mikel elorza

Xekearen xake on

2024ko urtarrilaren 3a
05:00
Entzun

Kontsumoaren jonkiak gara. Ekoitzi eta kontsumitu, gurpil horretan sartuta gaude eta inork ez dugu eguneroko txutea galdu nahi, bizitza-maila da gure zainetako mama goxoa. Planetaren berotzeak larritasun erabatekoa du, baina produktuak ekoitzi egin behar ditugu neurri neurtezinetan, munduaren alde batetik bestera garraiatu behar ditugu, gu geu ere batetik bestera garraiatzen gara eta, gainera, gure bizitzan ezinbestekoak zaizkigun hainbat gauza mantendu behar dira piztuta. Dena behar dugu piztuta. Itzaltzearen kontra gaude. Gu ez ote gauden gero eta itzaliago, pertsonak, horixe inpresioa. Makinak piztu eta pertsonak itzali, profezia berria izan daiteke. Intuitu zen arren, pandemia garaian, zibilizazioaren deskonexioa planetarendako onuragarria izan zitekeela, inork ez du entxufea atera nahi.

Erregaiak ez ezik, eguneroko bizimodua asetzeko bestelako substantziak ere badarabiltzagu, eta lehengaiak agortzen ari gara: itsasoak bizitzaz hustu eta plastikoz betetzen, lur eta oihanak idortzen nekazaritza eta abeltzaintza sistema suntsitzaile batekin, ingurune naturalak dokumentaletara murrizten... Ezin bestela, hala ere. Behar dugu, drogamenpekoak gara, eta goizean jaiki, Bangladeshen egindako arropez jantzi eta gosaltzeko Zeelanda Berriko kiwia jango dugu, Boli Kostako kakaoa eta Kolonbiako kafeaz lagunduta, Korean egindako sega potoari adi. Eta, honela, soka nahi adina luza daiteke: gure adikzioa unibertsala da, infinitua.

Kontsumoaren droga-azokan, dena den, hierarkiak ere badaude. 80etan heroinarekin bezala, gaur egun batzuek substantzia garbi eta aratza zainetaratzen dugu, eta nahi adina daukagu eskura, eta beste askok, berriz, batek daki zer zerrikeriarekin mindutako substantziaz bizi behar du. Orain, gainera, festara iritsi diren azkenei, guk urtetan lasai egin duguna egin dezaten debekatu nahi diegu, guztion hobe beharrez. Humanista ekolo bilakatutako kolonialista sarraskijaleok.

Arazoa larrialdi aspaldi bihurtuta, bereziki berotzeari dagokionez, munduko hagintariak biltzen dira tartean behin, eta kezka azaltzen dute, kezka handia. Hori bai, zientzialariek eta eremu horretan diharduten ekintzaileek gomendatu eta are exijitzen dietenari zuritasun orbangabe batekin muzin eginez. Baietz, neurriak hartu behar direla, hartuko direla eta larriaren larriaz ohartuta daudela aldarrikatuz ixten dituzte goi bilerak. Eta bakoitzak bere abioi pribatua hartuta etxera itzultzen dira kutsa-lasai, (poetak barkatuko ahal dit) hegazkinaren hegala altxatuz.

Azkenekoa mundiala izan da, eta ez bakarrik mundu mailakoa zelako.

Erregai fosilak abandonatu behar ditugula agerikoa denean, COP28 deitutako goi bilera dealer handienaren etxean egin da, Arabiar Emirerrietan! Mafia amaitzeko batzarra Al Capone mahaiburu dela egitea bezala da. Abstinentzia sindromea nola gainditu eta geroko bizitza nola antolatu erabaki beharrean, jakina, erabaki da konturatzea erregai fosilena larria dela, oso larria, baina ezin dela oraindik kendu. Bikaina xekearen xakea. Eta beraz puska batean segituko dugu gure zainak elikatzeko planeta zulatzen, eta tira, gero hurrengo goi bilera batean ikusiko dugu. Ea COP30ean lortzen den. Edo 32an. Olentzerok denbora nahikoa badauka lanbidea aldatzeko, zakua betetzeko ikatza beharrean hidrogeno kapsulak prestatzen joateko.

Energia ez dela sortzen, ezta deuseztatzen ere, transformatu egiten dela, ikasi genuen. Ez dakit fisika teorikoan hala den, praktikan energia batez ere produzitu eta saldu (eta beraz, erosi) egiten da. Garesti.

Erregai fosilen hil-kanta oraindik entseatzen hasi gabe, urte hasiera honetan jarraitu dugu gai ez fosilak ere, biziak, erretzen. Gazan eta, esan nahi dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.