Garazi Kamio Anduaga.
Arkupean

'Peep show'

2024ko otsailaren 20a
05:00
Entzun

Tiradera bat ireki eta bertan topatu nuen aspaldi erabili gabeko tresna hura. Bi hamarkadaren langa ondo pasata zuela gordea, inongo abentura literariorik gabe. Ez zen ezkutatutako ezer izan, neronek sartu bainuen noizbait tiraderan, ahaztu beharreko gauzen kaxoian uzteko. Luze hitz egin gabe, telefono zenbakiak biltzen zituen agendaz ari naiz. Noizbait guztiok izan dugun tresna analogikoa, harik eta digitalizazioaren atzaparrek bai agendari eta baita guri ere heriotza analogikoa eragin zigun tarrata sortu zigun arte.

Agendak berdin jarraitzen zuen, denboraren kapsula batean sartu izan banu bezala: artean telefono mugikorren bat edo beste, baina gehienak lagunen etxeetakoak. A bilduren bat, kontu handiz egindako kaligrafiaz, gauza berritzaile hark mereziko zuelakoan eta ezker eskuaz idazteak dakarkidan trakeskeria disimulatu nahian.

Larru marroidun azalak dituen agenda txikiak ez zukeen galera handirik ekarriko noizbait nire kontrolpetik ihes egin izango banu: adinean bi hamarkada pasa berri zituenak ez zuen filmetan ikusten zituen galera kolosal haiek biziko. Ez zuen izen konprometiturik bertan, ezta sekretupean gorde beharreko zenbakirik ere. Haatik, bertako zenbaki asko eta asko erabilgaitzak zaizkit egun, noski, bizitzaren erroberan guztiak izan duelako garapena, izan onerako zein txarrerako.

Agenda bere horretan utzi nuen baina berehala etorri zitzaidan burura Hertzainak taldearen Set drugs free kanta eta nerabe garaitan oroimenean iltzatuta utzi nuen esaldia: beranduegi beti bezala, telefono agendan aurkitu zaitut eta zure izena bertatik tatxatu beharrean nago. Urteetan pentsatu nuen nola izango zen norbaiten telefonoa agendatik ezabatu beharreko unea: heriotzaren ondorioetako bat izango ote zen ala erromantizismoaren amaiera zekarren aldarria. Urteak pasa ziren eta garai hartako eskemak goitik behera irauli ziren: agendak tiraderara eta pentsamolde digitala poltsikoetara.

Agenda anakroniko samarra iruditu zitzaidanez, begirada mundu digitalean jarri nuen, zehazki Instagram izeneko sare sozialean. Mark Zuckerbergek erosi zuen argazkien galeriak agendaren mamua dakar atzetik. Bada Instagram voyeur modura ikusten duenik eta erabileraren beste muturrean daude eguneroko gosariak, abenturak eta baita komuneko egonaldiak zabaltzen dituztenak ere. Ez gara etikaren ur sakonetan sartuko, egunkari osoa beharko genukeelako bateko eta besteko iritziak biltzeko, baina telefono zenbakiak agendatik ezabatzearen inertziak mundu digitalera egin du jauzi.

Norberaren bizitzaren peep show-a edo begiraden espektakulua izan daiteke sare sozialetan harrapatuta gauzkan amarauna. Jar dezagun adibide bat: duela hamar urte bikote harreman batean zinen eta harekin egindako egonaldi zein oporrak harrotasunez erakutsi zenizkien lagun digitalei. Harremanak ez zuen aurrera egin eta hiru urteren buruan amaitu zen. Ez diogu dramarik gehituko istorioari eta beste norbait jarriko dugu zure bizitzan. Eta harekin ere beste horrenbeste egiten duzu: maitasun mezudun argazkiak sarera igo, oporrak... nahi duzun oro. Hori bai, ez duzu argazkirik ezabatu azken hamar urte hauetan.

Peep show-a bermatuta dago: zure jarraitzaileek zure bizitza grafikoaren garapena ikusten dute. Edo beste hitz batzuekin esanda: norberaren etxean bikotekide-ohiaren argazkiak nonahi izatea bezala da, agendako zenbakia ezabatzearen ariketa bera; erabiliko ez duzun arren, bertan mantentzea edo betirako ahaztea. Norberaren baitan dago ariketa, bai argazkien jabearen eskuetan baita ikusten duen ikuslearengan ere. Gure agendan ez zuen inork muturra sartzen baina hemen peep show-aren errezelak norberak irekitzen ditu. Eta ez da txanponik sartzeko beharrik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.