Euskal Herrian bizi dugun egoera katramilatsu honetan, justizia, bakea, berdintasuna, eta indarkeria bera, -beste -tasun edota -keriaren artean- ez ditugu halabeharrez guztiok berdin bizi ezta ikusten ere, mendeetan Herriarekiko eta herritarrenganako bizipenak eta jarrerak guztiz desberdinak izan baitira; are gehiago, kontrajarriak.
Horregatik ez da harrigarria, niretzat behintzat, edonolako erasotzailea gorrotatzea. Izan ere, hau maitatu eta errespetatzea ez zait burutik pasatu ere egiten. Are gutxiago, noski, amaren orubea edo aitaren etxea birrindu nahi duenari amore ematea, jakinik, gainera, horrekin dagozkidan eskubide guztiak zapuzten direla.
Ezin dut ahaztu, ikuspegi eta sentipen desberdin hauek ipini gaituztela aurrez aurre lubaki banatan lurra defendatzeko garaian, etxea eraikitzeko unean, giza eta herri eskubideak garatzerakoan, alegia.
Hori garbi utzi ondoren, gaurko gogoetak zuen aurrera ekartzeak badu zerikusi zuzena duela 40 urte Euskal Herriko gazteriaren multzo batek jasan izandako zigorrarekin Gerra Kontseilu baten bidez. 1970eko abenduaren 3an, ETAko 16 militante Burgosko auzia edo prozesua deituriko aulkian eseraraziak izan ginen tribunal militar baten aurrean.
Tribunal haren helburua, Euskal Herriaren aldeko askatasun bidea apurtuz Euskal Herria bera izateko borondatea birrindua geratzea zen.
Franco bizirik zegoen, eta nork agintzen zuen garbi utzi nahi izan zuen: militarrak, oligarkia eta eliza, bera horien guztien buru zelarik.
Bederatzi heriotza-zigorrak eta ehunka kartzela urteak ez ziren gazteak isilarazteko, ezta ETA zigortzeko soilik, Euskal Herriari sekulako eskarmentua emateko baizik, Independentzia eta Sozialismoa defendatzen zuten herritarrei, abertzale eta ezkertiarrei batik bat.
Eta harrotasun handiz diot, Francok indarra eta indarkeria galanta erabili arren eta laguntza ugari jaso arren, ezin izan zuela bere helburua bete, eskerrak bai Europako eta munduko herri askoren elkartasunari, bai Gerra Kontseiluan inputatutako etakideei, baina, guztien gainetik, eta batez ere, Euskal Herriko gazteriaren, eta jende ororen, gizon eta emakume, zahar eta gazteren borroka zintzo, tinko eta zuzenari esker salbatu ziren heriotza-zigorrera kondenatuak. Izan ere, Euskal herritarrek bakoitza bere lantokitik, bere «lubakitik» eta denek kalean bat eginik, gorputz bat bezala erantzun zuten bere erraietan eta erroetan kolpatuak sentitu zirenean.
Hemendik, nire eskerrik beroenak Jokin Gorostidiren -bi heriotza-zigorrera kondenatua- eta bion izenean. Ordutik aurrera, aukera izan genuen besoz beso Ezker Abertzaleko hainbat kiderekin batera Euskal Herriaren aldeko borrokan jarraitzeko.
Izan ere, Franco hil ondorengo sasi-amnistiarekin, 1977an emana, independentistok eta ezkertiarrok ez genuen beste paradarik borrokan jarraitzea baino, Francoren Erreformak irentsiak eta asimilatuak nahi izan ez bagenuen, eta geurekin Euskal Herriaren aldeko Independentzia eta Sozialismoaren borroka.
Garbi dago ez digutela barkatzen etsaiek, noski, ezta bidean buelta eman eta aurka jarri direnek, edota jakaz noiznahi aldatzen joaten diren horiek ere bide zail eta eder hori aukeratu izana, zeren Abertzalearen ibilbideak zerbait garbi utzi badu, nire aburuz, hauxe da: borroka da tresna egokiena herri eskubideak zein norbanakoenak defendatu eta lortzeko.
Herri borroka Askatasun bidean ezinbesteko tresnatzat jotzen badut, elkartasuna borroka horren muina dela ere esan nahi dut. Bata bestearekin lotuak baitoaz bidea eginaz.
Burgosko Gerra Kontseiluan ginen gazte abertzaleokin euskal herritar gehienak bat egin zuen, eta auzipetuok zein herritar gehiengoak gorputz bat bezala erantzun genion erasoaldi bortitz hari. Eta horri esker batez ere, irabazi genuen.
Herriaren protesta ugari eta manifestaldien aurrean, Estatuaren erantzuna latza eta zitala izan zen. Horietako manifestaldi baten, Guardia Zibilak tiroz zauritutakoen artean gazte bat erail zigun abenduaren 8an: Roberto Perez Jauregi, eibartarra.
Hona arteko kontakizuna eta gogoetaren bidez, garbi utzi nahi dut hauxe: duela 40 urteko gazteen helburua eta gaurkoena berbera da, Euskal Herriaren independentzia lortzea eta sozialismoa eraikitzea, alegia.
Helburu horien alde, gaur, XXI. mendearen hasieran oraindik ere, guztiok dugu geure tokia lan egiteko, gazteak eta hain gazteak ez garenok ere, itxaropenaren mendean baikaude. Beraz, gure esku dago Euskal Herria mundu zabalean herri bezala onartua izatea mende honetan, baita beste herri askeekin batera Europa berri bat eraikitzea ere.
Ezker Abertzalearen orain arteko bidea ezinbesteko izan bada hona heltzeko, irabazteko bidea ere badela diot, zeren ez dut zalantza izpirik gure helburuak lortuko ditugunik; gainera, Herriarengan sinesten dugunok behartuak gaude bideari ekitea. Jakinik, bestalde, honela bakarrik omendu ditzakegula Askatasunaren alde bizia eman duten gudari guztiak, hau da, merezi duten garaipena eskainiz.
1970-2010 abenduaren 3a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu