Patxi Zabaleta
ARKUPEAN

Independentziaren eztabaida

2015eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Jauma Lopez, Carod Rovira eta beste batzuk saiatzen ari dira independentziaren benetako eztabaida eragin sozialetara hurbiltzen, eta eztabaida horrek badauka berritasunik. Esate baterako, Kataluniako balizko independentziak kalte egingo lioke ala onurak ekarriko lizkioke Espainiako langile edo nekazari arrunt bati. Galdera bera modu askoz ere dialektikoagoan egin liteke, jakina; Kubako edo Hego Ameriketako herrien independentziak Espainia sakoneko langile eta nekazariei kalte ala mesede egin zien?

Agerikoa da Espainiako inperioa erortzeak orduko eta oraingo agintarien gutxitzea eta txirotzea eragin zuela, baina ez dirudi herritar xehe eta arruntei kalte handirik eragin zienik.

Etorkizuneko independentziak, balizko Kataluniarena adibidetzat hartuta, Europaren barruan irudikatzen direnak baizik ezin litezkeela izan gauza jakina da eta beraz, arazo argudio zehazki ekonomikoak, nahiz eta gehienik erabiltzen direnak izan, ez dira garrantzitsuenak.

Bizitzen baino gehiago ikusten ari garen Kataluniako prozesu honetan, oraindik Diadak eragindako dardarak ezkutatzen dizkigu egoeraren berezitasun garrantzitsuenak. Egia da ez dagoela zehazki jakiterik Espainiako estatuak izanen duen edo hartuko duen jarrera. Egia da inkognita asko eta asko oraindik ez daudela argituta. Baina baita ere egia da irailaren 27ko hauteskundeen ondoren egoera ezberdina izanen dela, eta egoera horren garapenean argudio nagusietako bat Espainiako biztanleen bizimoduak eta bizimodu mailak edukiko duela.

Unió Democratica de Catalunya UDC bezalako alderdien desagertzea ere aurrean jartzen dela dirudi. Urteetan hainbesteko ahalmena eta indarra izan ondoren, egiaren unea iritsi denean, ez dira gai izan hartu behar ziren arriskuak hartzeko eta historiaren haizeak zokoratzear daudela dirudi. Euskal Herritik Kataluniara so egiten dugularik, ezin ahaztu historia horren antzeko arriskuak hemen ere gauzatuko direla, nahiz eta oraindik beste proto-eztabaida antzu bezain aspergarri batzuetan murgildurik gabiltzan.

Independentziaren ezinbesteko bidea den Europa dugu beste benetako arazoa, kezka eta eztabaida iturri. Nora goaz, zer egingo dugu, nola joka genezake gaur egungo Europa bezalakoarekin? Ezin al liteke zerbait egin Europako aginte uneetatik Hungaria, Eslovakia, Austria edota Espainia bera bezalako herrialdeekin? Siria, Libia edo Palestinako gerra eta injustizien arduradun eta erantzule zuzena da oraingo eta hemengo Europa, gerra horietatik ihesean datozenei ateak itxita ez al da ezer gertatuko?Egia esan, zirrara eta hotzikara soinean gora sumatzen ditugunean ohartzen gara ezinbesteko geure Europa hau dugula independentziaren beste eztabaida nagusia.

Bitartean ordea, bertatik bertara ikusten ditugun urrats eta pauso ttipiekin poztu behar; adibidez, Nafarroako aldaketaren urrats berriak. Ez da soilik gobernu edo alkatetza berrien kontua, ez. Hor daude komunikabideetan edo UPNren barruan ematen ari diren aldaketak. Hor daude gizarteak berak hainbestetan aldarrikatu ondoren eskuratu dituen normalizazio bideak. Baina hor daude oraindik betiko lotsagarrikeriak, adibidez, egun hauetan Carmen Alba protagonizatzen ari dena; zera soilik indarkeria baten biktimen erakusketa egin nahi bailuke Iruñeko Ziudadelako areto batean. Bai; Inoiz Legebiltzarrera agertzeko adorerik edo lotsarik izan ez duen Carmen Alba hori bera; zera alegia, Bardean oraintxe egun hauetan armamentu hilgarriarekin egiten ari diren maniobren berri ematera ausartuko ez den Carmen Alba berbera. Urte anitzetan Nafarroan erregeorde edo virrey zirelakoak izan genituen; Ameriketako kolonietan baino lehenagotik eta geroago arte (1.512-1839); betidanik Pontzio Pilato deitu zieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.