elixabete garmendia lasa

Hainbat soinu-banda

2024ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun

Bihar-etzitan Donostiako bazterrak blaituko dituzten danbor hotsak entzuten dira hor nonbaiteko entseguan. Errepikakorrak dira oso —martzialak gainera—, txarangaren laguntzarik gabe ez dute grazia handirik bere horretan, baina... normaltasunaren soinu-banda osatzen dute, estropezurik gabe, festa bezpera bere bidetik doan seinale.

Auskalo ze soinu-banda izango duten orain bertan Gazako bazterretan. Hiru hilabete pasatxoren ondoren, errepikakor bihurtu dira hango albisteak ere, jakinaren gainekoak balira bezala, berritasun ia bakarra hildakoen kopurua emendatzeak balekar bezala. Egoera honetan Atef Abu Saif-en kroniken falta sumatzen dut eguneroko BERRIAn.

Dekalajeak jota zeuden Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroaren idatziak. Azaroaren 14an irakurri ahal izan genuen lehen borroka egunari —urriaren 7ari— zegokion kontakizuna, eta horrela, egunez egun, abenduaren 17an azkena argitaratu zen arte, hain zuzen ere azaroaren 15ari zegokiona. Hilabeteko atzerapena, batez beste. Atef Abu Saif-en kronikek, ordea, lekukotasun aparta eskaintzen zuten, gatazka barru-barrutik eta bertatik bertara bizitzen —jasaten— ari denaren testigantza: «(...) bizialdia bi heriotzaren arteko etenaldia den bezala, Palestina ere gerra askoren arteko etenaldi bat da, izateko era bat». (BERRIA, 2023-11-15).

Azken kronikan Israel erabiltzen ari den teknologia zelatariei buruz aritu zen Atef Abu Saif. Tartean, behin baino gehiagotan kontatu izan ditu, nola ez, dramak: gertuko zauritu eta ezinduak, ezagunen hilketak... Izugarrikeria guztien artean, noizbait umore puntua ere erakutsi izan du; ogirik lortu ez zuten egun batean, «fideo batzuk egosi, gatz pixka bat bota, eta jan. Gozatu ere egin genuen gure otordu minimalistaz».

Irudipena daukat Unibertsitateko kazetaritza ikasketetan sartu ginenean, aitortu ala ez, gerra korrespontsal izateak tentatzen gintuela. Vietnameko gerraren garaiak ziren, eta egunero argitaratzen zituzten hango kronikak egunkariek. Gerra kazetaritza pil-pilean zegoen 70eko hamarkadaren erdialdean, eta filmetan asko luzitzen zuten hartan zebiltzanek. Inuzenteak gu!

«Nola kontatu behar du gerra kazetari batek?»; Oihana Teyseyrek Sorj Chalandon kazetariari egindako galdera. Chalandonen erantzuna: «Zer ikusten eta entzuten duzun kontatu behar duzu. Sekula ez zer pentsatzen duzun». (BERRIA, 2023-11-04). Lehen begiradan, xinplea da erantzuna, oinarrizkoa. Baina erantzun horrek —jarrera horrek— dena esaten du kazetariaren etikaz.  

Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aurrean Israelen kontra aurkeztutako salaketak genozidioa aipatzen zuen. Esango nuke, dagoeneko, motz ari dela geratzen genozidio hitza —eta kontzeptua— Israelgo agintariak —eta haien laguntzaile aktibo nahiz pasiboak— azken hiru hilabete luzeotan egiten ari diren sarraskia izendatzeko. Edonola ere, urteak joango omen dira Hagako Justizia Auzitegiak erabakiren bat hartu arte.

Orain beste nazioarteko bilera sonatu horietako bat ari dira ospatzen: Davosko Foroa, Suitzan. Munduko Ekonomia Fondoko presidenteak, Borge Brendek, aitortu du «azken hamarkadetako testuinguru politikorik eta ekonomikorik zailenean» egingo dela bilkura. «Gazako gerran ez dago etenik, eta tentsioak gora egingo ote duen beldurra dago». (BERRIA, 2024-01-16).

«Haur jolasak isildu dira gaur/ Odolezko malkoak/ Intziriak horma hotzen azpian/ Garraxi eternala». Maddi Oihenarten ahotsean, Juantxo Zeberiok sortutako Palestinaren mina kanta. Miren Zeberiok rabelarekin lagunduta, Ekialde Hurbileko negar infinitura garamatza doinuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.