mikel elorza

Horma atenporalak

2024ko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun

Arctic Ice izena du eta enpresa bat da, Groenlandiakoa. Izotza saltzen du. Ez, ordea, edozein izotz. Munduko izotzik puruena, aratzena saltzen du. Groenlandiako fiordo batetik erauzten du jela, horma, karroina, baina ez edozein, ez ur ez haizearekin kontaktua izan duena, orbangabea baizik, eta hala, 100.000 urte dituen izotza merkaturatzen du. Ezinago garbia, inguruotan ez gizakirik ez ezer, kutsadura asmatu aurreko garaietako ura negozio globalen garaietarako izotz-koxkor bihurtuta. Edukiontzi egokituetan sartu eta itsasontziz eramaten dute... Dubaira! Eta beraz, Persiar Golkoan zure koktela hartu ahal duzu izotz-koxkor aratzenarekin, puruenarekin: daikiria izotz artiko antzinakoan.

Ez da broma. Are: enpresako jabeak harrituta daude ekolo-ak gainera bota zaizkielako, eta euren burua defendatzen dute aldarrikatuz izotza garraiatzeko darabilten moduak kutsadura-lorratz oso txikia uzten duela (aprobetxatzen baitituzte bestela ere Groenlandiatik Danimarkara hutsik joango diren edukiontziak...).

XXI. mende betea da, on fire izan beharrean, on the rocks modalitatean.

Kontsolamendu gisa —nola hartu bertzenaz?—, eta jarduerak utziko duen lorratzari dagokionez, egia da itsasontzi horietako batek bidaian doala zama galtzen badu, ba deus ekologikoki larririk ez dela gertatuko. Ur geza garbi pixka bat ur gazi zikinetan urtzera.

Ez plastikozko pinporta txuri horiek bezala. Galizia eta Asturiasko kostak jo dituzte, eta hemengoak ere seguruenik. Ez dakigu ziur. Zeren eta mundu osoa geolokalizatuta dagoen aroan, itsaslokalizatuta itxuraz ez. Eta ez naiz pinportez ari. Horiek garraiatzen zituen enpresaren arduradunez, hondamendiaren erantzuleez ari naiz. Itsasontziaren jabeez. Zipren egoitza duen enpresaz, Karibeko zerga-gordeleku horietan finkaturiko kapitalaz, inork ez dakien partizipazioen benetako jabeez... Pinportak lehorrera iritsiko dira. Benetako arduradunak ez. Horiek ez daude lokalizatuta, ez geo, ez itsas. Edo, bertzela erranda, horiek ez ditu inongo zamaren zikinak zipriztinduko, garbi mantenduko dira, Groenlandiako fiordoetako ura bezain aratz.

Izan ere, ingeniaritza finantzarioak jositako sarean galdu beharrik ez dago arduradun nagusiak lokalizatzeko: Davosen bilduta daude egunotan aldez edo moldez horren onura handienak aterako dituztenak.

Davosko elurrak eta Groenlandiako izotzak, inoiz neurtutako urterik beroenean. Paradoxa latza. Planeta sutan da, eta ez da hartzekoa: Gazan hiru hilabetetan botatako bonbekin bakarrik makina bat iceberg urtu ahal da.

Tenperatura errekorraz gain, gure inguruan beste errekor bat ere ezarri du 2023ak. Gure kostaldeetara iritsi nahian itsasoan itotakoen kopuruarena. Horiek ere ez ditugu nahi. Ez plastiko zuririk, baina ezta gorputz ilunik ere. Pertsona zuriak eta plastikoa kontsumorako objektu bihurtuta, hori dugu nahiago. Zalantza dut, hain zuzen ere, zerk eragingo ligukeen traba handiagoa hondartza egun bateko eguzki-bainua izorratuko baligute: pinporta zuriaren etorrerak ala pateratik eroritako gorpuek? Pinportak igual deserosoago, ez? Kentzen zailago, kutsagarriak...

Izotz paleolitikorik ez, guk aztarna arkeologikoak ateratzen dizkiogu, ordea, lurrari: iberikoak, baskonikoak, paleo-euskoak... Eta gure identitateari buruzko debate eternala handitzen jarraitzen dugu, zer izan ginen kartsu diskutitzen, agian izango ote garen ere zalantzan jartzen hasiak garelako. Irulegikoari buruzko deman, eta teman, Txillidaren urteurrenaren ospakizunetan, Oteitza imajinatzen dut nik, inskripzioez futituta aditu guztiei purrustaka bere potro-euskara neolitikoan: «Eskua? Zer izango da eskua, ostia? Hori ukabila da, ukabila!!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.