Irati Zubia Landa.

Deserritik idatzi dutenen lezioa

2024ko otsailaren 16a
05:00
Entzun

Cortazarren ipuinek bi izaki mota marrazten dituzte: kronopioak eta famak. Kronopioak errimarik gabeko poemak dira, alegreak, deskuidatuak. Etxetik aske uzten dituzte oroitzapenak. Aztoratuta, bazter batetik bestera ibiltzen dira oroitzapenak, eta, kronopioren batek haietako batekin estropezu eginez gero, kontuz ibiltzeko esaten die, amableki. Famak arretatsuak eta kontrolatzaileak dira, baita memoriaren kudeaketan ere. Kronopioen karismak eta kezkarik ezak betidanik enbidia eman didan arren, hondoan beti izan naiz apur bat fama. Fama batek pentsatuko luke: oroitzapenak aske uztea, ene, hori da hori arduragabekeria.

Memoria gauza delikatua da, eta komeni tentuz ibiltzea. Leoncio Badiak bazekien hori. 1939 eta 1945 artean errepresio frankistak lurperatzaile lanetara kondenatu zuen. Isil-isilik eta kontu handiz, hildako kide errepublikanoen poltsikoetan objektu pertsonalak ezkutatzen zituen, etorkizunean hobi komunetan norbaitek gorpu haien izenak gogora zitzan. Sartzen zizkien botoiak, argazkiak, bitxiak, memoriari begirunea dionak duen arreta leunaz.

Y-Dang Troeungek zioen iraingarria eta mingarria dela zure historia kanpoko ahotsetan entzutea. Bereziki, ez duzunean zeure burua beste norbaitek diseinatutako erretratuan ikusten. Thailandiako Khao-I-Dang errefuxiatu zelaian sortu zen, 1979ean, Kanbodiako genozidiotik ihesean zen familia batean. Atzerritik bildu zituen bere herriaren memoriak. Memoria puskek ekartzen zioten atzean utzi zituen horiekiko erruduntasuna. Gurasoekin partekatzen zuen salbatu izanaren lotsa eta ongi ez gogoratzearen kezka.

Beshara Doumani irakasle palestinarrak txundituta aipatzen du oroitzapenek norbere gogoan eusteko izan dezaketen gaitasuna. Hark ere urrutitik idatzi du. Ez du oroitzen inoiz aita abesti hura kantatzen entzun izana, baina abes dezake oraindik Haifako kantua, Haifako azentuaz. Memorian iltzatutako pusketa horiekin ikus ditzake gazte harro arabiarrak Haifako kaleetan, Bigarren Mundu Gerraren eta 1948ko Nakbaren arteko urte horietan.

Sharif Elmusa poeta palestinarrak Emili Dickinson parafraseatuz dio oroitzapenak kapsulak direla, kapsulak dira airean. Abisatu gabe etortzen zaizkio errefuxiatu esparruaren irudiak, adibidez, supermerkatuan. Atun-latei begira bere lagun Husseinekin akordatzen da, eta eskertzen dio zeruari oroitzapen batek, batek daki nola, bizirauteko izan dezakeen erresistentzia.

Jean Said Makdisik jostun baten mainaz lotzen ditu oroitzapenak. Gerran zenean ezin omen zuen jasan ezen kortina zarratu bat, leiho hautsi bat edo metrallak paretan utzitako zulorik. Etengabe zebilen konponketak egiten. Orain, etxetik urrun, dio bere memoria palestinoa antzera bizi duela.

Deserriko pasarte hauek irakurri arte ez nintzen paratu memoriaz diotena pentsatzera. Iraganaz gain, orainari begiratzeko moduari buruz ere ari dira. Diote urrunetik genozidioa ikustea bere herriari memoriaren lente tranpatitik begiratzea bezala dela. Kide askok bezala, gertakariek eskuetatik ihes egiten diete. Tantaka heltzen zaizkie berriak, eta goitik eraikitzen diren errelatoen itzala dela medio, kontatzen ez denaren beldurra eta kezka dute. Oroitzapen bat benetan bizi zenuen edo ez asmatzen ibiltzea bezala da. Orainaldia iragana bezain labainkor bilakatzen da.

Badakite jazotakoa ongi gorde ezean etor daitekeela kanpotik norbait bertan eskua sartzera. Genozidioaren errelatoa gertatzen ari den bitartean idazten da, ordea. Bonba jaurti eta instantean ahazten du munduak apenas segundo pare bat lehenago lurperatu dena. Horra, memoriari ez ezik, orainari ere begirunea galdu dionaren amnesia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.