Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Gasteizko ukiezinak

2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Maiatzeko lorea, urrea baino hobea. Horrela ageri zaizkigu inguruko bazterrak, landa zein hiri eremuak. Eta benetan da zoragarria. Gasteizen hainbeste karikaturizatu diren biribilguneak ere lorez eta landarez atontzen ari dira asteotan udaleko lorezainak. Hiria galaz janzten ari zaigu. Irudi ona eman behar da munduaren aurrean. Izan ere, hil honen 17tik 19ra bitartean Euroligako Final Four izango da bertan. 10.000 pertsona inguru espero dira eta, iturri ofizialen arabera, Gasteizen eta inguruko herrietan utziko dituzten diru sarrerak 50 milioi eurorenak izango dira.

Final Four-ez gain, Gasteizen hil honetan beste zerbait garrantzitsua espero da. Momentuz ez du aparteko zalapartarik atera komunikabideetan, baina berez bada garrantzitsua. Izan ere, maiatzean zehar izango da (horrela iragarri dute behintzat) EAEko industriarik handiena den Mercedes Benzeko zuzendari nagusia (Emilio Titos) eta semearen aurkako epaiketa. Biak ala biak espetxera joan litezke, fiskalak bina urteko kartzela zigorra eskatzen baitie auto istripu bat probokatu eta kaltetuta suertatu ziren pertsonak ez laguntzeagatik. Gertaera 2016an gertatu zen Urizaharra inguruan, bihurgune ugariko tarte batean. Itxura denez, aita-semeak zilindrada handiko bi kirol auto txundigarri gidatzen ari ziren une horretan. Abiadura handiegia zeramaten, eta horrexek eragin zuen istripua. Ezbeharra suertatu eta gero, ihes egin zuten. Kaltetutako ibilgailuan zihoazen pertsonak beste auto-gidari batzuek artatu zituzten. Fiskalak bi urteko kartzela zigorra, 12.000 euroko isuna eta gidabaimenaren erretiratzea eskatzen du akusatuentzat. Karguak, ausarkeriazko gidatzea eta laguntzarik ez ematea. Akusatuek daukaten abokatua Cuatrecasas bulegoko Gonzalo Susaeta da, ustelkeriagatik prozesatuta dagoen Arabako EAJko buruzagi ohi Alfredo de Miguel defendatzen duen berbera. Horraino gertaerak. Ikusiko dugu orain zein den Justiziaren erabakia eta zein komunikabideek epaiketari ematen dioten trataera. Izan ere, Emilio Titos ez da edonor Gasteizen. Multinazionalak betidanik harro-harro erakutsi du bere potentziala: 5.000tik gora langile, EAEko BPGren %5a, etab. Enpresak dituen indarra eta giharra sarritan baliatu ditu kolore guztietako agintarien aurrean mesedezko tratua izateko. Mercedes ukiezina da, Gasteizen, Araban eta Euskal Herrian, nahiz eta sozietate zerga Madrilen ordaindu.

Ekonomiaren jainkosatik aisialdiaren erregera: Saski-Baskonia, Alaves eta Baskonia bere mende hartzen dituen enpresa, Final four —aspaldiko ametsa— Gasteizera ekarri duen sozietatea. Josean Kerejeta lazkaotarra da bertoko arima. Beste instituzio bat Gasteizen, defendatzaile sutsu besteko etsai amorratu dituena. Izan ere, mundu guztiak onartzen dio Gasteiz bezalako hiria —saskibaloiari esker— munduan kokatu izana. Orobat, mundu osoak ere badaki agintarien (ustezko) mesedezko tratua izan duela sarritan. Seguru asko Final Four-arekin Josean Kerejeta ez da pertsonalki forratuko, bai, ordea, ostalaritzako enpresak; izan ere, hoteletako prezioak hiru eta lau aldiz garestitu baitira. Arabako instituzioek lau milioi euro inbertitu dituzte mega-gertaera horren azpiegiturei eta exijentziei kasu egiteko. Ostalaritzako enpresariek jasoko dute etekin gehien, eta ez Araba osoak, propagandak behin eta berriz errepikatzen digun bezala. Gasteiz munduan kokatu? Bai, bost segundoko iragarki bat telebistako emanaldi bakoitzean. Horixe da adostu dutena. Garesti ateratzen da iragarkia: segundoko ia milioi bat euro.

Garbi dago Gasteizen eta Araban, mundu osoan bezala, badirela ukiezinak diren instituzio, enpresa eta pertsonak. Errazena errua agintariei botatzea da, besteok kulpa izango ez bagenu bezala. Hil amaieran ikusiko dugu maiatzeko lorea benetan urrea baino hobea izan ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.