Garazi Kamio Anduaga.

Zortea, edo

2024ko otsailaren 6a
05:00
Entzun

Ostiral batez egin zion elkarrizketa kazetariak. Bere azken liburuari buruzko galderak bota zizkion eta elkarrizketa ondo joan zen, lasai eta aldarte onean. Telefonoa eskegi zuenean, ordea, kazetariak egindako galdera bat pentsamenduaren erdian geratu zitzaion. Galderak hamster itxura hartu zuen eta noski, bere kaiolako gurpilean, hankatxoak abiadura bizian mugituz, bueltaka hasi zen. Hala zioen galderak: «Duela gutxi esan zenuen bost liburu idatzi dituzula eta oraindik ez dakizula zure burua idazletzat ote duzun. Horretan jarraitzen al duzu?».

Galdera buruaren erdigunean zuenez, elkarrizketatuak sofa izugarri bat irudikatu zuen bere buruan eta gonbidatuei deika hasi zen. Beti bezala, etorri ziren lehenengoak Pauline eta Suzanne izan ziren, sekula ezagutu ez dituen aspaldiko bere bi lagun. Eroso egoten dira bi emakumeak elkarrizketatuaren buruan, ondo ezagutzen baitute nola dabilen hamsterra jira eta bira. Bi emakumeen ondoan eserarazi zuen bere kabuz memoriaren tiraderatik ateratako Izaro Andresen iceberga eta izotz puska erraldoiak ekarri diona. Memoriaren gotorlekutik ekarri zuen baita ere aspaldi Olatz Salvadorri behin Paulinek eta Suzannek sortu zuten izena irakurri ziola eta Zu? Nola bada! etorri zitzaiola burura, sinetsi ezinda. Ostirala zenez eta nekea ere eserlekuan eseri zenez, azken orduan oroitu zuen Jasone Osororen Arrakasta lana ere.

Ez zuen nahita egin, baina bere burura gonbidatu zituen oroitzapen eta emozioak emakumeek sortutakoak izan ziren. Pauline eta Suzanne aspaldiko lagunak zituenez, euren oroitzapena izan zen azaleratzen lehena: Pauline Clance eta Suzanne Imes psikologo klinikoak dira, esan bezala, elkarrizketatuak sekula ezagutu ez dituenak baina erabat konfiantzazkoak direnak, urte askotan ustekabean eta nahi izan dutenean azaldu baitira burura, euren izenik ere esan gabe. Clancek eta Imesek iruzurtiaren sindromea eman zioten opari gizarteari. Emakumezkoak dira protagonista nagusi eta noizbait lortutakoa zortearen menturaz, kasualitatez edo beste norbaiten borondatez egin dutela uste dute maiz. Maskara baten antzean irudikatu zituzten bi psikologoek emakumeen bizipenak: kanpora begira gezurretan ari dira eta barruan dago kaskarra izatearen beldurra eta gezurtiaren papera.

Elkarrizketatuak zortea izan du lagun azken urte hauetan: sariren bat edo beste irabazi du a) ez delako beste inor aurkeztu edo b) lan guztiak txarrak zirelako eta berea hautatu dutelako saria eman gabe ez uzteagatik. Liburu bat idaztea ere enkargatu zioten behin itxialdi hura hasi berritan a) argitaletxean zuten egileen zerrenda luze batek ezetz esan eta azkena bera zelako edo b) errukia ziotelako. Euskaraz idazten den egunkari bakarrean kolaboratzeko ere deitu zioten eta noski, beste inor ez zegoelako esan zioten berari, kontaktuz betetako koadernoaren azken orriaren azken izena baitzen berea eta aurreko guztiak boligrafoz ezabatuta baitzeuden. Une positiboa probestuta, elkarrizketatuak bere izaera indartu zuen pentsatuz idazle, kazetari eta irakasle batera ezin dela izan, nahiz eta ikasketak eduki; bat edo beste aukeratu behar dela, ezin duela orkestra-emakumea izan notak pentagrama batean jartzen ez dakienak.

Hala ere, elkarrizketatuaren buru erdiko azken gonbidatua, nonbait existitzen ez den maskararen xingolak askatzen laguntzen dion emakumea da. Parez pare esertzen zaio noizean behin eta begietara begira, buru barneko leihoa nola ireki esaten dio, hamsterra paseatzera lasai atera dezan.

Uste dut aste honetako zutabea erabat literarioa atera zaidala eta, korapilatzen jarraitzen baino, agian elkarrizketatua hasi da nola askatu asmatzen. Eta bai, idazlea ere banaiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.