mikel elorza

Plastikozenoa

2024ko apirilaren 24a
05:00
Entzun

Komunitate zientifikoa deitutakoaren zati batek antropozeno hitza proposatu du egungo garai geologikoari deitzeko. Holozenoaren ondorengoa izango litzateke. Ginekozeno deitzeko proposamenik ez dakit badagoen, baina giza eragina nolakoa izan den ikusita, kalte eta onuren ikuspegitik esan nahi dut, agian ez dago gaizki antropozeno, señorozeno komunitate zientifikoak onetsiko ez duelakoan.

Bestelakoa da, ordea, nire proposamena, inolako oinarri zientifikorik izan ez eta izateko asmorik gainera ez daukana: plastikozeno. XIX. mendeko Iraultza Industriaz gaur egunera bitartean kristalak eta altzairuak eduki dute garapen izugarria gure paisaia marrazten, eta silizioa dabil pilpiraka gure trepeta elektroniko guztietan, baina material huts baino ez dira. Industria ere izan daiteke garaia ezaugarritu lezakeena, industriazeno, eta politikoago jarrita, kapitalzeno. Seguruenik bioaniztasunean, biogeografian, estratigrafian... eragin handia elementu hauek utziko dute, gizakiaren eskutik beti ere, baina nik uste plastikoa dela geldituko dena.

Izan ere, ia-ia dena plastikozkoa da egun eta hemen.  

Gure gorputzetan badago, jakina, mikroplastikoek inbaditu dituzte gure gorputzak, gureak eta gainerako izakienak. Zenbat denbora da plastikoa jaten ari garela, gastronomo izarren galaxia honetan ere? Eta gorputzetatik kanpo ere hortxe da: ez dakit dagoeneko itsasoetan zenbat bilioi tona plastiko dauden (bilioi, bai, b-z), baina aurreikuspena da hogei urte barru plastiko gehiago egongo dela itsasoan arrainak baino. Lurreko animalia koxkor xamarrak baino gehiago, seguru badaudela dagoeneko.

Gorputzak bai, natura ere bai, baina gure garunak ere inbaditu ditu. Plastikozkoak dira, honezkero, gure pentsamendu, ideia, sentimendu gehienak... Saiatzen gara, erromantizismo kutsu batez, telurikoak izaten, burdinazko konbikzioekin, harrizko herri bat garela defenditzen, zura bezain sendo eta dotoreak diren proposamenak eraikitzen, sentimendu kristalezkoak garatzen (oso gogorrak, soilik diamanteak arrakalatzen dituenak, eta gardenak; baina era berean hauskorrak), naturaren esentziaren isuriez apaintzen gure bizimodua, larrua gurtzen dugu... Baina plastikozkoak gara. Plastikozkoak dauzkagu ideiak: ikus hauteskunde kanpaina igaro berriari, su edo hotz pixka batekin desegin dira, aldatu ideia eta proposamenak; denbora oso laburrean galdu dute distira eta bizitasuna. Sentimenduen alorrean ere, hiperestimulaziozko gure jendarte berehalakotarrean, emozioak plexiglasezkoak dira, trokelean egindakoengatik ordezkagarri. Eta halaxe dauzkagu gure barne-edukiontzi horiak, sentimendu eta ideia iraungiez gainezka, zaborraren kamioia (edadea, alegia) pasatu zain.

Gure arteko kontaktua nagusiki telematikoa da, pantaila bidez, plastikotan bildutako hariz adierazia. Marka, kolore eta tamaina desberdinetako plastikozko txarteletan gordetzen da gure identitatea. Plastikozko poesia batekin esanda: gu hilen gara, gure arima galduko da, gure askazia galduko da eta plastikoak baino ez du iraungo.

Pentsa, datorren adimena ere ez da naturala.

Baina ez har deitoretzat egin berri dudana, kantutzat baizik: plastikozko oda bat (oda merkea; hau da, txinotakoa). Etorkizuna plastikozkoa da. Azken hauteskundeetan galdu duenari (bakarren bat balego), azken maitasun harremanean porrot egin duenari, azken maitasun harremana noizkoa duen akordatzen ez denari, eguzkitako betaurrekorik gabe ere dena ilun ikusten duenari, medikua keinu serioz mintzatu zaionari, azken azterketa gainditu ez duenari, lehen azterketa ere gainditu ez zuenari... bihotza harri egiten zaionean, puskatzear daukanean, beti izango du aukera plastikozkoa jartzekoa.

Eta bestela, pilulak: plastikozko kapsuletan zerbitzatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.