lizar begona

Kleopatraren usaina

2024ko otsailaren 21a
05:00
Entzun

Usaina sauvage da: lepo batera hurbildu eta oihan bateko liana-sasietan endredatuta irten daiteke bat. Usaina poison da, mingarria eta toxikoa: baina pozoiaren erakarpen deabruzkoak bumeran baten gisan denbora eta leku berera gosez itzularazten zaitu. Usaina vent d'océan da: ostertzaren aurrean paratuta arnasarekin sartzen den zera itzel hori.  

Kolonia iragarkietan zaila da, benetan zaila, ezpain erdi irekirik ez aurkitzea. Segundo gutxiko irudiak izaten dira, baina inoiz ez dira oharkabe pasatzen. Beti izaten dute nola edo hala inpaktua sortzeko osagairen bat. Kolonia publizitatean elkar jaten dute aho-lepo, izter-esku eta ezpain-ezpainek. Cate Blanchettek zeharka irribarre sotilarekin begiratzen digunean, edo Johnny Depp bisonte arteko karretera amaigabe batean gidatu eta gaizto aurpegiaz amildegiaren puntan azaltzen zaigunean, edo Julia Robertsek Pariseko afari aristokratiko batetik ihesaldian atzera begiratzen digunean eta bere atzetik irteteko sena eta gura basatia pizten digunean. Hori guztia da usaina.

Jakin: aromak frantsesez idazten dira. Ez pentsa inpresio bera sortzen digunik edozein ahoskerak. «Erre» arrunt baten lekuan «egge» on batek sabelaldean oso bestelako dardara sexya sortzen digula ondo dakigu.

Aromak gora, aromak behera, hau irakurri dut bat-batean: «Reproducen el perfume que usó Cleopatra», eta ez naiz aiherga geratu, sustoa ere eman dit goiburuak. Ni bezalako harrapakin errazentzat diseinatutako berba sorta sentsazionalista, akaso. Amua oso-osorik irentsi dut?

2019an Hawaiiko Unibertsitatean arkeologo eta perfumista talde batek Egipton erabiltzen ziren lurrinak berreskuratzen saiatu omen zirela kontatzen du. Thmuis zuela izena antzinateko bi lurrin ezagunenak deskubritu ziren hiriak (mendesioa eta metopioa). Niloren deltan merkataritza-jarduera nagusia lurrinak egitea zela, nonbait. Bertako perfume eta ukendu merkatari baten etxea induskatu eta aurkitutako anfora eta beirazko botilak arakatu ondoren, laginekin analisi kimikoak eta testu zaharretako formulak tarteko, bum: Kleopatraren usaina. Mirra, kardamomoa, oliba olioa eta kanelaren arteko lurrin espeziaturen bat, antza.

Amagoia Mujikak idatzitako Baserri usaina artikulua hizpide, joan den astean Euskadi Irratian ere ibili ziren usainen inguruan bat eta beste. Norberarenak probokatzen duen lotsaz aritu ziren, zehazki. Bihotza apur bat uzkurtu zidaten hizlarien testigantzek. Baserrietatik hiriko eskoletara egunero jaisten ziren ume eta nerabeak ziren, eta garai hartan jasandako irainei eta bazterkeriari hitzak jarri zizkioten. Konturatu nintzen gutxitan egiten direla publiko hain intimoak diruditen min horiek, haurtzaroarekin eta nerabezaroarekin lotutakoak maiz. Bazkalosteko atsedenaldian imajinatu nituen, eta pentsatu nuen zer ote den nerabe baten identitate delikatuan norbere usaina lotsaz bizitzea. Irudika dezaket nolakoa izan daitekeen horrek egiten duen zauria, eta osteko orbaina.

Belardi zabal batena, parranda baten osteko ardo eta tabako aroma, kortako behien simaurrarena edo erretako egurrarena, supermerkatuko txanpu eta gel guztiak erosi aurretik testatzean sudur-zuloetan eratzen dena, goizetako hats deshidratatuarena, Prousten madalena harena, adoleszenteen ikasgeletako izerdi usain kontzentratuarena, gurasoen etxe atarikoa, igerileku publikoetako kloroarena, inkontzientean galdutako zera indartsuren baten usaina, anbulatorioko itxarongelakoa, udako iluntze batean galerna batek utzitako asfalto bustiarena. Hori guztia da usaina.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.