lizar begona

Daitezkeenak, litezkeenak eta zitezkeenak

2024ko apirilaren 3a
05:00
Entzun

Kuriosoa da bideak nola eraikitzen diren behatzea: zein irizpidek markatzen duen zer norabide hartu, zeren araberako erabakiak hartzen diren alde batera edo bestera jotzeko, nolakoa den atzean uzten denaren eta hautatzen denaren arteko balantza, zenbat aldiz begiratzen den kaminoan utzitako dena, galdutakoak urrundik nolako itxura duen berriro ikusteko. Bide-buru bakoitzean egiten da kamioa:

Izan daitezkeenak: ate irekiak, Orain ponpadunak, amets-haragiak, une egarrituak. Oraindik zapaldu gabeko estepak. Gaztaroan irrikatsu edo beldurgarri agertzen zaigun ordoki hori, ibilian-ibilian eta zahartzean txikitzen doana.

Izan litezkeenak: ate urrunak, Bihar desiratuak, amets nagiak, irudi edertuak. Bertigoa ematen duen altueratik ukituko genukeen zeru bat, arriskua.

Izan zitezkeenak: ate itxiak, Atzo iragana, amets-zahagiak. Lehenaldian hartutako erabaki guztien zakua, damuak, doluak, berriro egingo zenituzkeen edo sekula errepikatuko ez duzun guztiaren zerrenda pertsonala.

Intersekzio bakoitzean abaniko osoa irekitzen zaizunean, aukera guztiak alderik alde agertzen zaizkizunean, denak eskura eta distiratsu eskaparate batean bezala. Eta erosi aurreko zirrara (garaikide) hori. Eta erabakimenaren adrenalina. Dena nahi, dena bizi nahi, eta ezin denari heldu. Bidegurutzeetan nahastu ohi dira zalantza, beldurra eta erabakia.

Zain egotea da posizio bat, eta munduaren kausalitate arrotzek bidea egin dezaten uztea, «deliberorik hartu behar ez den parentesiaren baitan» egon, leku eta denboraren jabe gorputza eta arima eman, gidari izateari uko egin eta bizitzari distantziatik begiratu. Thyke jainkosari bereak egiten utzi, eta giza patu guztiak axolagabeki random erabaki.

Interesgarria iruditu zait aurten lanak argitaratu dituzten hainbat egilek prozesuen inguruan kontatu digutena. Arreta piztu dit euren sortze bideak esplikatzeko darabilten terminologia simetrikoak. Anarirentzat, adibidez, arriskua da beti leku seguruena sortzeko: «Bertigoa behar dut, eta kasu honetan bilatzera joan naiz». Gorka Urbizuk zalantza aldarrikatu du bere bakarkako lehen lanean, eta Ander Lipusek Epikuroren klinamen terminoa (atomoek ibilbidetik desbideratzeko duten gaitasun espontaneoa) aipatzen du sorkuntzaren muinean, bizitzaren sorpresa.

Lipusen hitzetan ez dago sorkuntzarik kaosik gabe, anabasaren inguruan eraikitzen omen da dena, eta denak balio du. Baina dena ez dela edozer gauza. «Ezetzaren printzipioak garamatza aurkitu nahi dugun leku horretara. Argi dagoenean zer ez duzun egin nahi, egin nahi duzun horren bila hasten zara. Emaitzak ez du axola. Bideak du dena egiten. Bidean egiten duzu dena». Bat-batekotasun horri heltzen dio aktoreak ere, eta esaten du hutsunera salto egiten denean soilik egiten dugula topo ustekabeko fenomenoarekin.
 
Akordatu naiz Zoria zuela izena 2016an Okela Sormen Lantegian egin zen erakusketa batek (Usoa Fullaondo, Mikel R. Pejenaute, Leire Muñoz artisten eskutik). Erakusketan zalantzen eta desiraren arteko konplizitatea zekarten agerira, nola dudak areagotzen duen nahia. Eta pazientziaz itxaroten jakiteko aldarria egiten zuten. Ezusteak bidearen gidaritza har zezan, emaitza ezjakina bihur zedin. Ludikoak duen ziurgabetasunari leiho bat ireki.

Bizitza arruntaren parametroetara estrapolatu, nahi baduzu: azukrearekin ala azukre gabe, kulero marradunak ala motadunak, erraustuta ala zientziarako, garagardoa ala kalimotxoa, ama izan ala ez izan, etxe batera ala bestera, eguna ala gaua. Zalantzati kronikoontzat zinez da nekeza egunerokoa. Bizitza delegatuko genuke, bidearen agintea besteari eman, txikikeria oro tonbolan jokatu. Aldare txiki honetatik dudaren alde egiten dut; harridurak, jolasak eta bat-batekotasunak magia berezia baitu. Baina, kasu: indeterminazioa ere gaitz bat da.  

Post Scriptum: erabakitzeko pribilegioa duenaren erosotasunetik ari naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.