mikel elorza
ARKUPEAN

Onartutakorik ez

2017ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Inguratuta gaude baina ez gara lehen begi kolpean ohartzen. Paisajea, hurbilekoa, baita pertsonen alorrean ere, nola edo hala molda dezagun utzi digute, eta beraz egunerokoan bagoaz, eguneko langatxo horiek nola edo hala gaindituz. Baina ertz ñimiñoenarekin topo egitean ohartzen gara gainean ditugula, eta azpian, eta alboetan, botereak, eta haiek agintzen dutena egiten dugula, haiek agintzen duten moduan, haiek agintzen dutenean. Haien hagindutara gaude. Eta gure kontsumo ohiturak (black friday, urrutiragoko beharrik gabe), aisialdi ohiturak, kultura partehartzeak eta bizimodua bera telezuzentzen digute. Kontra egiten baduzu ohartzen zara, ezin duzula ereduen aurka, diruaren menperakuntzaren kontra, errepresio politiko eta etikoaren gogortasunaren aurka... Botereak zehazki zein diren zehazten ez da erraza, haien asmakizunik behinena deabruarena omen den horren tankeran lanbro moduko batean ostenduta egotea da. Halabehar bihurtu dira, derrigorra. Eta ondorioz gure egunerokoa zizelkatzen doaz, guk nahi gabe ere. Bizi garen sistemak gero eta jandago gauzka, eta gero eta zailagoa da kontrakarrean bizitzea.

Alde horretatik, aspaldian harrituta nauka finantza erakundeekin gertatzen ari dena. Erreskatearen diruekin ondo gizenduta daude, baiki, baina epaitegietan galtzen ari dira zoru-klausulen eta beste zenbait gasturen inguruko gatazkak. Galtzen, asko. Eta hauek galtzaile ikustera ohitu ezinik, gero eta lotsagabeagoak diren komisioez aparte, horiek denak bueltan jasotzeko zer asmatuko duten zain nago. Botere politikoak judiziala noiz ekarriko duen bere onera, «nahikoa da» espresuki esan gabe, baina eginez.

Haiekin akordatu naiz epaitegietako borroka horretan letra txikia deitu izan zaiona dagoelako. Finantza erakundeek bezala aseguru-etxeek, telefono-konpainiek, argindarrekoek eta espezie horretako beste pajaroek erabiltzen dutena. Letra txikia, eta hizkera ulergaitzean emana. Hizkera juridikoa, paperkerietan erabiltzen dena, asmakizun aparta da: herritarrek ulertuko ez duten hizkera, haiek gobernatu edo epaitzeko erabiliko bada ere. Epaiketa batek honen gailurra islatzen du: epaileak tranpaldoan, mozorrotuta, epaituak ulertzen ez duen kalakan, abokatu, fiskal eta bestelako sazerdoteen artean. Herritarrari emaitza emango diote; hori bai, hori entenditzeko moduan.

Hizkerak beldurra ematen du, handia, eta ez txikiagoa horiekin batera zabaldu eta hedatzen diren beste esapide edo hitz batzuek, ustez ulergarriak, baina edukia mozorrotzeko pozoiz kargatuta. Onartutako sexua (sexoconsentido) da azken egunetan asko entzun behar izan duguna. San Ferminetako bortxaketakoa horixe omen, haiek diotenez: onartutako sexua. Baina zer da hori? Esan nahi du onartu gabeko sexua ere badagoela? Onartu gabeko sexua ez dago: hori ez da sexua, indarkeria da, bortxa.

Ez dakit zenbait transakzio komertzial izendatzeko erabil litekeen onartutako sexu (transakzio horiek ere, prostituzioa alegia, askorentzat bortxa dira), baina gainerakoan uste dut ezetz. Ez dela hala, edo behintzat ez lukeela izan beharko. Erdibidea eskaintzen duelako: ez zen biek nahi zuten harremana, baina bortxa ere ez, tarteko gauza bat zen, onartutako sexua.

Errugabetasun printzipioaren defendatzaile sutsua naiz, eta handiak bota arren aho handi askori gertatzen zaigu, bizitzaren jardun askotan baliatzen ditut erdibideak, hirugarren bideak. Epelen errepublikakoa naiz. Eta hirugarren bidearena sexuaz ari bagina sujerentea izan zitekeen, baina afera honetan ez dagokio. Iazko sanferminetan Iruñeko ezkaratzhartan gertatutakoetan gauza bakarra daukat nik segurua ez zela egon: sexua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.