mikel elorza
ARKUPEAN

Deserosoaren apologia

2017ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Jendartean gorroto gehien biltzen duenetakoa da. Gizartean bai behintzat, emakume artean ez dakit. Salatariaz ari naiz. Munduko gauzarik okerrena izan daiteke bat, salataria izan ezik. Taldekoindarra, ausardia, alfa arrarekikoleialtasuna... balio horietaz ari naiz, eta hor bi dira delitu larriak: koldarra izatea (ahula, neurri batean), eta salataria izatea. Gehienbat gizon-arekin lotutako balioak dira, eta horregatik hasieran nioena, baina oker egon naiteke.

Kulturan ere txertatua da. Liam O'Flahertyren eleberria etor daiteke gogora (John Forden filmaren bitartez askorentzat), eta beste anitz liburu edo film. Ematen baitu fikziorako, errealitateak ere ematen duelako. Salatariak bekokiko marka bibliko zahar hori baino madarikazio handiagoa darama.Chivata/o, mouchard/e, hitz gogorrak dira, karga ikaragarrikoak. Ez dakizula gainera erori!

Ondo. Baina eta salatzailea?

Ez niri diskisizio filologikorik eska, inorentzat berdina izan baliteke ere, baita Euskaltzaindiaren hiztegiarentzat ere, bereizi egiten ditu nire belarriak: eta ez har hizkuntzarako erreferentziatzat, belarri motza da nirea.

Eta salatariarena bezain figura gaitzetsia ez izanagatik, jende gutxiri jokatzea gustatzen zaionlana da salatzailearena. Ekar litzakeen trabez gain, ekar litzakeen ondorioez gain —salatuen errepresaliak, bazterketa—, gaiztakeriarako sinpatiak ere izango du zerikusirik, boterearekiko errezeloak. Brassensek kantuan bezala, guk ere lapurrari ordez atzetik doakion lapurtuari nahiago egitea zangotraba. Polizia ez dugu maite — «baina premia duzunean fite jotzen duzue haiengana, e?»— eta salatzeak nolabait haien lubakira lerratzea esan nahi du, eta askok arau edo legearen plaza irekia baino arkupe ilunak nahiago.

Ez nau inkomodatzen jarrera horrek, inor lapurretan edo zerbait puskatzen edo trafiko-arau bat hausten ikusi eta ez salatzeak. Betidanik, ordea, joera hori beste hainbat eremutara eraman izana buru barruan okil izan dut, zenbait jarrera eta ekintza isiltzearena kezkagai. Bidegabekeriaren aurrean salaketa behar baita. Ergo, salatzaileak.

Kontua ez da noski bidegabekeria agerikoaren aurka aldarrika ibiltzea, horrek ez du arazorik sortzen bueno, aspaldian.... Gaiztakeria txikiek, broma eta normalidade mozorroa duten bidegabekeriek ematen dituzte lanak. Auzoek, ezagunek, hurkoek egindakoek. Irain honek, txiste sexista hark, mespretxu larderiazkoak, jarrera prepotenteak, botere gehiegikeriak... Asko dira, bizikide izan ditugunak, bizikide ditugunak, eta salatzen ez ditugunak.

MeToo ari dira munduan. Erasoak salatzen dituzte, erasotuek. Laster erasotzaileak ere hasiko dira MeToo, inoiz egindakoa salatzen. Ondo hartua izango da, egilea ezaguna bada batez ere. Eta ondo dago, baina ez du balio, ez da nahikoa. Gure kultura kristau honetan konfesioaren bitartez lortzen da absoluzioa, errezatu eta bekatu egiten jarraitu ahal izateko. Ez, bada. MeToo-ak biktimarentzat balio du, biktimatzaileok YouToo erantsi behar dugu. Egunerokoan, gure buruari ez ezik aldamenekoari gogoratuz hori ezetz, horrela ezetz. Eta da emakumeari, homosexualari, ahulari, gizenari (nork erabakitzen du gizena zer den?)... desberdinari.Eta da trago bat hartzen, erosketak egiten, autoa aparkatzen. Eraso egin izana onartu eta deitoratu duena baino, eraso egin ez duena da balego, goraipatu beharrekoa. Eredu bilakarazi beharrekoa.

Salatarien apologia egin nahi ote dudan, Elia Kazanen gisa? Ez, mesedez, ez. Hori izatea bezain okerra da, okerragoa ez bada. Eguneroko boterekeria txikien salaketarena egin nahi dut defentsa, ertzak seinalatzen dizkigun pertsona deseroso horien apologia. Inork gonbidatzen ez dituen horiek, ez direlako isilduko, salatu egingo zaituelako, biluztuko zaituztelako... arkupeetatik bertatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.