mikel elorza

Jihad Herria

2024ko otsailaren 28a
05:00
Entzun

Joan den mendeko 90ak ziren eta jende gehienarentzat ezezaguna zen Lopez de Arriortua jauna minutuak eta orrialdeak betetzen hasi zen, eurrez bete ere. Izarra jaio zen automobilen multinazionalen mundu izugarri horretan, eta gutarra zen: ingeniaria, ekintzailetza, jakituria, metodo berriak eta lan eta lan eta lan egitea batzen zituena. Eredu bat, prototipo bat esango genuke industria-bidegileek maite duten jargoia erabilita.

Langile jaun-anderea esapidea ekarri zigun (anderea-rena esango nuke ezetz, baina izango zen esapidearen erabilera orduan neutroa zela, ez noski diskriminatzailea). Duindu egin nahi zuen langilea, berak ere halakotzat baitzeukan bere burua, autobiografiari jarri zion izenburua horren erakusgarri: Tú puedes. Memorias de un trabajador. Elementu gehigarri bat ezarriz «ahal duzu» horrekin: esfortzuarena. Horrek ere ezaugarritzen gaitu.

Ez dakit bere enpresa-antolakuntza metodoak, bikaintzat salduak, apurtzaileak, zertan ziren, sua edo kea zen ez dakit, baina Superlopez distira galtzen joana zen, kotxe-istripu larri batek lan eta enpresa eta titularren mundutik erretreta hartzera behartu baino lehenagotik ere.

Adegi enpresarien elkarteak eratu duen Fabrika izeneko «laborategiko» arduradunaren elkarrizketa irakurrita akordatu naiz harekin. Langilea «pertsona» da, enpresa «organizazio» eta gatazkak «elementu ikusezin». Hizkuntza berri bat garai berri baterako, pertsona jaun-andereok. Ez hizkuntza soilik, enpresa-kultura berri bat. Fabrika bera enpresariendako, organizaziorako, «gimnasio bat, errendimendu handiko zentro» bat ei da.

Lopez de Arriortuaren metodoekin bezalatsu, kultura berri honen printzipio eta irizpideak zein diren zehazki ez dakit, eta hasieratik errezelo handiz begiratu diot, lobotomia sozialak oso espiritualki nagusitzen ari diren coaching garaiotan. Baina kasu honetan aro berrietara egokitu ezinaren kulpantea nire gabezia bat da. Ezin dut kultura berri honekin konektatu antzinako segapotoa naizelako; baina gaitz-erdi, jabetu naiz non daukadan herrena (eta beraz soluzioa): ideologian! Ideologiaz eranztea da gakoa. Hortxe baikabiltza asko noraezean. Denean ideologia haizatu beharrean. Gure organo biologikoa bailitzan, eremu guztiak blaitu nahi ditugu ideologiarekin: futbolean, musikan, artean, telesailetan, hezkuntza ereduetan, txisteetan, janzkeran, gastronomian... denetan ikusten dugu ideologia, denetan bilatzen, denetan aztertzen eta, okerrena, baloratzen! Ohartu gabe hori galga latza dela.

Fabrikakoak garbi zioen, langile eta enpresez ari zela (barka, pertsona eta organizazioez), «gurea ideologikoki neutroa da, zientifikoa». Ideologikoki neutroa, txo, eta zientifikoa. Utikan debateak eta lerratzeak. Alferrikako lor astunak. Neutroa, zientifikoa, garbia eta aratza, janzten dituzten mantalak bezain. Zientzia da. Eta teknologia. Egun batzuk lehenago irakurria nion Pradales jaunari, etorkizunaz ari zela, «erne ibiltzeko» ideologia teknologiaren gainetik jartzen zutenekin. Trantsizio energetikoa izango bada, teknologiaz egina izango dela, ez ideologiaz. Zera falta zitzaion eranstea: zer nahiago duzue, bada, trantsizio energetiko ona, ala ideologikoa?

Ikusi dut, baina, argia (argi berdea, Iberdrolaren kolore korporatibokoa): ideologiaren zama kenduko diot nire buruari. Eta, gainera, erantsiko diot edabea magiko egiten duen elementua, euskaldunon benetako druidek (industrialek, alegia) aspaldi usnatua: Lana, Saiatzea, Esfortzua.

Beraz, gauero oheratu gaitezen nekatuta egun neutro eta zientifikoaren ondotik, eta biharamun goizean goiz, lanera, inolako kexarik gabe (hor ideologia dago!), langile jaun-andereok.

Esfortzu arabieraz jihad esaten da. Gora Euskadi jihadista!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.