Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Ereduak

2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Ricardo de Millalbes Aragoiko familia noble eta aberats baten parte zen. Bere seme nagusia, Antonio, ondoko erresumara bidali zuen han zituzten negozioak kudeatzera. Millalbes familiak artilea saltzen zuen eta horrenbestez Nafarroako Erresumako merkatariekin harreman zuzena zuten. Horrela ezagutu zuen Antoniok Catalina gaztea, Iruñeko bere bezero onenaren alaba zen eta laster ezkontza hitzartu zuten. Elkarrekin hiru seme-alaba izan zituzten eta Antonioren negozioei esker aberastu ziren. Baina 1645eko udaran Antonio gaixotu eta hil egin zen. Dagoeneko bi mutiko nagusiek zortzi eta sei urte zituzten eta alaba txikienak berriz hiru urte. Alargunaren asmoa zen Iruñan bizitzen jarraitzea senarraren negozioa mantentzeko eta bere familia nafarretik gertu bizitzeko. Baina Ricardoren asmoa bestelakoa zen; Nafarroako Gorte Nagusian salakatea jarri zuen esanez bere hilobak Aragoira bidali behar zituztela berarekin bizitzera, aitonaren ardura baitzen tutoretza bereganatzea eta txikiak gizontzea. Alaba txikia ordea beste kontu bat zen, aitonak onartzen zuen hiru urteko Mariak amarekin bizitzen jarraitu behar zuela, "emakume onaren lanbidea ikasteko", hau da, etxea kudeatu, garbitu, haurrak zaindu, etabarreko lanak ikasteko. Baina zortzi urteko Antonio eta sei urteko Ferminek "ama baino zerbait gehiago" behar omen zuten probetxuzko gizonak bilakatzeko.

XVII. mendean nesken heziketak eta mutilen heziketak oso ezberdinekoa izan behar zuela uste zen. Bakoitzari zegokion rola ongi betetzeko beharbezalako tresnak jaso behar zuela uste zuen gizarteak eta, noski, emakumearen rola eremu pribatuari begira, zaintzari hain zuzen ere, kokatzen zen bitartean, gizonaren rola eremu publikoari begira kokatzen zen. Emakumeon gaitasunak gorputzarekin, kontu fisikoekin lotzen ziren: titia eman, haurrak garbitu, jantzi, zaindu, elikatu. Beraz ama aproposa zen mutiko bat zaintzeko behar guzti hauek nagusiak ziren bitartean. Baina behar intelektualak hasetzeko garaiko pentsalariek argi zeukaten, gizon helduaren ardura zen gizontxoak hezitzea.

Gaur aurreiritzi hauetariko asko gainditu ditugula pentsatu dezakegu eta gure neskei esaten diegu handitzen direnean nahi dutena izan daitezkela; astronauta, igeltxero, ikertzaile, idazle edo zientzialari. Kontua da, eta haurrekin asko ibiltzen denak ondorengo egia badaki, haurrek ereduarekin ikasten dutela hitzarekin baino. Esan diezaiokezu haur txiki bati azalorea izugarri ona dagoela eta fruta jarn behar duela merendatzeko, baina zu ikusten bazaitu muturra okertzen barazkiaren aurrean eta txorizoa merendatzen esaten ari diozuna gezurra dela berehala ulertuko du. Ba antzekoa gertatzen ari zaigu gure nesken heziketarekin. Ereduak azalarazi behar ditugu gure nesken ispilu izan daitezen.

Pasa den astelehenean Emakume eta Zientziaren eguna ospatu egin zen. Horrelako ekimenak ezinbestekoak dira gure atzetik datozen neskei ereduak badituztela ikustarazteko. Askotan sinistarazi digute Zientziaren Historiak aurrera egin duela ia soilik gizonei esker. Behintzat nik Historiaren Lizentziatura ikasten nuenean aiaptzen zizkiguten filosofoak, historiagileak, ikertzaileak, margolariak eta eskultoreen izenak gizonenak ziren beti. Eta beti esaten dudanean ez da nire gehiegikeria. Artearen Historiaren ikasgai nahikotxo izan nituen arren ez nuen karrera osoan Sofonisba Anguissola edo Artemisia Gentileschi, Berpizkundeko margolari italiarraen izenak entzun, ezta ere Cecilia Payne, izarren konposizioa eta tenperatura zehaztu zuen lehenengo pertsona, edo Elizabeth Blackburn, zergatik zahartzen garen azalarazi zuen zientzialariaren izenik entzun. Eta nik bezala nire belaunaldiko emakumeoi ez zaizkugu horrelako eredurik eskaini.

Ama, irakasle, erizain eta orokorrean zaintzaile onak izateaz gain, zaintzarekin zerikusia duen guztia prestigiatzeko aldekoa naizen arren, printzezak edo modeloak izateaz gain, neskatxoek jakin behar dute ikertzaile, zientzialari eta, orokorrean, aitzindariak ere izan daitezkela. Eta gogoratu, azalorearekin bezala, haur batek mezua bereganatzeko esaten zaiona egia dela ikusi behar du eta horretarako ereduak behar ditu. Gure lana izan beharko da dagoeneko existitzen diren eredu horiek azaleratzea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.