mikel elorza
ARKUPEAN

Kasko urdina kaki

2014ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Zorioneko da mundua: Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide izango da Espainia. Zibilizazioen Aliantzaren sustatzaile nagusiaren aldaba jo ahal izango dute nazioarteko gatazkek, beraz, eta han izango dute On Kixote direnik eta korapilorik zailenak askatzeko pronto.

Kataluniak Segurtasun Kontseilura jo ez dezan egindako jukutria eman dezake, Espainiako Gobernuak duen tema ikusita, baina ez, lehendik datorren kontua da, Rodriguez Zapaterok abiatua eta Mariano Rajoyren Gobernuak lantzen segitu duena, lortu arte.

Nola lortzen den? Ba udan 50 gradu egiten dituen parajeetan munduko futbol txapelketa bat antolatzea Qatarrek lortu duen bezala, edo Errusiak Sotxin Neguko Olinpiar Jokoak: ordainduta. Diru bitartez, faboreen bidetik. Munduan zehar ibili —hango eta hemengo goi bilerak— eta bosteko mordoa estutuz. Bostekoaz gain gutun-azalik ere bota den ez dakit —PPk ez dakielako ez da izango behintzat—, baina kirol arlokoetan (alegia, negozio), lehen aipatu ditugun horietan, sosak daudela zalantzarik ez dago, eta honetan ere egongo dira. Segurtasun Kontseiluan egotea, dena den, boterea gehiago da dirua baino: nazioarteko foro nagusienetako batean ahotsa izatea (eta botoa; ezen ez betoa, hori bostek baino ez dute), nor izatea. Hori ere garrantzitsua da.

Ondo etorriko zaio Espainiari, gainera, futbol eta saskibaloi txapelketak eta tenis edo automobilismo alorreko balentriak gutxitzen ari diren garai hauetan.

Artikuluaren hasieran Espainiaz trufa egin dudala pentsa lezake inork, han egon daitezkeen besteek ere askoz hobeak zertan izan ez dutela. Egia. Ez zait ahaztuko AEBetako ordezkariak Saddam Husseinek kamioietan mozorrotuta zeuzkan arma ikaragarriak aurkezten, Segurtasun Kontseiluan, inolako lotsarik gabe. Baina, nola esango nuke, Sahararen ordezkaria banintz errezelo apur batez joango nintzateke babes eske badakidanean aurrean izango dudan Espainiako ordezkaria, Garcia Margallo ministroa, Kataluniako autonomia suspenditzeaz lasai asko mintzatu zela aurreko batean, mihian batere kiorik gabe. Eta alderdi honexen gobernua izan zela korrika eta presaka, zuhurtzia oinarrizkoenaren gainetik, Madrilgo martxoaren 11ko atentatuen egile ETA zitekeela NBEri esanarazi ziona, Colon Plazako banderaren masta baino ziri luzeagoa sartuz.

Mahaikide izango dituztenek ere antzeko curriculumak izango dituzte, jakina, ipurdia eserleku haietara eramateko zein meritu hartzen den aintzat badakigu, baina aurreiritziak direla dakidan arren, Spain bada oraindik ere different zenbait gauzatan. Harritu gaitzakete, hala ere, eta aldarte ireki demokratikoz jardun han, etxean otso eta kanpoan uso, horretarik ere asko kausitzen baita nazioarteko foro horietan. Gainera jakina da estatu handiek kuidado are handiagoa izaten dutela elkarren baratzeetan aitzurra ez sartzen, beste batzuenetan goldea errukirik gabe ibiltzen duten horiexek.

NBEren eraginkortasuna mugatua da, berrikitan Gazan egiaztatu ahal izan dugunez, baina nazioarteko gatazka beroenak han lantzen dira, eta iritzia ez ezik jarrera ere erakutsi beharko du Espainiak Ukrainari buruz, Estatu Islamikoaz, Saharaz, Ipar Koreaz… Ez du bere aldetik jardungo, noski, sozioekin batera ibiliko da, baina agertu beharko du bere burua. Ea uso diharduen.

Etxean otso segitu du, eta ulu batzuk marrantak jota atera bazaizkio ere, aste amaierara ez da gaizki iritsi, Espainiako Gobernua. Birusaz jardun da, eta banku-txartelez —a ze lotsagabe kuadrilla!—, eta isilago Kataluniaz Artur Masen agerraldia iritsi arte. Eta azkenean lehen round-a gainditu egin dute, eta hasperen lasaia bota.

Baina konbatea ez da amaitu, ez kataluniarren aldetik, baina ezta haienetik ere. New Yorken ez dakit, baina hemen bai baitakigu Madrilen kaskoa ez dela urdina, berdea baizik. Kaki kolorekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.