Inaki Galdos
ARKUPEAN

Fidantzak

2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Fidantzak izan genituen protagonista duela egun batzuk Katalunian. Kontu Epaitegiak ez dituenez onartu Institut Català de Finances erakundeak jarritako abalak, ERCk bere dirutik jarri ditu fidantzak, baina ez zigortutako goi kargu guztienak, Oriol Junquerasen alderdia gobernuan egon zen garaikoenak soilik.Tartean Carles Puigdemontena, hainbat hedabidek letra larriz (eta maltzurki) azpimarratu zuten bezala. Gogor samar erantzun zuen Junts alderdiak mugimendu hori ezagutu zuenean: Carles Puigdemontek ez zuen horren berririk, ezin da errepresioaren kontrako elkartasunaren kontuan alderdikeriarekin jokatu eta independentismoaren elkartasun kutxako arduradunekin hitz egiten ari dira, denen artean egoerari salbuespenik gabeko erantzuna eman diezaioten jazarpen berri honi. Salbuespenik gabekoa, ñabardura garrantzitsua.

Hau guztia gertatzen ari zenean, agian ordu batzuk lehentxoago, eskaera garbia luzatu zuen Puigdemontek El Punt Avui egunkarira bidalitako ohar baten bidez: ez dezala inork berarentzat indulturik eskatu, ezta beste irtenbide pertsonalik ere, ez zuela horretarako hartu atzerrirako bidea. Modu gordinagoan adierazita, ez dezala inork bere estrategian muturrik sartu.

Ia berrogei urte lehenago, 1982ko maiatzaren 26an, Euskadiko Ezkerrak 50.000 pezetako fidantza ordaindu zuen Herri Batasuneko hamar buruzagi kartzelatik ateratzeko. Gernikan aurreko urteko otsaileko istiluengatik zeuden zigortuak eta ez zuten nahi izan eurek fidantzarik ordaintzea, horregatik kartzelatzea. Xabier Markiegik adierazi zuenez «keinu pedagogikoa» egin nahi zuten eta HB biktimizazioa egiten ari zen kartzelatzeak probokatuz. Santi Brouard, Txomin Ziluaga eta gainerako zortziak kartzelatik atera ziren, baina ez EEren kontra sekulakoak esan gabe.

Etxetik bertatik ere iritsi zitzaizkien kritika gogorrak fidantzak ordaintzeko erabakia hartu zutenei. Alderdi barruko Nueva Izquierda ildoko Iñaki Mujika Arregi, Ezkerra-k, Herri Batasunaren estrategia ez errespetatzea leporatu zien bere alderdikideei; baita UCDren bide errepresiboa zuritzearena ere, besteak beste. Bixente Serrano Izko ildokideak ere antzeko adierazpenak egin zituen egun batzuk beranduago. Ez zegoen urruti alderdiaren haustura, portzierto. Polemika hartan Mario Onaindiaren alderdiari iritsi zitzaion babesetako bat EAJko Joseba Azkarragarena izan zen, bere ustez ordainketa egin izanak mozorrorik gabe eta agerian utzi zuelako HBren axolagabekeria.

Aste luzetako sestra gogorra izan zen, protagonista asko (PSOE, abokatuak, ETA PM-VIII, EGI...) eta kapitulu berriak ere izan zituena, baina daukagun tokirako funtsezkoena esana dago. Kontua da, garaiak, egoerak, protagonistak eta arrazoiak ezberdinak izanda ere, badagoela antzekotasunik orain Katalunian eta orduan Euskadin gertatutakoen artean. Baiki, badago esparru politiko baten baitan hegemonia lortzeko borroka gordina, badago bestearen estrategia oztopatzeko asmo ezkuta ezina, badaude biktimismoa baliatu nahi izanaren salaketak. Badago haustura.

Axular eta beste askok fidantza hitza konfiantza hitzaren baliokide erabili izan dute euskal literaturaren historian. Eta ez daharritzekoa, etimologia ikusita. Harrigarriagoa dena da nola demontre sartzen diren batzuk bestearen fidantzen jokoan bestearekiko konfiantzarik ez dagoen tokian, alderantziz baizik. Joanes Etxeberri Ziburukoak XVII. mendeko bere Manual Debozionezkoa-n zioen kartzelatik ilkitzeko (ateratzeko) behar dela fidantza, baina gehiago duda gabeko esperantza. Elkarrenganako konfiantza aspaldi dute Katalunian galdua eta, are okerragoa dena, esperantza ere ez dakit ba ez duten agortzeko bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.