Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Zezen beltza zazpi txahalez erdiko

2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Frustratuen erresuman erregina naizen sentsazioa ukaiten dut behin baino gehiagotan. Ezintasunean preso nagoela, eta ezintasun horretara egokitzeko dudan gaitasunak ikararazten nau maiz. Ez dakit zapping-aren komunikazioari leporatu behar zaion edo sinpleki gutxituen munduan hazi izanari. Ez dakit frustratzeko arrazoiak mundu zabaleko edozein txokotan gertatu izugarrikerien berri etengabe dakigulako sortzen ditudan, informazio hori guztia bata bestearen ondotik derrotean edaten dudalako, gogaitu arte, gogoaren kutsaduraren antzeko betekada lortzeraino. Edo bestela, edo ere, gutxitu izatearen konplexuarengatik ote den; zor zaiguna, merezi duguna, gehiengoan bizi den beste edonorentzat oinarrizko eskubideen izenean berez doan erdiespena ukatzen zaigulako pilatzen ote dut nik hainbeste frustrazio?

Kontua da zikloka heldu zaidala horrelako hodei iluna gainera, eta zaila gertatzen zaidala bertatik argiunea sumatzea.

Egoera baikor ikusten jakinbehar omen da. Saiatzen naiz, bada, baina etorkizunera baikorki begiratzea ez da aise... Edo gertakariez urruntzen naiz, neure inguru txikiko burbuilan sartzen, arrautza oskolean babesten, baina jarrera atzeragarri horretan atzeman nahi dudan atsedenalditxoa ez da luzea, haurtzaroan begiak tinko-tinko ixtearekin ikusezin bihurtuko nintzela sinesteak ematen zidana bezain laburra baizik.

Horrelakoetan bakoitzak bere irtenbidea: mozkortu, musika entzun, irakurri, lasterka atera, uretan sartu... nik neure sendagaia badut. Rendez-vous en terre inconnue frantziar telebistako emankizuna nahieran begiratzen dut, etaMongolian grabaturiko emanaldia dut hautatzen.

Iamzuren gamelu hazlea da, Mongoliako Altai mendikatean bizi da bere familiarekin jurta batean. Kanpamentuan dozena bat lagun bizi da. Xumeki bizi dira, noski, nomadak, beren bizimoduari eusten diote kosta ahala kosta, eta beren baloreen alde eguneroko borroka daramate ibilkariek, duintasunez, goizetik arrats naturarekin harreman hertsia landuz, nekez eta zoriontsu.

Oyuntuya Iamzurenen emaztea da, eta erreportajean agertzen den aldiro, urtebeteko alabatxoa altzoan duela ikusten da, haurrak eskatu orduko besoetan hartzen baitu amak, eta titia ematen dio. Oyuntuyak ez du bere buruaz mintzatzeko aukera handirik ukaiten normalean, eta, emankizunaren karietara bere jurtan hartu dituen arrotzekin konfiantza sortu ahala, bere barneko berri ematen hasten da. Eta hara non kontatzen duen altzoan duen alabatxoa adoptatu dutela senarrak eta biek haurrak aste batzuk zituela, ama biologikoak, gazte-gaztea izaki,amategian utzi baitzuen, adopziorako baimena emanik.

Oyuntuyak haurra ikusi orduko, harreman berezia sentitu omen zuen alabarekiko, lehendabiziko begiradan berea izanen zela argi ikusi omen zuen. Niniak haatik ez zuen biberoirik onartzen. Saiatu ziren behi esnearekin, behor zein gamelu esnearekin; alferrik, baina.

«Orduan, titia eman nion», azaltzen du Oyuntuyak. «Eta egun batzuen ondoren, uraren antzeko zerbait atera zitzaidan, eta segitu nuen. Haurra titian neukan egun osoan, tiraka, eta banekien lortuko nuela. Horrela da, dio sinpleki. Sinetsi nuen, eta miraria gertatu da».

Azken hau senarrari begira erraten du, eta begiak biei bustitzen zaizkie. «Gure sekretua da», gehitzen du gizonak.

Harrigarria. Esne jariatzea beti lotu izan diot nik haurdunaldiarekin, baina badirudi ez dela betibaitezpadako baldintza. Sinesmena, nahikeria eta ahalegina, hori dateke ezina egiakor bihurtzeko errezeta.

Oyuntuyaren eredua lagungarri gertatu ohi zait zinismoa eta bidegabekeria nagusi diren garaietan, Oyuntuya anitz ikusten baitut zorionez Altsasukoen alde, Xistor, Lorentxa, Kataluniako Jordiak eta estatuen mendekua jasaten ari diren guztien alde; titia ematen segitzen duenik baitago, sinetsi eta ekiten duenik badago. Mongolian Oyuntuya antzuak esne aberatsa eman badu, zergatik ez da gurean zezen beltza zazpi txahalez erdiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.