mikel elorza

Korridoreetako oihartzuna

2024ko martxoaren 13a
05:00
Entzun

Mendia ezin dela atez itxi dio esaera espainol batek, eta mendian pixka bat dabilenak badaki atez ez agian, baina atakaz, txarrantxaz eta hesiz ondo asko itxi litekeela. Esan izan dut lehen ere. Mendia, zelaia, desertua... edozer itxi liteke horretara jarriz gero. Lurralde oso bat, Gaza, itxia dute aspaldi israeldarrek.

Harresiz lurraldea ixtea, izan ere, aspaldiko kontua da. Txinatarrak k.a. VIII. mendean hasi ziren eraikitzen harresitzarra, mongolen inbasioen beldur. Europa ere itxia dugu, barbaroen inbasioen beldur. Hesiz, atakaz, txarrantxaz eta atez. Pentsa gaztelaniazko esapidea zein osoki irauli dugun, itsasoa ere hesitu dugu! Gure partean tarteka sartzen da inor, Afrikako kostaldeko mafiek —izan estatu, izan bestelako antolakundea— diru pixka bat gehiago behar dutenean desertuko ateak zabaldu eta hainbat ontzi itsasoratzen baitizkigute —harresi lana egiteagatik ordaintzen diegun horiek, no-next generation funtsekin, diot nik—.

Israelek ez du zirrikiturik uzten bere harresietan. Free Gazak antolaturiko Askatasunaren ontzidia-ri eraso egin zion, orain darabilen larderia berberaz, duela 14 urte. Zigorgabetasun osoz. Orain berdin, lehen baino hilgarriago. Lehen baino are zigorgabeago. Itxieraren hermetikoaz gain, dena den, Israelenak badu beste bereizgarri bat: harresiak eraikitzen dira kanpokoak sar ez daitezen; Gazakoa barrukoak irten ez daitezen da. Ez dela gotorlekua, alegia, kontzentrazio esparrua da.

Eta horren aurrean... gu ezinezkoaren arkitekto bihurtu gara: korridorea egingo dugu itsasoan! Ezinezkoak egin ditzakegu, baina ahalezkoak ez, hau da, Israeli behingoz apartheid politiko eta sozial eraginkor bat egitea: arma-salmentatik hasita, noski, harreman komertzial guztien etenari ekin, eta kirol eta sozial arloko bazterketaz finitu. Eta lotsa humanitarioak jan ez gaitzan, genozidioa posible egiten duten berberek eramango dituzte esne-hauts paketeak Gazara. Gure olinpoaren podioa berritu beharko genuke: Zeus, Marte eta Hipokrisi.

Dena esanda dago, badakit, baina dena berresaten jarraitu behar dugu. Gure protestaren eta gure nanoboikot partikularren hutsalaz ia konbentzituta egonagatik ere, jarraitu behar dugu.

Bere izaera metaforikoa, korridorearena, beste eremu batean ere baliatu izan dugu. Korridorea ez da bakarrik itxiarazita dagoen eremura iristeko modua, aretoetan erabakiko dena limurtzeko tokia ere bada. Espezialista oso estimatuak dituen jarduera da korridoregintza. Jauregiko areto argitsuan ezer lortu nahi duenak errazagoa du aurretik pasilloaren ilunean landu badu.

Nazioarteko aferetan ere, Brusela, Estrasburgo edo New Yorkeko korridoreetan leunduko zen makina bat ertz, adiskidetuko etsai amorratuak, erosiko erabaki mordoa, salduko printzipio anitz... salbu eta kuestio judutarrari dagozkionak. Horiek ez dira ukitzen, humanwashing pixka bat egiteko ez bada, hiru kamioi eta lau ontzi bete gari sartzen utziz.

Heriotzaren korridorea deitu beharko liokete, errealagoa da.

Bada korridoreetan destilatzen den beste afera bat, aurrekoarekin zerikusirik ez izan arren, ekarri nahi dudana duen musaje gordinagatik. Musukoen kontura (eta musukoen tokian beste batek daki zenbat) gizendutako patrikena. Zein lotsagabeki, eta zein kopuru obszeno pobreziak ere su-etenik ematen ez duen garaiotan. Hori bai, korrupzioa, feminizidioak, desahuzioak, larrialdi klimatikoa, espekulazioa... libre dabiltza, baina arazo handia da oso berandu afaltzen dela Espainian, non martxoaren 11n gertatu ez zenaz gezurretan segitzen duten. Libertario apatridena ere independentista bihur dezakete.

Eta korridoreetako morroilo-zarata entzuten jarraitzen du, Poloniako espetxean, Pablo Gonzalezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.