Irati Zubia Landa.

Katu bat pisu huts batean, eta beste irudi triste batzuk

2023ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

J. De Cascantek badu epilogo eder bat Una ciudad entera bañada en sagre humana ipuin sortaren atari. Bere burua aurkezten du esanez nekatuta dagoen gizaki bat dela. Pertsona bat izateak zeregin ugari dakartza. Gorputz bat mugitzea ez da eginbehar makala eta, finean, «ez hiltzea jarduera zinez neketsua da». «Biziki akuratua» apuntatu nuen orri-ertzean. Sinesgaitza da nola segi dezakeen batek eginbeharrak kunplitzen ziplo erori gabe. Zeresanik ez, tristura baduzu tarteko. Diote ez dagoela pozik egoteko nahia baino gauza serioagorik. Badu zentzurik gogotik saiatzeak. Baina, bele gris baten gisan tristura sorbaldan pausatzen zaizun sasoi horietako bat tokatuz gero, leher eginda buka dezakezu.

Bide limuriak dira tristurak norbaitengana ailegatu arte egin ditzakeenak. Kasu askotan aurreikus zitekeen, pistak egon badaude. Lan eta zaintza ordu eternoek, botere-harremanek, bonba-hots normalizatuek, promesa hautsi eta etorkizun prekarioek edonor goibelduko lukete. Aldez edo moldez, jarduten dugu sistema triste batean gorputza funtzionalki mugitzen. Baina, atsekabea ziurtatua duten Sylvia Plathen beirazko kanpaien barruan. Gainetik, eguraldi txarra egiten du hiru egunetik bitan.

Gerta daiteke ere kontingentzia ñimiño batek zeharo hankaz gora jartzea zure bizia. Espero ez zenuenean ere, pisatu diezazuke tristurak. Lagun batek «ia-zerbait» deritzen harremanen tristuraz hitz egin zidan. Ia-zerbaitak dira bikote estatusa izatera heldu ez diren harremanak. Maitemintzen zara, egoera kontrolpean eta tristura arrastoan izan dezakezula pentsatzen duzu, harremanik ez bada ez dagoela ondoren zeri negar egin. Burutik apur bat jota eta triste amaituko duzu, ordea. Desproportzionala irudiko zaizu halako zerbaitengatik tristatzea. «Baina, amiga», zuzendu zitzaidan laguna, «zurean kapitulua okupatu duen norbaiten bizian oin-ohar bat izatea mingarria da», Punzadas Sonoraseko esaldi bat parafraseatuz.

Batzuetan, bat-bateko haginkada gisa dator tristura. Lurralde exotiko batera oporretan joan denari moskito gaizto batek eragindako sukarra nola. Izan daiteke telefono dei bat, espero zenuenaren kontrakoa iragarri duen erresonantzia magnetikoa, maite duzun norbaiten heriotza. Ezin jakin noiz, baina gertatzen da. Joan Didionek senarraren heriotzaren doluaz idatzi zuen lipar batean hautsi daitekeela bat: «Afaltzera esertzen zara eta ezagutzen zenuen bizia aldatu da». Nekatuta bada ere, orduan ere segitu zuen mugitzen. «Ospitalean ere gauzak egiten segitu nuen, adibidez ilara bat».

Edo agian ez, agian zure gorputz nekatua kieto paratuko da. Sylvia Plathen Estherren gorputzak ez zuen mugitzeko, irakurtzeko, idazteko eta lo egiteko energiarik. Edo mugitu nahiko duzu, baina ezin jakin gorputza nora eraman. Szymborskaren poema batek jabea hil zaion katuaren dolua kontatzen du, katuaren perspektibatik. Katua deskolokatuta dago, jakin gabe nola mugitu, nora jo. Etxeak berdina dirudielako, baina ez delako berdina. Haserre dago, ezin sinetsi nola egin dion halakorik jabeak. Nori okurritzen zaio. Hiltzea, hori ezin zaio egin katu bati. Zer egin dezake orain katu batek pisu huts batean?

Bide limuriak dira tristurak norbaitengana ailegatu arte egin ditzakeenak. Tantaka etor dakizuke edo zaplazteko baten danbatekoaz. Forma asko ditu. Aholku jakintsuenek diote ez dagoela mina pasatzea beste erremediorik. Nola trantsitatu hori, hori beste kontu bat da. Irudi eta testu ederretan egon liteke aterperik. Baita lagunaren altzoan ere. Ez da erraza bestearen tristuraren sostengu izatea. Baina batzuetan sinkronizatzen gara eta elkarrekin egiten dugu negar etxeko egongelan. Eta hor bai, hor har lezake atseden batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.