lizar begona

Enara batek ez du udaberria egiten

2024ko otsailaren 7a
05:00
Entzun

«Fasten seat belt while seated» eta uhalik gabe, badakizu. 3A aulkikoak 3Bkoaren sorbaldan jarri zuen burua ezer esan gabe. Irudiak hunkitu ninduen, bidaia batetik bueltatzen denaren emozio-magman aski da irudi eder bat bihotza ukitzeko. Ez dakit zergatik, baina gaur etorri zait akordura, udaberria dirudien negu honetan, loretan egon beharko ez luketen sentimendu artera. Ematen du jada ez dakigula goizetan lumadun txamarra ilunak ala niki koloretsuak jantzi. Eta hormonak ere hor: dopaminaz, serotoninaz edo feromonaz, ezorduetan eta konbinatu gabe ateratzen zaizkigu azalera.

Sagar bigunagoak, buru hanpatuko eta klorofila bako letxuga mikatzak, azido gutxiago eta alkohol gehiagodun ardoa, mingostasuna galduta dakarren lupulua (eta garagardo zaporegabea, beraz), babarrun, indaba eta ilar ale txiki-txikiak, erretako hostoak brokoli eta azetan. Inauterietako desfilerako prestatzen ari den fruta-barazki kuadrilla ematen du, zein baino zein mozorrotuago. Desitxura eta orduz kanpokoak. Karikatura, baina, mundu-mailakoa ari da izaten.

Sakura sasoia aurreratu egin omen da. Irakurri dut Japoniak 1.200 urtetan izan duen gereziondo-lore sasoirik goiztiarrena erregistratu zuela 2022an. Gereziek 400 eta 500 ordu arteko hotzaldiak behar dituzte nonbait udaberri hasieran ernaberritzeko. Baina azken lauzpabost urteetan hilabete lehenago kimatu dira. Loraldia begiesteko eta udaberriaren etorrera ospatzeko hanami-an elkartzen dira bertokoak: pikniketan eta ederraren kontenplazioan. Imajinatzen dut zirraraz biziko dutela hori guztia, udaberria barnean kreatzen hasten zaigunean denoi gertatzen zaigu.

Enaren etorraldia ere halatsu dabil. Akordatu naiz gure etxean obretan ibili zireneko garaian enara batek habia egin zuela gurasoena izango zen logelako bazter batean. Oraindik hormigoizko kubo gris bat zen, eta erpin-erpinean egin zuen buztinezko etxea. Urtero sasoi berean itzultzen zen, joan-etorrian eman zuen denbora luzea. Hasmentan gurasoen gelan, baina lanak bukatutakoan, leiho parean eraiki zuen bigarren ohantzea. Bere itzulerak pozez bizi genituen. Kanta batek dio enarak ez omen duela behin egindako habiarik inoiz aldatzen, urtero beti kabi berean kumeak dituela bazkatzen. Urte batean gurea ez zen itzuli, ba. Desitxura eta orduz kanpokoak...

Atentzioa eman dit inauterien jatorriaren teoria batek, jai horiek uztarekin lotzen baititu: espiritu gaiztoak uztatik aldentzeko nekazariek su handi bat egiten zutela dio hipotesiak. Grezian Dionisoren eta Erroman Bacoren omenez (biak kaosaren eta ardoaren jainkoak) ospatzen omen zirela aratusteak, eta lurraren emankortasunaren izenean egiten zela ospakizuna. Litekeena da estasia, poza eta askatasuna gailentzea festa horietan. Horra bakanal ospetsuak, mozkorraldiak eta gehiegikeria gastronomiko eta sexualak.

Beti maite izan dut inauterien surrealismoa, umorea eta zoramen kutsua. Areago udaberriaren ataria, zuhaitz eta barrenak loretan izatea, eguzkiak aurpegian ematen duenean sentitzen den maitatzeko eta bizitzeko gogo hori. Baina errealitatea barrukoz kanpora, hankaz gora eta atzekoz aurrera agertzen denean jai-giroa makabro samar gera daiteke. Mozorroek barrea baino beldurra eman dezakete, maskara guztiak munstro bilakatu eta poztasuna psikosi kolektibo. Mimosak petaloz jantzita daude, eta alergiek goizegi egin dute sudurretan lehen agerraldia.

Egañak kantatu zuen 1984an: «Enara batek ez du sekula udaberria egiten». Baina orain zerk egiten du negua negu eta udaberria udaberri?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.