mikel elorza
ARKUPEAN

Geneetan txertatuak

2015eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Erresuma Batu aldetik dator notizia, seme edo alaba bat izan daitekeela hiru gurasoren DNArekin hazia. Eta hainbeste maite dugun debate etikoaren atea zabaldu zaigu. Haur transgenikoak —barka biezadate atrebentzia— munduratu ahal izatearena aukera handia da, handia diot mugak zedarritzea zail delako, eta zientzia fikzioa oso boladako ez badago ere —errealitateak ez dakit, erreality-ek janda baikaude—, diseinuzko haurren istorioekin jolasean jarri gara berehala.

Ulertuagatik ere seme edo alaba gaixoa izatera kondenatuta dagoenaren esperantza eta poza, beti bestearengan dagoen Mengele doktorea etortzen zaigu akordura horrelakoetan, eta errezeloz begiratzen diogu jaiotzear dagoena tuneatzeko posibilitateari. Eliza kontra dago, hori jainkoen lana delako, baina hori jakina da.

Niri pentsamendua urrutira joan zait, betiko tokira, mundua ez dela biribila ondorioztatzera, dena koska eta zuloa eta ertza delako. Lehen mundukook laborategietan haurgintza jakin-minetan gabiltzan bitartean, bi, hiru, lau eta bosgarrenekoak datozkeenekin baino bizi direnekin zer egin hausnarrean dabiltza. Genetikari esker ez, baina zientziak eman digun progreso izugarri eta izuarazlearen ondorioz munduan milaka familia eraldatu baitugu, familia horretako kide bat edo bi edo gehiago betirako erauziz. Esan nahi dut, demagogia merkeetan jausita —ba ote da demagogia garestirik?—, betikoan gaudela, mundura diseinuzko haurrak ekartzea baino daudenentzat merezi duen mundua egitera ez ote jarri beharko litzatekeen indarra. Ikerketa geratu gabe, noski. Sudanen goseak hiltzen direlako ez ditugu laborategiak itxiko, laborategiok itxita Sudango gosea ez dugulako berdinduko, besteak beste.

Dena den, eta debateari helduta, ni aldaketa genetikoen aukeraren alde. Printzipioz beti hartzen dudalako elizak hartzen duen kontrako jarrera, hori nire DNAn dago, eta bestalde, ikerketa zientifikoaren alorrean arazoa ez dagoelako teknologian, teknologiaren erabileran baizik. Baina ez pentsa dena libre dela uste dudanik: lehergailu hipersofistikatuak egiten dituzten bata zuridunekin maiz akordatzen naiz, droneen teknologia garatzen dutenekin; haiek zientziaren izenean ariko dira baina, arraioa, ingeniaritza demonio horietan baino jardun zezatela meteorologian! Etorkizun itzeleko jarduera, bestalde, eguraldiak bizi gaituen gizarte arrano honetan.

Haur diseinuzkoak egitearen arriskuez mintzo, gainera, ez dago oso urrutira joan beharrik munstroak topatzeko. Ematen du munstrokeriarako grina duela hiru milioi urtetik daukagula DNAn txertatuta, zutik jarri ginenetik. Are, paleoantropologoek nahi dutena esango dute, baina nik uste dut zutik jarri ginela hain zuzen ere hurkoari zartada handiagoa eman ahal izateko. Homo erectus-aren aldamenean homo zapaldus-ik topatu izanaren berri sekula ematen ez badigute ere (eta homo-aren azpian mulier-a, noski).

Kaiolan erretako jordaniarraren irudia latza izan da, munstrokeriez dihardugula. Egia esan, koitaduari su emateko barrenak behar dira —gure plazetan herexe eta sorginei su emateko behar ziren berberak, bidenabar esanda—. Izua eragitea bilatzen dute eta lortu, eta krudela da ezin gehiago, baina —badakizue batzuek bainagintzaren alderdikoak garela— urrutira jaurtitako fosforo bonba batekin jendea kiskaltzea baino askoz krudelagoa ez. Gordinagoa, nahi bada.

Lasai, dena den. Gure lurrak aste honetan estali dituen elurra bezala, urtuko da dena eta ahantziko zaizkigu kontuok hurrengo denboralera arte —aurrez, bitartean eta ondoren zehaztasun ñimiñoenarekin kontatuko zaigun denboralea—, eta elurrak atzera estaliko du dena, eta hura ere urtuko da, eta hurrengora arte, kiribilean gora, DNA katea bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.