elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Masailak gorrituta

2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Letra zopa bat; letra beltzen zopa, pankarta zurian. Bistan da togadunek ez dutela diseinu grafikoan denbora galtzen. Aitzitik, beren idatzietan erabili ohi duten komunikazio estilo ilun eta zurrunari dagokion estetika daramate pankartara ere. Letra handian, bi lerro: «Por la dignidad de la justicia, reclamamos medios dignos». Azpian, letra txikixeagoan, beste bi lerro: «En defensa de los ciudadanos, pedimos una justicia independiente y libre de injerencias políticas». Dozena bat gizon eta emakume pankartari eusten; atzean beste dozenaka batzuk babesa ematen. Argazkia asteartean ateratakoa da, hilaren 22an, Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren atarian.

Apirilaren 5ean toki berean egin zuten agerpenean pankartarik ez, orduan banakako kartelak erakutsi zituzten: gaztelera hutsez denak. Iruñean, astearteko huelga egunean, beste pankarta hau erakutsi zuten Nafarroako epaile eta fiskalek: «Por una justicia independiente y de calidad».

Bilboko pankarta telebistako albistegian ikustean, pentsatu nuen ihes egingo zidala letra zopa hartan euskarazko testuak. Bada, ez, euskarazko testurik ez zegoen. Hala ere, ulertu, ulertu dugu pankartek eta kartelek diotena. Ulertu lehen adieran eta bigarrenean, alegia, zer eskatzen duten epaile eta fiskalek eta eskatzen duten hori zentzuzkoa dela. Justizia independente eta injerentzia politikorik gabekoaren eskaerarekin, ados erabat. Aldarrikapen horri aurretik jartzen dioten premisak, ordea, krak egin dit: «Herritarren defentsan» diote. Zein herritarren defentsan ari dira pentsatzen pankartaren leloarekin bat egiten duten epaile eta fiskal horiek? Ez al dira konturatzen beren eskuetan gauzkaten herritarron zati handi bat kanpoan utzi dutela pankarta eta kartel elebakar horiekin?

Epaile eta fiskalen elkarte profesional guztiek sustatu zuten astearteko huelga, eta antolatzaileen arabera, ehuneko laurogeiko jarraipena izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroan, ehuneko hirurogeita hamarretik gertu. Hortaz, lau lurraldeetako epaile eta fiskal gehienek eman zioten babesa. Alabaina, togadun horien guztien artean ez da, antza, inor jabetu euskal hiztunok gutxietsi egin gaituztela, nortzuek eta justizia ebatzi eta maneiatzeko ardura duten funtzionario publikoek. Dakidala, ez du inork barkamenik eskatu. Kalean jendaurrera halako plantan agertzen badira, ez da zaila imajinatzea zer-nolako begirunea erakutsiko dieten euskarari eta haren hiztunei beren despatxu eta auzitegietan.

«Epaitegietan ez du aurrera egin euskararen erabilerak». Nekane San Miguel Bizkaiko Lurralde Auzitegiko magistratuak esana Argia-n egindako elkarrizketan, 2010ean. Justiziako funtzionarioek euskararen aurrean zuten jarrerari buruz galdetuta, hona erantzuna: «[...] gutxiengoa da errespetuz jokatzen duena. Gai honetan errespetuarekin jokatzeko, nire ustez, erkidego honetan bi hizkuntza direla ofizial onartzea da lehen gaia, eta berehalako ondorena, biei bata zein bestea erabiltzen duenari— trataera berdina eta aukera berberak eman behar zaizkiola jabetzea, halakorik inor une oro gogora ekartzen ibiltzeke». Zortzi urte joan dira Nekane San Miguel magistratuak horiek esan zituenetik. Pankarta eta kartel aldarrikatzaile elebakarrak sostengatzen dituztenek ez dute oraindik lezioa ikasi.

Hala ere, «herritarren defentsan» omen dihardute. «Euskadiren interesak Eusko Alderdi Jeltzalearen interesen gainetik jarriz» hitza jan duten politikari horiek bezala. Halakoetan, lotsak eta am orruak jota, herritar hemengo herritar izatetik dimititu egin nahi luke batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.