arazorik handiena bakardade soziala dela. Etxean senarra beharrean katua edukitzeak odol-jarioen arriskua ez dut uste ekarriko duenik; sozialak, berriz... Besteekiko konexio eta harremanetatik at bizi nahi duenik izango daeta akaso iritsiko da mendea betetzera —iritsiko da, bai, baina ze luzea egingo zaion!—, baina hurkoak aberastu egiten duela uste dut. Harremanik ezean, konbertsazio bat, begirada bat, eztabaida bat, paseo bat, basoerdi bat, kontzentrazio bat, bilera bat... horiek gabe, nahiz eta jendez inguratuta egon, bakardadea dator, eta hori izan liteke gaiztoa, ene uste zapalean.

Eta ez da teknologiena errua, ez haien erabilera desegokiena, bizimodu eta antolamenduarena baizik. Komunidade perspektibak galtzen ari gara, jardun sozial aktiboa, eta banakoaren goraltzea da boladakoena. Adierazgarria da eskubidea dela egungo ikonoetako bat, baina eskubide indibiduala, guztienak omen diren horiek, baina modu banakakoan ulertuta: norberak dituenak, nahi duguna egiteko eskubidea, nork berea eduki eta zaintzekoa, nork bere...

Gure Esku Dago izeneko ekimena egin berri dugu, eta pozgarria da, Beste Norbaiten Esku Dago garaietan bizi garela kontuan izanda. Elkarri eskutik heltzeko zapia erabili behar izana, lastima.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.