mikel elorza
ARKUPEAN

Piramideak eta zibak

2016ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Zahartzen ari gara. Ni eta nire ingurukoak bai, eta gai hori hizpide zenbat hartzen dugun da horren seinale nabarmenetako bat; hori, eta klixe eta txiste txar mordoxka bat. Artikuluaren hasierako hitzekin gizarteaz ari naiz, dena den. Gero eta haur gutxiago ekartzen dugu mundura, eta hil ere ahal denik eta beranduen egin nahi dugunez eta ongizatearen kontu honek aukerak ematen dizkigunez, bada hala gabiltza: hankagorriak gutxi eta buru urdin eta soilak sobra. Izan ere, hil ondoren zerbait dagoela sinetsita ere, inork ez du jakin-mina aurrerapenez bete nahi eta ahal den gehiena luzatzen dugu. Gutxi batzuek aurrea hartzen diote, egia esan, izan litekeen erabakirik libreena —pentsalari batzuen definizioz— hartuz: norberak noiz hil behar duen erabakitzea, alegia. Ez omen dira hain gutxi, baina isiltasun itun bat egina dugu suizidioaren inguruan eta ez da horretaz hitz egiten,ez dira gure hedabideetako minutu eta letretan azaltzen, ezta eufemismo bitartez ere («gaitz luze baten ondorioz» hori bezala, izendatzeak berak kutsatzeko arriskua balekar legez!).

Beste baterako utziko dugu buruaz beste egitearena, eta norberaren besta ahalik eta gehien luzatzearenari helduko. Gizartea zahartzen ari zaigu, ari gara: 65 urtetik gorakoak asko dira, piramidea ziba bihurtua da eta alarmak piztu dira. Egongo al da dirurik denentzat? Kezka nagusia hori. Erretiroak, gizarte-zerbitzuak, osasun-zerbitzuak... iritsiko al zaizkigu?

Kezkagarria da, bai noski, denok atzeman uste dugulako aldaketa horren muina eta zergatia, eraiki dugun jendartearen eta bizimoduaren ondorio zuzena delako —batez beste 3 edo 4 haur dituzten familiak egiten berriro hastea nekez aurreikus liteke, hori ardatz duten fedeek mundua hartua duten arren—. Bizimodua aldatzen ari zaigu, ari gara, eta ezinezkoa zaigu, eta gainera ez dugu nahi, berriro lau edo bost seme-alabaren guraso izan (gehienok lau edo bostena ez, baina batzuek bakarra ere ez dute eduki nahi, baina horiek nahikoa begirada eta komentario oker jaso behar dute, insolidarioak edo gutxienik arraroak bailiran, herrenen bat balute bezala...).

Ez dakit immigrazioarena irtenbide bat izango litzatekeen, ez dut uste. Ireki beharko genizkieke ateak, ez daukat dudarik, baina ez gure gizartea gaztetzeko eta lan-indar gisa etor daitezen, ez gure pentsioak ordain ditzaten (eta gure adindunak zaintzen jarraitu, gau eta egun). Ireki behar dizkiegu ateak, kito; zertarako bat izan gabe. Baina berriro diot, hori ez da irtenbidea. Ateak zabalduta ere, denborarekin etorkina bera aldatuko du gizarteak, ez berak gizartea, eta nekez bihurtuko da ziba berriro piramide (Houellebecqen eleberriek kontrakoa marraztu arren). Gainera, ez dut uste atea irekiko diegunik eta, haiek azpitik eta gainetik pasatzean ere, ez daukagu lan makala gure artean normaltasunez hartzen (etorkinak ez daudenean nahi izaten ditugu, baina gero, iritsi direnean...).

Egiturak berrordenatu beharko ditugu, ondasun banaketaren gaiari heldu beharko diogu behingoz, 65 urtera arte lan eginda (edo gutxiago!), hurrengo urteak ere pagatuta edukitzeko nahikoa izan dadin.

Bada, ordea, puntu bat honetaz dihardugunean ahanzten duguna. Beste banaketa batena, rol-banaketarena. Zaintzarena; eta elementu funtsezkoa da. Onar dezagun normalean esaten ausartzen ez garena: haurrak ez, emakumeak falta zaizkigu! Haiek arduratu izan baitira seme-alabak hazten zaharrak zaintzen arduratzen hasi behar izan duten arte. Eta gehienean hala izanik oraindik ere, gauzak aldatu egin dira: aldatzen hasi dira, esango dugu (adindunen zaintzaren kasuan ezer gutxi).

Oso pixkanaka bada ere, jendartea aldatzen ari da, ari dira, eta hori dugu erronka, aldaketa horretan sakontzea, denok, eta orduan bilatzea irtenbideak, denonak eta denontzat, piramidea baino, egitura osoa irauli arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.