mikel elorza

Ez ele, bele garaiak

2024ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun

Erreferenduma egingo balitz gurean heriotza zigorra ezartzeko, zein izango litzateke emaitza? Ez dut uste aldekoa izango litzatekeenik, baina ehuneko handia lortuko lukeela iruditzen zait. Erreferendumaren inguruan zer gertakizun lazgarri suertatzen diren, horrek zerikusia izango luke noski, eta kanpaina ere segitzekoa litzateke —sare sozialetan egun dabilen gillotina giroa ezagututa—, baina nago ez litzatekeela zigor behin betikoa ezarriko. Berrezarriko, zehatzak izateko.

Izan ere, irudi luke historia zahar eta iluneko kontua dela gure artean, baina ez. Espainian formalki 1995 arte kendu ez bazen ere (gerra garaietarako aurreikusten baitzen), 1978ko Konstituzioaz geroztik sistematik kanpo zen zigorra. Euskal Herrian oso ondo dakigunez, 1975ean fusilamendu pelotoiaren balek egunsentia urratu zutenean baliatu zen azkenekoz. Urtebete lehenago garrotez hil zituzten Salvador Puig Antich anarkista, eta Heinz Chez izeneko alemaniar bat, gaizkile arrunta (ez politikoa, alegia; preso soziala, erraten dugu orain, bereizteko; baina, preso denak ez al dira bada politikoak?). Garrotez hil zituzten. Bi urte geroago, errepublika demokratiko eta argitsutzat bere burua aurkezten duen Frantzian, 1977an, erabili zuten gillotina azken aldiz. Gillotina, bai. Izan ere, gu hartzen gaituzten estatu biek eduki dute euren metodo autoktonoa. Eta erabili, 1974an eta 1977an.

Alabaman joan den astean garbitu dute gizaseme bat nitrogeno gasa erabiliz. Horrek ekarri dit gaia. Duela lau urte injekzioz ahalegindu ziren morroi honekin, baina ohatilan lotuta lau orduz saiatu eta gero, zainik ez ei zioten aurkitu, eta etsi egin behar izan zuten. Baina barkatu ez, krimena duela 35 urtekoa izanagatik ere. Lehengo astean maskara hermetiko bat paratu eta nitrogenoa eman zioten arnastera. 25 minutu, gorputz-ikarak eta beste, baina fiskal nagusiak esan zuen sistema «eraginkorra eta gizatiarra» izan zela. Gizatiarra, gizatiarregia.

Egunotan sinadura eske ere ibili zaizkigu, Iranek lau ekintzaile kurdu hil nahi dituela. Emakume bat ez da denbora asko kalitu zutela, Israelen alde espiatzeagatik. Eta adulterioagatik hiltzera zigortu berri ere badute beste bat. Iran exekuzio kopuru handienetako bat duenetakoa da (biztanleriarekiko proportzioan handiena), AEBak ere goian daude, Saudi Arabiarekin podiuma osatuz (2022ko datuak). Txina eta Ipar Koreako daturik ez da, baina susmoa numero oso handiak izango direla.

Olinpiarra dugun urtean, bestelako dominen banaketa ere egin daiteke.

Amnesty Internationalen txosten eta mapek bitxikeriak erakusten dituzte. Aspaldi legeriatik kendua, Palestinak 2022an berrezarri zuen, baina honezkero ez dakit zigorra nori ezarri geratuko ote zaion. Munduko autodefentsore onenak, berriz, Israelek, ez du bere legeria ohikoan, gerra-egoera garaietarako baino ez du gordetzen. Azkarrak ditunk sionistok, arraioa! Nola gerra-egoera iraunkorra deklaratua duten (lekutan dago je déclare l’état de bonheur permanent moustakitarra), eta deklaratuak auzo guztiak terroristak, haiek eta haien senide eta askazia osoa —ez da zibilik Gazan, esan berri du AEBetako segurtasun arduradunak—, bada arazorik ez. Markak haustekotan ere egon zen Netanyahuren gobernua berriki, heriotza-zigor selektiboa asmatuz: hilketa kasuan, baina hiltzailea arabiarra eta hildakoa judua baldin bazen, eta ez alderantziz!

Eta hizpidea berriro gurera ekarrita, badiot ez dudala uste irabaziko luketenik begia begi truk zaleek, baina zale asko biltzen ditu ideologia punitibista zorrotzenak. Gure garai post-moderno honetan libertatea ez baita denentzat gauzatu nahi den zerbait, berau defenditzearen izenean hura merke ezaba litekeen aroa baizik.

(Pablo Gonzalezi ez diote heriotza zigorrik ezarri, oraingoz bederen, baina bizitzaren 700 egunetik gorako pusketa kendu diote).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.