elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Identitatea(k)

2015eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Gertatzen da batzuetan liburu bat ezustean iristea eskuetara, eta lotu-lotuta gelditzea berarekin; horixe gertatu zait Amin Maaloufen Identitate hiltzaileak saiakerarekin. Izenburuak erreparo apur bat sortzen zidan: identitate hitzari hiltzaile adjektiboa jartzea ere... Liburuak txikia eta arina izatea du bere alde, poltsan sartu eta noranahi eramateko modukoa. Eta azkenean, poliki—poliki, erabat harrapatuta eduki nau zenbait egunetan.

Amin Maaloufek bere identitate askotarikoa aitortuz heltzen dio gaiari: Libanon jaioa izanik, Frantzian darama bizitzaren erdia baino gehiago; bizpahiru hizkuntza erabiltzen ditu, eta tradizio kultural batetik baino gehiagotatik edan du familian bertan.

Liburua ez da berria (1998an argitaratu zen lehen aldiz, frantsesez: Les identités meurtrières); eta, hala ere, ez du gaurkotasunik galdu: islamismoak gazte arabiarrak nola tentatzen dituen azaltzen duenean, adibidez, erakarmen horren arrazoiak banan—banan aletzen ditu. Arrazoi nagusia, hauxe: nornahi asaldatzen da bere identitatearen ezaugarri garrantzitsuren bat mehatxupean ikusten duenean (hizkuntza, ideologia politikoa, erlijioa...).

Identitatearen auzia mundializazioaren testuinguruan kokatzen du Maaloufek. Mundializazioak —geroz eta molde berekoagokoak egiten gaituen neurrian— identitatea(k) berrestera garamatza: gure hizkuntzari, kulturari, bizimoduari... eutsi nahi diegu. Izan ere, mundializazioa, gaur egun doan bidetik joanda, kultur aniztasunaren etsai da.

Maaloufen liburua eskuartean nerabilelairitsi zait beste dokumentu bat, zehatzago esanda,dokumental bat: Gipuzkoa, —gipuzkoar identitatearen ikurra—. Pio Caro Barojak zuzendua, 1979an estreinatua, hiru urteko grabazioen emaitza, entziklopedia etnografiko baten modukoa da Gipuzkoa.

Julio Caro Barojaren testuetan oinarrituta, Juan Garmendia Larrañaga izan zen aholkulari nagusi; elkarrizketatuen artean, Joxemiel Barandiaran, Jesus Altuna eta Koldo Mitxelena daude, besteak beste.

Dokumentalak, hiru ordu pasatxotan, eramaten gaitu kobazuloetatik XX. mendera arte. Bidean, inon diren ohitura zahar, dantza eta festa guztiak biltzen ditu; eta bada bat, gaur egun bitxia gertatzen dena: Oilasko jokoa. Jarri kamera oilaskoaren alturan, eta hor erakusten digu nola datorren bikote gazte bat dantzan, eta oilaskoarengana inguratutakoan, zast! mutilak mozten dion lepoa. Eta hori behin eta berriz, oilaskoa oilaskoaren atzetik, bikotea bikotearen atzetik.

Zuzentasun politikoak ezabatu ditu, beharrik, halako jokabideak, Lekeitioko eta Sarako antzara jokoetan bezala. Gure identitate jator—enari koska bat jango zitzaion?

Musika askotxo dauka dokumentalak —tamalez, giro audioaren kaltetan sarri—. Javier Bello Portuk aukeratua, kontua da gipuzkoarrak ez diren doinuak ere suelto sartzen direla, hala nola Zuberoako kantak eta Bizkaiko alboka. Beraz: gipuxkeria—rik ez, identitatea aberastea baizik.

Beste kanta batek ere pizten du harridura: Telesforo Monzonen Lepoan hartu mitikoa behin baino gehiagotan entzuten da; harridura, ikusita dokumentala entitate ofizial batek—Donostiako Aurrezki Kutxak— babestu zuela. Bukatu ere, abesti horrekin bukatzen da dokumentala, abesbatza batek kantatuta. Irudiak, berriz, artean berria zen Behobia—Bilbo autopistakoak dira. Iraganaren lorratzean ibili eta gero, keinu bat hor bertan zegoen etorkizunari.

Identitate anitza aldarrikatzen du Maaloufek. Sortzeko zorian dagoen zibilizazio berrian —dio—inor ez dadila kanporatua sentitu; aurkitu ditzala hor bere hizkuntza eta bere kulturaren ezaugarriak. Eta, aldi berean, osagarri berri bat sar dezala bere identitatean: giza abenturaren partaide izatearen sentipena. Identitate partikularretik abiatuta, identitate unibertsal anitzerako bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.